Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mixel Elizanburu, dantza-jauziak eta dantza-khorda

Dokumentuaren akzioak

Mixel Elizanburu, dantza-jauziak eta dantza-khorda

2010/03/31 13:16

Euskal Literaturaren Zubiteagian, Armiarman jasota dituzte mota honetako hainbat testu interesgarria eta handik ekarri ditugu honako lerroak.

Lagun arteko elkarrizketa moduan idatzita dago testua. Kontuan hartu behar da 1889an idatzita dagoela eta 40 urte lehenagoko kontuak izan ditzakeela aipagai. Elkarrizketa horretan, dantza-jauzien --Euskaldunen jauziak izendatzen ditu berak-- balio handiak eta ontasunak azpimarratzen ditu Tristantek:

Horietan ez da gaizkirik, ez gaizkiaren egiteko hirriskurik. Gure muthil gazte maitek ez dute hetan deusik xerkhatzen baizik, zangoak arin, jauzi egitea; orok batean berdin ibiltzea; lerdenki, xuxenki, zalhuki egitea beren urhatsak, itzuliak, phikoak; inguru, inguru dabiltzalarik eta formatzen dutelarik zerklo bat, konpas handi batekin egina bezain ederra.

Ondoko erantzunen artean aipagarria da Joannes-Baptistak kanpoan egiten diren beste hainbat dantza aipatzen ditu, eta zerrenda zinez interesgarria eskaintzen du:

Ez dakit zoin hirur herronka horietan ezar, bere gisako, segurki onak ez diren dantza batzu zoinen izenak baitire franzesez le ludion, la pyrrhique, le menuet de la Reine, etc.  Bainan osoki eta sobera harroak dire bertze batzu deithuak: la carole, la cordace, la bourrée d'Auvergne, le brande breton, la farendole provençale, la gigue saxonne, la carmagnole révolutionnaire, la mazurka polonaise, etc. Dantza tzarrak dira, kontra dantza guziak, bai eta oraino franzesez deitzen ditugunak les valses, le galop, la polka, la gavote allemande, etc.  Azkenik, erho itsusiak zauzkit anhitz dantza español, hala nola el bolero, el saltarelo, el zapateado, el jaleo, el fandango, la jota, la malagueña, la gachucha, etc.

Piarresek ezagutzen dituen guztiak jauziak direla aitortuz erantzuten dio:

Bisaia! Ez nuen sekulan erranen bazela munduan hainbertze dantza suerte harro, erho eta tzar. Nik ez dut behinere ikhasi eskualdun jauziak baizik. Hek bai, badazkit kasik suerte guziak: direla Muxikoak, direla Laphurtarrak, edo Milafrankarrak, Ainhoarrak, Azkaindarrak, Orzaiztarrak eta bertzeak.

Jauziak alde batera utzirik, dantza-khorda dute mintzagai lerro batzuk aurrerago. Hain zuzen ere Xobadinek bere gazte garaian, 55 urte lehenago, Besta-Berri batez ikusi zuen lehen dantza-khordaren berri ematen du:

Beraz nahi dautzuet erran, nik ere zer ikhusi nuen, lehenbiziko aldikotzat, orai duela berrogoi eta hamahost urthe, Besta-Berri batez, bezperak ondoan. Iduri zaut oraino begien bistan dudala plazaren erdian, gure herriko etxeko jaun handienetarik bat, dantza khordaren buruzagi. Hein bat ederki pharatzen zen, atxikitzen zuela, ezkerreko eskuan, zabaro edo xiri luze baten puntan, bi sosen xingola gorriz eginikako floka bat. Eskuinaz tiratzen zuen etxeko seme eta etxeko alaba onek egiten zuten khorda luze luzea. Bainan, ez duzue behar uste izan gazte heiek eskuz-esku zabiltzala; ez, jaun eta andere gazte bakhotxaren artean, bazen, hetarik baten sakelako mokanesa. Ez niz sobera orhoit garbiak othe ziren mokanes heiek, ala urdin aire hat batzuten: nik dakitana da eskuak zikhindurik ere guti edo gehiago, bihotzak garbi beiratzen zituztela. Bada, salboi uraz eskuak laster ikhuz ditazke, bainan bihotzaren garbitzeko behar da bertze lanik egin, edo bertze salboinik enpleatu. Denhora hartan ardura artzain nindabilan; eta orhoit niz ene antxu, ardi, aharietarik bat phasatzen bazen atheka batetarik edo sasi zilhotik, bigarren bat phasaturen zen toki beretik, gero hirurgarrena, laugarrena berdin. Hogoi, berrogoi, ehun, berehun juanen ziren lerro lerro. Gure dantza khordako gaztek hazienda xuri hek zituzten iduri.

Mixel Elizanburu

Lehenagoko Eskualdunak zer ziren

Pilota, dantza jauziak, ttantta Maña eta dantza khorda

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.