Dokumentuaren akzioak
Nina Ananiashvili: "Laurencia ballet paregabea da, Vakhtang Chabukiani izarraren maisulana"
Nina Ananiashviliren zuzendaritzapean Georgiako Estatu balletak Laurencia ikuskizuna aurkeztuko du abenduaren 15ean Donostian, 19:00etan Kursaalean. Lope de Vega poeta eta antzerkigile madrildarraren Fuenteovejuna (1619) lanean oinarritutako Laurencia (1939) San Petersburgoko Mariinsky antzokian estreinatu zen, Natalia Dudinskaya eta Vakhtang Chabukiani (obraren koreografoa) zirela protagonistak. Oraingoan Nino Samadashvilik egingo du Laurenciaren papera. Euskaraz eta georgieraz agurtu gintuen duela hilabete bideo honetan:
"Laurencia ballet paregabea da, Vakhtang Chabukiani izarraren maisulana. Sobiet garaian ballet oso ospetsua izan zen, Bolshoi eta Kirov bezalako konpainiek dantzatu zuten. Oso ballet ederra da, oinarri klasiko handiarekin eta karaktere dantza ugarirekin", azaldu du Nina Ananiashvili zuzendari artistikoak. Koreodrama generoan kokatzen da lana, Laurencia balleta lehenengotakoa izan zen balleta eta dantza folklorikoak nahasten zituen lengoaia berria aurkezten, ballet klasiko berrietan karaktere dantzen desagerpenaz kezkatuta.
Zailtasunak zailtasun, Georgiako estatu balletaren azken hamabost urteen balorazio positiboa egin du Ananiashvilirek, "Detailerik txikiena ere kontuan hartu behar da: zer daukazun, ze dantzari behar dituzun, ze behar duzun zure konpainia bereiz bihurtzeko... Izan ere, egun, konpainia guztien errepertorioak ia berdinak dira". Gustura dago oso, konpainia bera sartu zenean baino gazteagoa delako gaur egun eta orain duela hamar urte pentsaezinak ziren obrak dantzatzeko gai direlako.
Nina Ananiashvilik Donostiako emanaldira gonbidatu ditu ikusleak, "Obra definitzea oso zaila egiten zait, beraz, onena etorri eta lehen pertsonan ikustea da".
Nina Ananiashvili
Tbilisin (Georgia) jaio zen. Lau urterekin izotz gaineko patinajea egiten hasi zen eta sei urterekin balleta. Tamara Vykhodtseva izan zuen lehen irakaslea eta Moskuko Instituto Koreografikoan formakuntza amaitu ondoren Bolshoi Balletak kontratatu zuen 1981ean, 1985ean lehen dantzari izendatu zuten.
New York City Balletera eta Danimarkako Erret Balletera gonbidatutako lehenengo dantzari sobietikoa izan zen. American Ballet Theatreko lehen dantzaria izan zen eta 1990an Houston Balletera sartu zen, lehen dantzari moduan hor ere. 2004ko irailetik Georgiako estatu balleteko zuzendaria da, orduan Georgiako lehendakari zen Mikheil Saakashvilik hala eskatuta.
Fuenteovejuna-Laurencia Donostian
- Konpainia: Georgiako Estatu Balleta
- Zuzendaria: Nina Ananiashvili
- Koreografia: Nina Ananiashvili, Vakhtang Chabukianiren originalaren gainean
- Musika: Alexander Krein
- Antolatzailea: Global Showtimes Services, SRL
- Lekua: Kursaal
- Ordua: abenduak 15, 19:00etan
- Sarrerak: Kursaaleko webgunean
Dokumentuaren akzioak