Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Negua argituz soka-dantzan

Dokumentuaren akzioak

Negua argituz soka-dantzan

2022/12/15 07:05
Negua argituz soka-dantzan

Neguko soka-dantzaren errrepika.

Neguko soka-dantza plazaratuko dute Bardozen abenduaren 16an. Olentzeroren etorrerarako soka-dantza prestatu dute Bardozeko Lagunekin, Irisarriko Denentzat, Baionako Dantz’Ari eta Angeluko Angeluarrak dantza taldeek. 19:00 inguruan kantuan hasiko dute jaia eta 19:30ak aldera Olentzero iritsiko da. Ulertzen dute sinbolikoki Olentzerok argia dakarrela, horrela, soka-dantza argiztatua aurkeztuko dute Lapurdiko eta Nafarroa Behereko lau dantza taldeek. Lehenik dantza ikusgarri txiki bat eskainiko dute 7 urtetik gorako haurrek; dantza eskoletan landutako dantzak emango dituzte, eta 20:30ean neguko soka-dantza plazaratuko dute.

Soka-dantza, elkarlanaren erakusle

Soka-dantzan 30 bat dantzarik hartuko dute parte, nerabeek eta haurrek. Urritik ari direla prestaketa lanekin azaldu digu Maitane Eyheramonho dantza irakasleak. Bardozen dantza ikastaroa antolatu zuten lau dantza taldeetako kideekin. "Soka-dantza landu genuen: egitura, urratsak eta sinbologia. Borobilaren gibelean transmititzen dena, eskuz esku aritzea, harremanak… kontzeptu horien inguruan gogoeta egin dugu". Ikastaroaren ondoren segitu dute soka-dantzen sistema ezagutzen eta beraien testuingurura egokitzen. Talde bakoitzak bere kasa egin ditu errepikak eta ondoren topaketa puntualak egin dituzte koreografia eta kohesioa lantzeko.

Hiru parte ditu sortu duten soka-dantzak. Lehena plaza hartzea izango da eta branlearen erritmoa du; Eyheramonhok aurrez idatzia zuen musika baliatuko dute. Bigarrena, ohoratze eta argiak pizteko momentua izango da. Agurraren musika moldatu du eta zortzikoaren zati bat sortu. Gazteek aukeratu dituzte ohoratu nahi dituzten pertsonak: dantzari ohiak, taldeetako lehendakari ohiak, inplikatu den jendea… dantza eskaintzearen ideia azpimarratu nahi dute, "ohoratze momentu hori aprobetxatuko dugu argiak pizteko. Bukaerarako soka-dantza bat arrunt argitua geratuko da". Eta hirugarren zatia alaiena da; biribilketarekin borobila apurtuko da eta ikusleentzat irekiko da plaza. Azken zatirako Olentzeroren abestiaren zatia aukeratu dute, jendeari ezaguna zaiona. Atxikimendu horrekin espero dute jendea dantzara errazago animatuko dela.

Neguko soka-dantza
Neguko soka-dantza, gogoeta saioa.

Gazteen inplikazioaren bila

Urte hasieran proposatu zitzaien gazteei soka-dantzaren ideia. Lau taldetako gazteak bildu dituzte eta Eyheramonhok errepikak eta ideiak gidatzeko ardura hartu du, baina gazteei esan zaie teoriari beraiek eman behar dietela forma. "Helburua izan da haiek iritzia ematea, beste ereduak ikustea, bilatzea zer maite duten, zertan sentitzen diren eroso…" Saioetan musikak eman zaizkie eta zatiak inprobisatzen, asmatzen aritu dira. Ikusi dute zerk funtzionatzen duen, zerk ez. "Nik ideiak eman dizkiet, baina azken erabakia beraiena izan da. Nik loturak egiteaz arduratu naiz eta dantzari gazteenekin dantzatzeko begirada txertatzeaz".

Jantziak asmatzerakoan ere inplikatu dira gazteak. Begiratu dute ea ze janzki izan daitezkeen egokiak eta koloreak ere aukeratu dituzte. Beltza, zuria eta gorria izango dituzte ardatz eta galtzak eta atorra soinean dantzatuko dira. Erabaki dute negurako egokienak direla galtzak eta zenbait urrats egiteko erosoagoak zaizkiela.

Euskarara dantzaren bidez

Lau talde batu dira sokan, baina bakoitzaren egoera linguistikoa ezberdina da. Angelun eta Baionan beti euskaraz aritzen dira dantza klaseetan, dantzariek ikastolan ikasten baitute. Bardozen elebitan ari dira, "eta ez da erraza haiekin beti euskarez egitea, askok ez baitute dena ulertzen". Euskarara gehienbat dantza kantuen bidez hurbiltzen direla azaldu digu Eyheramonhok. Irisarrin ere elebitan egiten dira kurtsoak. Horrela, proiektu honekin euskaraz aritzea bultzatu nahi da, "Bardozen konturatu dira euskara komunikatzeko bidea dela beste dantzarientzat eta biziki naturala zaiela. Haien praktikan euskara kokatzea zentroan garrantzitsua da. Anitzentzat euskara eskolako hizkuntza da, baina handik kanpo ez da beti komunikazio hizkuntza". Pentsatzen dute horrelako proiektuen bidez gazteen hizkuntza ohiturak pixkanaka alda daitezkeela.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.