Dokumentuaren akzioak
Nastja Slavec: "Uste dut dantza oso tresna interesgarria dela euskal kultura ikertzeko eta ulertzeko"
Fisikaria, antropologoa eta dantzaria dugu Nastja Slavec (Trieste, 1992), eta datorren ikasturtean Euskal Herriko zein txokotan kokatuko den erabaki nahian dabil egun hauetan. Euskaldunak itxiak garela abisatu diote, baina guztiz kontrakoa jaso duela dio. Herriz herri eta dantza taldez talde dabil Euskal Herrian zehar. Euskaldunekin erraz enpatizatzen du, bere jaioterrian, hizkuntza eta kultura esloveniarrak italiarrarekiko bizi duen menpekotasun egoeraren parekoa ikusten baitu. Asmoa du gutxiengo komunitateak ikertzekoa dantzaren bidez; ahozko hizkuntza ez izanagatik, informazio asko jaso baitaiteke dantzari esker.
Zer dela eta Esloveniar bat Euskal Herrian?
Ljubljanan (Eslovenia) antropologiako doktoregoa hasi nuen urrian, eta gutxiengo komunitateak eta dantza ikertzea da asmoa. Erabaki dut landa lana Euskal Herrian egitea, eta bi aste hauetan hainbat leku bisitatzen ari naiz ikusteko datorren ikasturtean non kokatuko naizen ikerketa egiteko.
Fisika eta antropologia ikasketak egin dituzu, ezta? Hasiera batean, bi mundu oso ezberdin dirudite.
Bai, halaxe da, eta biak gustatzen zaizkit. Ez zait gustatzen giza zientziak eta natur zientziak bereiztearen ideia, uste dut beharrezkoa dela ikuspegi globalagoa. fisikatik antropologiarako bideak nire esperientzia pertsonalarekin du zerikusia. Esloveniarra naiz, baina Italiakoa. Gutxiengo komunitate batekoa izateak eta gutxiengo hizkuntza bat hitz egiteak bultzatu nau identitateen inguruan pentsatzera, eta antropologiak horretarako aukera ematen dit.
Eta antropologian dantzaren arloari heldu diozu.
Bai, hori ere berria da niretzat. Master amaierako lana Irlandan egin nuen eta Hizkuntzaren Antropologian egin nuen ikerketa, gaeliko hiztunei erreparatu nien; baina nire pasioa dantza denez pentsatu dut biak uztartu ditzakedala: gutxiengo komunitateak eta dantza. Uste dut dantza oso tresna interesgarria dela euskal kultura ikertzeko eta ulertzeko.
Dantzaria zara, beraz?
Umetatik egin dut dantza klasikoa, eta unibertsitatean Esloveniako dantza tradizionalak ikasten hasi nintzen.
Ikusten dugu oso barnetik abiatutako lana dela.
Bai, eta badakit kontuz ibili behar dudala. Antropologian ikertzeko moduetako bat da leku batean bizitzea, jendearekin hitz egitea... oso modu pertsonala da, lanerako erreminta neu naiz. Zuen antzeko esperientzia pertsonala dudanez kontuz ibili behar dut nirea dena ez proiektatzen, baina bestalde, nire esperientziak jendearengana gerturatzeko lagun diezakedala uste dut. Bi hizkuntza jaso ditut umetatik, gutxiengo hizkuntza batean aritzen naiz, badakit zer den identitate ezberdina izatea nagusitasuna duen beste herrialde baten barruan...
Aurretik ezagunak zenituen euskal dantzak?
Bideoetatik ikusi ditut batzuk, baita Dantza pelikularen trailerra ere bai. Erabakitzen ari nintzela non egin ikerketa, Interneteko bilaketetan iruditu zitzaidan hemen askotariko dantzak zeudela.
Non eta norekin ibili zara egun hauetan?
Lehenbiziko egunetan Donostian ibili naiz, Añorgako Arkaitz dantza taldearen entsegura joateko aukera izan nuen lehen gauean, eta EHUra ere joan naiz; izan ere, bertako antropologiako departamentuko beka jaso dut. Errenteriako Dantzagunean egon naiz eta Errenterian bertan Kukai konpainiaren entsegu bat ikusteko aukera izan dut. Iruñean Duguna eta Ortzadar taldekoekin egon naiz, eta Nafarroako Unibertsitate Publikora ere gerturatu naiz. Altsasu bisitatu dut eta bertako dantza taldeko kideak ezagutu ditut, eta Elizondon hainbat baztandarrekin elkartu naiz. Debako eta Elgoibarko dantzariekin ere egon naiz eta, orain, hemen, zuekin Dantzanekoekin.
Zein izan da inpresioa? Taldeen eta eremu geografikoen arteko ezberdintasunik sumatu duzu?
Lehenengo egunak Donostian pasa eta Iruñera joan nintzenean aire ezberdina sumatu nuen, euskara gutxiago entzuten zela, adibidez. Hala ere, pixkanaka ikurrinak agertzen hasi ziren balkoietan, aurkitu nituen euskara entzuten zen tabernak... Iruditu zait Nafarroan, batez ere hiriburuan, zailagoa dela euskal identitateari eustea eta euskarak muga handiagoak dituela.
Datorren ikasturtean landa lana egingo duzu, zeri erreparatzeko asmoa duzu?
Kar, kar, kar! Horixe da erabaki behar dudana etxera itzultzean. Egingo dudanaren plangintza aurkeztu beharra dut irailaren amaierarako, eta orduan zehaztuko dut hobeto. Niri dantza eta identitatea interesatzen zait, baina atentzioa esperientzia subjektiboetan ipini nahiko nuke. Iruditzen zait askotan aritzen garela politikaz edo egoera soziolinguistikoaz, baina niri jendeak kontatzeko duena interesatzen zait. Norberak nola bizi duen, ze emozio sentitzen dituen, ze harreman duen dantzarekin...
Hitzezkoa ez den adierazpena da dantza, baina gauza asko adieraz edo ikus daitezke dantzaren bidez ez?
Identitatea edo ideologia politikoa adierazi daiteke dantzaren bidez; uste dut dantza identitatea eta kontzientzia garatzeko tresna izan daitekeela. Arreta deitu dit hizketan aritu naizen guztiek feminismoaz eta dantzan generoaren auzian hitz egin didatela. Uste dut gai hori ez dagola horren garatua Eslovenian edo Italian.
Beste komunitateren bateko dantzak ere ikertzeko asmoa duzu?
Ez, Euskal Herrikoak bakarrik. Kasu honetan, ikertzeko modua komunitate batean guztiz murgiltzea izango da, eta hemen egitea erabaki dut. Euskara pixka bat ere nahiko nuke ikasi, uste dut garrantzitsua dela.
Euskaraz hitz gutxi batzuk eta gazteleraz, berriz, primeran. Nolatan?
Oviedon (Asturias) ibili nintzen Erasmus programarekin eta han ikasi nuen. Nire lehen hizkuntza esloveniera da, baina bigarrena italiera. Antzekotasun handiak dituzte bi hizkuntzek, eta nahiko erraz ikasi nuen.
Ikusten da gutxiengo egoeran dauden kulturekiko eta dantzarekiko sentsibilitatea duzula.
Urte batzuetan Europako gutxiengo herrietako gazteak biltzen dituen GKE batean ibili naiz. Ikusten dut ez garela elkar ezagutzen eta iruditzen zait egoera antzekoan dauden beste pertsona batzuk ezagutzeak laguntzen dizula hobeto sentitzen. Gaiarekiko interes handia dut, baina bestalde pertsonalki asko eragiten nau. Orduan, lana dantzarekin uztartzeak laguntzen dit ez gertatzea horren astuna ikuspegi psikologikotik eta pertsonaletik.
Dokumentuaren akzioak