Dokumentuaren akzioak
Maritzuli dantza konpainiak Marian Arregi sala ireki du
Maritzuli konpainiaren dantza-gelaren inauguruazioa; Biarritz, 2019-11-07. Argazkia. Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA
Dantzarako lokal berria inauguratu du Maritzuli dantza konpainiak Biarritzen. 1999. urtean konpainia sortu zenetik ez du egoitza finkorik izan. Udalak eta Ballet Biarritzek utzi izan dizkio dantzarako gelak edo lokalak, baina aldi baterako edo proiektu zehatzetarako. Hemendik aurrera sala propioa izango du konpainiak.
Orain dela urtebete inguru, udalaren lokal bat hutsik gelditu zen eta Maritzulirentzako izan zitekeela erabaki zen. Dantzarako egokitu da 180 metroko karratuko espazioa. Dantzarako sala, bulegoa eta arropak gordetzeko almazena ditu. Oraindik ez dago guztiz bukatuta, abenduan egurrezko zorua ipintzean amaituko dituzte lanak.
Claude Iruretagoiena konpainiako zuzendaria oso gustura dago dantzarako espazio berriarekin, "guretzat ametsa da, konpainiaren hogeigarren urtebetetzerako opari bikaina izan da". Udalarekin hitzartu dute dantza-gela Maritzulirentzat bakarrik izango dela eta horrek aukera gehiago emango dizkiela uste du Iruretagoienak. Klaseak eskainiko dituzte ordutegi mugarik gabe, "erronka nagusia gure dantza eskola irekitzea da". Bestalde, hilean behin helduentzako dantza saioak antolatuko dituzte konpainiak hogei urtean dantzatu duen errepertorioa lantzeko: kontra-dantzak, ingurutxoak, soka-dantzak, jauziak... Aste Santurako jantzien inguruko jardunaldia eta sanjoanetarako Biarnoko dantzariekin jauzien inguruko topaketak aurreikusten dituzte. Hitzaldiak, ikastaroak, erakusketak... antolatzeko aukera ikusten du egoitza berrian Iruretagoienak.
Emozioz betetako inaugurazioa
Azaroaren 7an inauguratu dute Marian Arregi dantza gela. Arregi omendu nahi izan dute espazio berriari bere izena emanez, "bere oroitzapena mantendu dezagun". Maritzuli konpainiako kideekin batera, udal ordezkariak eta dantza munduko hainbat lagun elkartu dira, "dantza elkartu da Biarritzen". Besteak beste, Etorkiko Filipe Oihanburu, Oldarrako Maite Zabala, Ballet Biarritzeko Thierry Malandain, Argiako hainbat kide, Juan Antonio eta Mikel Urbeltz eta Betelu familia izan dira ekitaldian.
Lokalaren irekieran Marian Arregi, Betti Betelu eta Jon Olazkuaga Maritzuliko dantzaria omendu dituzte. Arregi eta Beteluren argazki handiak jarri dituzte lokaleko horman, beraien ibilbide artistikoa azaltzen duen testuarekin batera. Mikel Urbeltzek biolinarekin Zikiro beltza jotzen zuen bitartean, emakumeari zuzendutako poema bat irakurri dute. Ondoren, Olazkuagari Maritzuliko dantza-maisu izendapena eman diote. Maritzuliko dantzarien trokeo-dantzarekin eta dantza jauzi batzuk dantzatuz amaitu dute ekitaldia.
Dokumentuaren akzioak