Dokumentuaren akzioak
Manresako Firatik bueltan
Ezaugarri batek batzen ditu denak: sustrai tradizionala izatea. Katalunia, Espainia, Frantzia, Italia, Ingalaterra eta Europako hainbat herrialdetako artistak eta kultur programatzaileak biltzen dira hiru egunez Manresan eta tradiziotik abiatutako dantza, musika eta antzerkiaren mozkorraldia gertatzen da.
Dantza aldetik dozena bat ikuskizun eskaini dira, eta egia esan, gure espektatibak ez dira bete. Beren ikuskizunei ikutu tradizionalak eman dizkieten dantzari garaikideak ikusi ditugu, umeekin antzokira begira prestatutako dantza emanaldi bat ikusi dugu edo Kataluniako talde tradizionalak diren bastoners edo makil-dantzarien 7-8 talde ikusi ditugu.
Ostiralean Maredansa izenarekin ekitaldi erakargarri bat zegoen iragarrita. Koreografo garaikide ezagun batzuei sustrai tradizionala zuen koreografiak egiteko enkargua egin zieten. Ikuskizuna ez zen oso borobila izan. Cesc Gelabert edo Mar Gomez bezalako koreografo garaikide entzutetsuen lanak eskaini ziren, baita pare bat bideo-dantza ere, baina oro har emaitza kaskar samarra izan zen. Hori bai, Bartzelonako Institute de Teatroko ikasleek eskainitako Nacho Duatoren Jardin Tancat lana berriz ikustea plazerra izan zen.
Goiz partean koreografo horietako batzuk eta Kataluinako Esbart-etako (bertako dantza taldeak) ordezkariekin hausnarketa eta eztabaida jardunaldia burutu zen. Bertan, bakoitzak tradizioa eta ikuskizuna nola ulertzen eta uztartzen zuten azaldu zuen. Eztabaidan Kataluinako dantza tradizionalaren alorrean dauden arazoen berri izan genuen, eta bukaeran jakinarazi genien bezala, euskal dantzaren egoerarekin bat datoz haien kezkak eta arazoak. Dantza ikasketetan Kataluniako dantza tradizionalaren presentzia eskatu zuten, Kataluinako dantza tradizionaleko konpainia nazioanalaren beharra aldarrikatu zuten eta beraien arteko eztabaiden ondorioz eskaera hori behar bezala bideratu ez izana nabarmendu zuten, dantza taldeen lanak duen oihartzun eta errekonozimendu eza salatu zuten, eta tradiziotik abiatuta sortzen ari diren ikuskizun berriek antzokietara eta programatzaileetara iristeko dituzten oztopoak, folklorea hitzarekin gaitzesten den zaku handi horrekiko aurrejuzkuak nabarmendu zituzten. Benetan interesgarria gertatu zen.
Beraz, antzekotasun handiak aurkitu genituen Kataluinako dantza tradizionalaren egoerarekin, baina baita desberdintasun handiak ere. Izan ere, horrelako hausnarketa jardunaldi interesgarri bezain beharrezkoa antolatu zuen Manresako Fira hori Generalitat-ak antolatzen du. Miloi bat euroko aurrekontua du. Miloi bat euro. Eta horren %80 Generalitatat ordaintzen du. Gainontzekoa Manresak udalak. Ez dago esan beharrik Firak Kataluniako ikuskizun tradizionalen sektorearentzat duen mesedea. Dinamizatzaile izugarria da. Ehunka eta ehunka programatzaile beren herrietarako ikuskizunen kontratuekin itzuli dira etxera; dantza, antzerki eta musika konpainiek elkarren lana ikusi, hausnartu eta eztabaidatzeko aukera dute. Eta hiru egunez milaka lagun hurbiltzen dira Manresara tradizioak zipriztindutako ikuskizunen zirkoaz gozatzera.
http://www.tradifiramanresa.com
Dokumentuaren akzioak