Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mutil-dantzetan emakumeen parte hartzea bultzatzeko ekimena sortu da Baztanen

Dokumentuaren akzioak

Mutil-dantzetan emakumeen parte hartzea bultzatzeko ekimena sortu da Baztanen

2013/06/06 12:35
Mutil-dantzetan emakumeen parte hartzea bultzatzeko ekimena sortu da Baztanen

Plazara Dantzara ekimenaren aurkezpena.

Baztango mutil-dantzetan emakumeek gizonezkoekin batera, berdintasunean dantzatzea bultzatzeko Plazara Dantzara izeneko ekimena aurkeztu da Elizondon. Gizartearen beste alor guztietan bezala, mutil-dantzetan ere emakumeen parte hartzea bultzatu nahi du ekimen honek.

Plazara Dantzara ekimeneko bultzatzaileek aurkezpen ekitaldian irakurritako testua helarazi digute:

Dagoeneko urte andana pasa da Baztango zenbait emakumek mutildantzetan parte hartzeko erabakia hartu zutenetik. Urte kopuru bera, Baztango gizon andanak erabaki honekin bat egin zuenetik. Izan ere, hondar hamarkadetan, emakumeek esparru ezberdinetan bide berriak landu eta borrokatu ondoren partehartze maila haunditzea lortu dute, eta, gisa honetan, Baztanen, zenbait ohitura eraldatuz joan dira:

  • Gaurko egunean neskattoek herriko mutikoekin batera jokatzen dute oilarra Orakunde egunean,

  • Mutil gazteek herriko neskak lagun dituztela osatzen dute puxke biltzea Iñauteetan,

  • herriko emakumeen iritziak gizonezkoenen pare aditzen dira batzarretan,

  • sekula soldaduzka egin ez izan arren, ederki aski ibiltzen gara adin bereko gizon eta emakumeak Kinto besta egunetako parrandetan

Ohitura zaharrak denak eta ohitura zahar izanda ere, eraldatuak, berreraikiak, zaharberrituak eta denbora berrietara egokitutakoak. Nork nahiko luke ohitura hauetan emakumeek lekurik ez izatea? Nork ulertuko luke sexu generoa aitzakia hartuta emakumeak baztertzea? Nor ausartuko litzateke emakumeak besta hauetatik baztertzera?

Baztango mutil-dantzak plazara dantzara 01Badakigu badirela emakume izateagatik gurekin dantzatu nahi ez duten baztandarrak. Gure herri ondare garrantzitsua diren mutildantzen alde lan egiteko nahiean indarrak batu genitzazkeelakoan, haiekin solastera joan gara guretako batzuk. Beraiek berriz, aitzaki ezberdinak tarteko, emakume izateagatik gurekin ez dutela talde hortan dantzatu nahi salatu nahi dugu gaur eta hemen. Ez digute partaide izaten uzten, tradizioa beraiek nahi bezala ulertzen ez dugulako.

“Aintzineko belaunaldien modura dantza dadin” nahi omen dutela diote. Galdera xinple bat luzatzen diegu gaur: NOLA da hori? Akaso pobreek espartiñak jantzita eta aberatsek, berriz, bortzegi ta ohial dotorez egindako arropez beztiak joanen dira? Alkatea emaztekia baldin bada, tradizioari jarraiki, berak irekiko du dantza? Edo tradizio horrek ez du garrantzirik? Edo, ederra litzatekeena, den denak euskaldun peto porrokatuak izaki, gure hizkuntza zaharrean arituko dira ohitura zahar zale izaki? Zein da ba talde honen helburua? Guretako argi dago: emakumeak baztertzea eta beraien ustez gizonezkoendako bakarrik den eremu bat hortan mantentzea.

Aintzineko mendeetan mutildantzak, bizitzako bertze gauza denak bezalaxe, aldatuz joan dira doike, aintzineko mendeetan ondorioz, ez dago mutildantzetarako modu bakarrik. Beraz… aintzineko denboretako zein plaza, zein tenore, zein urte, zein mende duzue eredu? Tradizioz agoteei ez zitzaien dantzatzen uzten… ez da tradizioa kubata baso batekin eta zigarroa eskutan dantzatzea… tradizioz dantzak bukatu eta etxera erretiratzen ziren… ez zen tradizioa emakumezkoak plazan egotea. Aitzineko mendean halere, emakumeak plazan agertuz joan dira pixkanaka pixkanaka, eta plazan zeudela, dantza egiteko gogoa zutenetan, zangoak mugituz, gorputza dantzatuz, jauzi eginez aritu dira.

Korroan bat gehiago izan nahi horretan, begirada zorrotzak, argi itzalketak, boikotak, dantzaldi saio paraleloak, korrotik ateratzeak, ziztuak, txistularien isiltzeak, “putas”, “que mal bailan” eta gisako irainak jasan ditugu. Hok denak, argi eduki, hondarrak izan dira. Aitzinerakoan horietako bakar bat ere ez dugu berriro onartuko. Eraso guztiak salatuko ditugula ohartarazten dugu beraz.

Alta, kokildu nahi izan bagaituzte ere, ez dugu gibelat egin eta ez dugu gibelat eginen. Gaur, gure herrietako plazetan gogoa dugun guztietan dantzatuko dugula jakin arazten dugu, gustatzen zaigulako, nahi dugulako. Baztandar zein kanpotik etorritako oro animatzen dugu, beldurrik gabe, alkeak atzenduta, naturaltasunez joka dezala, Baztango herrietako plazetan libre sentitu dadila (daitekeela), gizonezko zein emakumezkoa izan, dantzara, mutildantzara, ateratzea erabakitzen duen unean, hantxe, bere ondoan, lagun bat izanen baitu, hantxe izanen baikara, Baztango plazetan mutildantza jotzen duten guzietan.

Baztango mutil-dantzak plazara dantzara 02

Hona bada DENENDAKO gonbitea: herrietako besta sasoia hasi den honetan, herriz herri, plazaz plaza, goazen ongi pasatzera, goazen aske izatera, goazen PLAZARA, goazen DANTZARA.

Baztanen, 2013ko ekainaren 5a

Plazara Dantzara herri ekimena

Dokumentuaren akzioak

2013/06/06 14:01
Kanpotik ikusia bada ere, bihotzez eskertzekoak dira horrelako ahaleginak. Beste askok bezala, Baztanen dantzetan emakumeen partehartzearekin duten arazoa behingoz eta osasunez gainditu dezatela espero dut. Ea honek laguntzen duen.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.