Dokumentuaren akzioak
Oinarrizko dantza ikasketen curriculuma argitaratu da
Pasa den abuztuaren 30eko dekretua da "dantzako oinarrizko irakaskuntzen curriculuma eta irakaskuntza horietarako sarbidea ezartzen dituena" eta 2013ko urriaren 11n argitaratu den. Dekretuaren sarreran zein eduki dituen deskribatu eta dantza tradizionalari emandako tarte bereziaren berri ematen du: "Dekretu honek EAEko dantzako oinarrizko irakaskuntzen helburu orokorrak, curriculuma, irakaskuntza horietara sartzeko irizpideak eta ebaluatzeko, maila gainditzeko eta bertan jarraitzeko irizpideak jasotzen ditu. Gainera, dantza tradizionalak –gizarte baten bizitzeko moduaren, ohituren eta sinesmenen isla den aldetik– duen garrantzia dela medio, beste irakasgai bat sartu da: Euskal dantza tradizionala."
Dekretuak funtsean dantzako oinarrizko irakaskuntzen curriculuma, ikasketa horietara sartzeko irizpideak eta ebaluatzeko, maila gainditzeko eta bertan jarraitzeko irizpideak jasotzen ditu. Dantza ikasketen oinarrizko gradua eskaintzeko baimen duten EAEko ikastegietan eta kontserbatorioetan aplikatu beharreko dekretua da. Lau maila dituzten ikasketak dira, eta dantzako ikasketa profesionaletara igarotzeko oinarrizko prestaketa, orientazio, heziketa eta prestakuntza jasotzen da bertan.
Hiru ikasgai dituzte ikasleen dantzako oinarrizko ikasketetan: dantza akademikoa, musika eta euskal dantza tradizionala. Hona hemen ikasgai bakoitzean landu beharko diren gaitasunak:
Irakasgaia: Dantza akademikoa
A) Helburuak
- Honako gaitasun hauek garatzen laguntzea: Gorputz guztiaren luzapena eta euste kontrolatua; Aldaketako eta gorputzeko beste puntu batzuetako artikulazioen elastikotasun kontrolatua; Bizkarraren kontrola –lehenik– eta malgutasuna –ondoren–, oinarrizko elementu ardatza den aldetik; Erresistentzien, gorputzaren muskulazioaren eta beheko gorputzadarren garapen kontrolatua; Pelbisaren kontrola; «En dehors» (kanporantz) izen teknikoa duen jarreraren garapena, baletaren gorputz-hiztegiaren abiapuntu den aldetik; Oinaren indarra, luzapena eta euskarri dinamikoko puntu izateko gaitasuna garatzea; igarotzeko, pausatzeko eta atseden hartzeko elementu gisa erabiltzea; Elastikotasun eta luzapenari dagokionez, «plié» delakoa gehiago menperatzea, orekaren eta malgutasunaren errendimendu egokia lortzeko ona baita; Mugimendu guztien barruko eta erritmozko koordinazioa menperatzea (burua, besoak eta hankak); Norberaren gorputz-oreka aurkitzea; Ariketetan espazioaren erabilera dinamikoa garatzea, desplazamenduen erabilpen progresiboaren bidez, eta gorputz-atalen koordinazioa bultzatuz; Arnasketa egokia ikastea, bai denboran, bai ariketaren berariazko dinamikan, errendimendurik handiena lortzeko;
- Mugimenduaren kalitatea eta interpretazio adierazkorrak lortzea, gorputz-sentsibilitatea aplikatuz.
- Oinarri tekniko sendoak lortzea gorputza behar bezala ezarrita.
- Hanken, gorputz-enborraren eta besoen mugimenduak koordinatzea, eta zurruntasuna ekiditea.
- Barrako eta erdiko ariketak modu egokian egitea.
- Jauzi egiteko aldietan (aireratzean, finkatzean eta lurreratzean) eta bateriaren hastapenean beharrezkoa den indarra eta elastikotasuna lortzea.
- Orekaren zentzua lantzea, biraren teknikaren prestakuntza gisa.
- Espazioa modu egokian erabiltzea balioestea.
- Dantzan arnasketak duen garrantziaz ohartzea.
- Dantza osatzen duten mugimendu guztiak zentzu erritmikoz eta musikaltasunez gauzatzea.
- Dantza akademikoaren mintzairari dagokion terminologia ezagutzea, eta pausuak, pausuen konbinaketak edo dantzak deskribatzen jakitea.
- Pausuak, ariketak edo horien multzoa lehen begiratuan eta buruz ezagutzea.
B) Edukiak:
- Gorputza ezagutzea eta egoki jartzen jakitea.
- «En dehors», oreka, elastikotasuna, indarra, jauzia eta bira garatzeko mugimenduak egitea.
- Lurreko, barrako eta erdiko ariketak.
- Pausuen erritmozko egiturez ohartzea, eta haiek identifikatzea eta barneratzea.
- Dantza egiterakoan (bakarrik zein taldean) doitasunak duen garrantziaz ohartzea.
- Sormena garatzeko, inprobisazioa erabiltzea.
- Kalitatearen oinarrizko elementuak mugimenduan: dinamika, «tenpoa», eginahala,... Horien aplikazioa.
- Adierazkortasuna, interpretazioaren nahitaezko elementu gisa.
- Memoriaren garapen progresiboa.
- Koordinazioa eta berorrek mugimenduan duen funtzioa, adierazpen-asmoarekiko.
- Ikasleak puntetako oinarrizko ariketak egiten hastea.
- Maila honetako hiztegi espezifikoa ezagutzea.
Irakasgaia: Euskal Dantza Tradizionala
A) Helburuak
- Euskal dantza tradizionalaren oinarrizko erritmoen funtsezko pausuak ezagutzea.
- Euskal dantza tradizionalaren oinarrizko erritmoen koreografia sinpleak interpretatzea.
- Dantza koralak interpretatzea, dantza tradizionalak duen gizarte-harreman balioa azpimarratuz.
- Programan sartutako tradizioak ezagutzea.
- Dantzen ingurune soziokulturala aztertzea, dantza horiek dantzatzen diren –edo dantzatzen ziren– gizartearen isla dela ikusi nahian.
B) Edukiak
- Funtsezko hiru pausuen ikaskuntza: «puntapiyue», «harahonakoa» eta «koplea». Helburua: hiru pausu horiek tartekatuz, erritmo bitarreko dantza eraikitzea: Porrue.
- Funtsezko hiru pausuen ikaskuntza: «puntapiyue», «harahonakoa» eta «koplea». Helburua: hiru pausu horiek tartekatuz erritmo hirutarreko dantza eraikitzea: Jota.
- Gipuzkoako Brokel Dantzaren pausuak ikastea (5/8): «Sentziloa», «Lau arin», «Lasterka», eta «Dei nagusia». Pausu horiekin «Buruzagi zortzikoa» eta «Boastitzea» interpretatzea.
- «Ezpatadantza»-ren pausuak ikastea (6/8 – ¾): jauzia edo txingo», «bira», «ostikoa» eta «artazia», «punteaketa» eta «grabiletea». Pausu horiekin Durangaldeko Dantzari Dantzaren bi dantza interpretatzea: «Banangoa» eta «Zortzinangoa».
- «Jauziak» delakoaren pausurik sinpleenak ezagutzea, hots, metrika doituko pausuak: «Erdizka», «Zote edo Jauzi», «Dobla», «Ezker», «Eskuin», «Erdizka lauetan», «Pika» eta «Ebats». Pausu horiekin guztiekin bi «jauzi» eraikitzea: «Zazpi Jauzi eta Hegi».
- Baztango Irri Dantzen Zikloan sartutako joku-dantzak berreskuratzea eta dantza horietaz gozatzea.
C) Ebaluazio-irizpideak
- Proposatutako erritmo bakoitzerako ikasitako oinarrizko pausuak ezagutzea eta bereiztea. Ebaluazio-irizpide horren bidez, ikasleak pausuen izena eta interpretazioa ikasi duela kontuan hartuko da.
- Proposatutako koreografiak egitea, ikasitako pausuak sartuz. Irizpide horren bidez, ikasleak taldeko dantzak egiteko gai izatea lortu nahi da.
- Dantza bakoitzaren ingurune soziala ezagutzea, alderdi hauei dagokienez: erabilera, erabilera, jantziak, inguru koreografikoa eta testuinguru etnografikoa. Irizpide horrekin egiaztatu nahi da ikaslea dantza bakoitzaren ingurune soziokulturalaz jabetu den ala ez.
Irakasgaia: Musika
A) Helburuak. Dantzako oinarrizko irakaskuntzetan musika irakastearen helburua da ikasleengan honako gaitasun hauek garatzen laguntzea:
- Taldekideekin musika-esperientziak bizitzea, musikarekin duten harreman afektiboa aberasteko, kantuaren, mugimenduaren, entzute aktiboaren eta perkusio txikiko instrumentuen bidez.
- Erritmoa ongi ulertzeko eta interpretatzeko behar den mugimendu-koordinazioa erakustea, dagozkion elkarketa- eta bereizketa-trebetasunak erabiliz.
- «Barne belarria» erabiltzea, entzutea bere adierazpen grafikoarekin erlazionatzeko, eta tinbreak, egitura formalak, oharpen dinamikoak, adierazkorrak, denborazkoak,... ezagutzeko.
- Musikaren parametroak hobeto ulertzen lagunduko duten erritmoak, melodiak eta kantak buruz interpretatzea.
- Soinuaren ezaugarriak (iraupena, altuera, intentsitatea eta tinbrea) mugimendu bidez adierazteko dituzten aukerekin erlazionatzea.
- Formula erritmikoak, melodikoak eta iraupen txikiko zatiak edo melodiak irakurtzea eta idaztea.
B) Edukiak:
- Pultsuaren pertzepzioa, identifikazioa eta barneratzea.
- Azentuaren pertzepzioa eta identifikazioa.
- Oinarrizko formula erritmikoak: irakurketa eta idazketa.
- Erritmo-aldiberekotasuna.
- Elementu erritmikoak gorputz-mugimenduarekin erlazionatzea.
- Gorputza perkusio-tresna gisa erabiltzea: soinu-keinuak eta ahots-baliabideak.
- Ahots-sentsibilizazioa: arnasketa, artikulazioa, erresonantzia eta intonazioa.
- Tarte melodikoen intonazioa eta horien bereiztea (konjuntuak eta disjuntuak, goranzkoak eta beheranzkoak).
- Eskala bateko soinuen bereizketa eta intonazioa.
- Melodia-zatien edo kanta sinpleen irakurketa eta intonazioa.
- Ahots edo musika-tresnen bidezko inprobisazioa, mugimendu-mota desberdinak laguntzeko.
- Elementu formalen pertzepzioa eta bereizketa (errepikapena; galdera-erantzuna,...).
C) Ebaluazio-irizpideak:
- Obra edo zati bat entzumenez bereiztea eta bere pultsoa eta azentua eramateko gai izatea. Ebaluazio-irizpide horren bidez, pultsuaren pertzepzioa jaso nahi da, joaldi erritmikorako oinarrizko erreferentzia den aldetik, eta egiaztatu nahi da azentu periodikoaren pertzepzio zuzena, konpasaren oinarria baita. Konpasa bitarra, hirutarra ala lautarra den bereizi behar da, baita pultsu bakoitza bitarra ala hirutarra den ere.
- Egitura melodiko eta erritmiko laburrak imitatzea ahotsarekin eta perkusioarekin. Ebaluazio-irizpide horren bidez, zera egiaztatu nahi da: oroimen-maila eta jasotako mezua fideltasunez erreproduzitzeko gaitasuna, bai soinuari dagokionez, bai mugimenduari dagokionez.
- Isilaldi laburretan pultsuari eustea. Horren helburua da pultsua egoki barneratzea, bakarka zein taldean aritzeko moduan.
- Entzundako obra edo zati baten alderdi erritmikoen araberako mugimendu zehatzak egitea. Irizpide horrekin lortu nahi da ikaslearen gorputz-koordinazioa egiaztatzea, haren mugimendua pultsu erritmiko zehatzetara egokituz.
- Obra edo zati baten egitura erritmikoak jotzea, perkusioz, musika-tresnez edo ahotsez. Ebaluazio-irizpide horrekin hauxe egiaztatu nahi da: maila horri dagokion zenbait formula erritmiko doitasun osoz eta ezarritako tenpoan kateatzeko gaitasuna.
- Tonu-melodia laburrak inprobisatzea. Irizpide horren bidez, hau egiaztatu nahi da: ikasleak nola bereganatu dituen oinarrizko tonu-kontzeptuak, elementuak modu askean erabiliz.
- Tarte batean eta intonazioa egiaztatu gabe, musika testu bat bere baitan irakurtzea eta buruz erreproduzitzea. Irizpide horrekin, ikasleak partiturari begiratzetik abiatuz, melodiazko eta erritmozko soinu-irudiak imajinatu, erreproduzitu eta buruz ikasteko daukan gaitasuna ebaluatu nahi da.
- Melodia-eredu sinpleak edo eskalak erreproduzitzea, altuera desberdinetatik abiatuta. Ikasleak, edozein soinutatik abiatuta eta ereduaren bitarteei egoki eutsita, melodia bat erreproduzitzeko duen trebetasuna egiaztatu nahi da.
- Melodia edo tonu-kanta bat intonatzea akonpainamenduarekin. Irizpide horren bidez, hau egiaztatu nahi da: ikasleak bere intonazio-teknikak eta afinazio zehatza tonu-zati batera aplikatzeko duen gaitasuna, partituran dauden adierazpen-oharpenez baliatuz. Instrumentu bidezko akonpainamenduak ez du melodia erreproduzituko.
- Ohiko musika-prozeduren bidez (testurak, atmosferak, efektuak,...), inprobisazio txikiak egitea, betiere proiektu batetik abiatuta (zeinari joaldia egokitu egin beharko baitzaio, ahal den neurrian). Ikasleak aurretik egindako musika-ideia bat gauzatzeko duen kontrol kontzientearen maila egiaztatzea da ebaluazio-irizpide horren helburua.
- Entzute baten ostean, entzundako edo interpretatutako obraren ezaugarriak deskribatzea. Ebaluazio-irizpide horren bidez egiaztatu nahi da ikasleak duen gaitasuna honako alderdi hauetaz ohartzeko: alderdi erritmikoak, melodikoak, kadentziazkoak, formalak, tinbreari dagozkionak,...; aurretik hauta daitezke ikasleak bereizi beharreko alderdiak, edo, bestela, utz dakioke modu askean nabarmenenak iruditzen zaizkionak bereizten.
- Egitura erritmikoak inprobisatzea, ikasitako zati baten gainean. Ebaluazio-irizpide horren bidez, ikaslearen sormen-gaitasuna piztu nahi da; horretarako, formula erritmiko ezagunak edo ezezagunak modu askean erabiltzen dira, entzundako zatiaren pultsu eta konpasarekin egokituz.
- Entzundako zati erritmiko eta melodiko laburrak idatziz erreproduzitzea. Irizpide horren bidez, ikasleak alderdi erritmiko eta melodiko ezagunak bereizteko eta erreproduzitzeko duen gaitasuna ebaluatzen da.
Dokumentuaren akzioak