Dokumentuaren akzioak
Neskek dantzatu dute Legazpiko ezpata-dantza Santikutz egunean
Sustraiak dantza taldeak 35 urte daramatza maiatzaren 3an, Santikutz egunez, Legazpiko ezpata-dantza dantzatzen. Orain arte, mutilek dantzatu izan duten dantza horrek, ordea, aurten lehen aldiz nesken erabateko protagonismoa izan du, taldeko hamabost neska izan baitira aurten ezpata-dantza hori, egun handian, plazaratzeaz arduratu direnak.
Azken unerarte gordeta izan du sekretua Sustraiak taldeak, eta harridura eta ikusmina eragin du Legazpiko plazan. Sustraiak taldeko kideek gogorarazi dutenez ez da lehen aldia emakumeek parte hartzen dutena ezpata-dantzan, zenbait urtetan mutil eta neskez osatutako taldeak aritu izan baitziren. Aurtengoa, baina, lehen aldia izan da dantzari guztiak emakumeak izan direna.
Legazpiko ezpata-dantza, 1954-05-03, Legazpi dantzan, atzo eta gaur liburuskatik.
Kapela-dantza
Sustraiak taldeko Jon Dorronsorok esan digunez, bestalde, bada Santikutz festei lotutako beste berrikuntza bat, baina, oraingoan datei dagokionez. Lehengo urterarte kapela-dantza maiatzaren 4ean dantzatu izan da. Orain, ordea, egun hori jadanik ez da jaieguna Legazpin eta azkenaldian kostata lortu dituzte dantzariak. Horregatik, eguna aldatzea erabaki dute eta hemendik aurrera kapela-dantza Mirandaola egunaren bezperan dantzatuko da. Mirandaola egun hori Santikutz egunaren ondorengo igandean ospatzen dela jakinik, aurten, maiatzaren 7an dantzatuko dute dantzariek kapela-dantza.
Mirandaola eguna:
Azkenik, igandean ere izango da Legazpin dantza ikusteko eta dantzarako aukera, maiatzaren 8 honetan ospatzen baita Mirandaola eguna izen bereko parkean. Erromeria, ezpata-dantza, haurren emanaldia... aukerarik ez da faltako dantzaz eta dantzan gozatu nahi duenarentzat. Horra Kulturweben jaso dugun Mirandaola eguneraren egitaraua:
- 09:00etan: Goiz Deia Txistulari taldearen Goiz Deia.
-
10:30etan: Gurutze Deunaren erlikiaren itzulera Mirandaolako elizara txistulari, dantzari eta udalbatzarekin.
-
11:00etan: Meza Nagusia Mirandaolako Ermitan Santikutz Abesbatzaren partaidetzarekin.
-
11:45etan: Olagizonei ongietorria eta ezpata-dantza.
-
12:00etan: Ola martxan jartzea eta jaiaren hasiera: Bertsolariak, antzerkia, dantzari txikiak, trikitilari eta txistulariak, herri bazkaria, Erromeria…
-
18:30etan: Herrira itzultzea txaranga eta Erraldoiekin, Buruhandiak Bikuñan izango dira zain.
Dokumentuaren akzioak