Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizio izan denaren tranpa

Dokumentuaren akzioak

Tradizio izan denaren tranpa

Asteazkenean hasi ziren Salbatore bestak Iruritan. Baztango herrietako jaietan lehenengoak izaten dira Iruritakoak. Aurten ere, iaz bezala, ez da mutil dantzarik izango. Azken urteetan, neskak dantzan hasi direla eta, hainbat hika-mika eta eztabaida izan dira. Aurrez aurre daude Baztanen horren errotua dagoen dantza ulertzeko bi ikuspuntu: mutil dantzetan gizonezkoek soilik dantzatu behar dutela uste dutenak eta emakumezkoek ere dantzatzeko eskubide osoa dutela azpimarratzen dutenak. Beraz, mutil dantzen pauso arin eta sotilak ikusteko aukerarik ez da izango aurten Iruritan.
Komunikabidea
Nafarroako Hitza
Mota
Albistea
Data
2013/05/10
Lotura
Nafarroako Hitza

Tradizioari modu hertsian eutsi edo aldatu, hor dago koxka eta eztabaida. Denera, hemeretzi dantzak osatzen dituzte mutil dantzak. Antzinako belaunaldiak aurreko mendeetan dantzatzen ziren bezala dantzatzea defendatzen du, esaterako, Baztango Mutildantzari Talde sortu berriak. Denera, 80 lagun inguruk osatzen dute. Taldeko kide batek —ez du izenik jakinarazi nahi izan— euren nahia Baztango hamabost herrietako jaietan mutil dantzak dantzatzea dela argitu du. Baina ez dute mutil dantzetan emakumerik nahi, ez dantzatzen behintzat. Presidenteak berak azaldu duenez, eskualdeko herri guztietara eskutitzak igorri dituzte, mutil dantzak antolatu eta dantzatzeko prest daudela jakinaraziz. Hala ere, azaldu du oraindik ez dutela erantzunik jaso. Argi utzi du uztailean Elizondoko Santiago jaietan mutil dantza modu tradizionalean egingo dutela, iaz bezala, herriko ikastolako plazatxoan.

Lasaitasuna desio

Iruritako jaietan mutil dantzarik ez izatea "tristea" dela onartu du herriko zinpeko alkate Peio Obregozok. "Egoera nahiko bero dago, eta afera lasaitzea da gure asmoa". Bigarren urtez, ez da izango mutil dantzarik Iruritan, jaiak antolatzeko egindako bilera batean hala erabakita. Zinpeko alkatearen arabera, Irurita oso herri dantzazalea da, eta jende andana ari zen mutil dantzak prestatzen. Azken finean, liskarrik ez dute nahi izan jaietako antolatzaileek, eta bozketa bidez erabaki zuten dantzarik ez programatzea. Heldu den urtean ere bozketa egingo dutela jakinarazi du Obregozok.

Plazara Dantzara herri ekinaldiko kide Elurre Iriartek Iruritan hartutako erabakia kritikatu du, "ostrukarena" egin dutela salatuz. Baztango Mutildantzari Taldea sortu zela jakitean eratu zuten herri ekinaldi hori. Mutil dantzetan emakumeek parte hartzea defendatzen dute, "nahi duen orok dantzatu dezan". Hala ere, Baztango herri bakoitzaren errealitatea ezberdina dela ohartarazi du Iriartek: "Herri batzuetan, emakumeak dantzan hasi direnean txistulariak isildu egin izan dira, eta, beste batzuetan, normal-normal hartu da".

Historikoki leku publiko zein festa guneak gizonenak izan dira, eta halako batean emakume batek gune horietako kide izan nahi duenean azaleratu dira halako gatazkak. "Ohitura batzuk aldatu dira, eta beste batzuk ez. Onartu da, esaterako, mutil dantzak zaharrek, haurrek, kanpotarrek dantzatzea, lekua aldatzea... Baina onartu ez den gauza bakarra, eta ez da kasualitatea, genero aldaketa da".

Gatazkari konponbidea nola aurkitu, hor dago gakoa. Plazara Dantzara herri ekinaldiak argi du Iruritako erabakia ez dela irtenbidea. "Nire ustez, herritarren artean konpondu beharreko gauza da, baina administrazioak ere badu bere zeregina, herritarrena den momentuan", adierazi du Iriartek.

Oraingoz, herri bakoitzak bere ebazpena egin du. Tradizioaren pisua eta tradizio hori aldatzeko beharra daude ezbaian. Ikusi egin behar ondorengo urteetan zer gertatzen den.

Dokumentuaren akzioak