Dokumentuaren akzioak
1970-80eko hainbat dantza, festa eta maskaradei buruzko erreportajeak eskuragarri dira Uztaritzen
Maite Barnetxe (1941-1986) kazetariak 1971 eta 1985 artean zuzendu zuen "Euskal Herria Orai eta Gero" telebista saioko programak eskuragarri dira Euskal Kultur Erakundean. Barnetxek Euskal Herriko hainbat gai tratatu zituen, tartean hainbat dantza ekitaldi, festa, maskaradak, pastoralak...
INAren jabegoan dira dokumentuak, baina EKE eta INAren, Frantziako ikus-entzunezkoen erakundearen, arteko hitzarmenari esker, bakoitzaren mamia laburbildu eta fitxak egin dira testuinguru historikoa eta etnologikoa nabarmenduz. Bideoak Euskal kultur erakundeko Ahozko ondare kontsultagunean ikus daitezke, Uztaritzen, hitzordua hartuz gero (0(033)5 59 93 38 70 zenbakira deituz edo kontsulta@eke.eus helbidera mezua bidaliz.
Dantza irudi ugari
"Euskal Herria Orai eta Gero" telebista saioan dantzak protagonismoa izan zuen, programa askotako gaiak izan ziren dantza taldeak edota dantzak paper garrantzitsua betetzen duten emanaldi edota festak.
Zuberoako inauterietako irudiak ere eskuragarri dira, adibidez, 1972ko Altzürüküko eta 1983ko Eskiulako maskaradetako irudiak. Nafarroa Beherean, berriz, 1973an Baigorrin egin ziren Toberak jaso zituen. Mattin eta Xalbador bertsolariek, herriko alargun baten bosgarren ezkontzaren kasua gaitzat hartuta, bertsoak kantatzen dituzte.
Dantza taldeen emanaldiak ere ageri zaizkigu, besteak beste, Orai Bat dantza taldea, Oldarra balleta, Airoski dantza taldea edota Etorki taldearen emanaldiak. Taldeez gain, dantza mundutik hurbil ibili diren Faustin Bentaberriren omenaldiko edota Etxahun Iruriri egindako elkarrizketetako irudiak eskura daitezke.
Euskal Herriko herri eta hirietako festetan ere ibili zen Maite Barnetxe. 1972ko Baionako festak, 1982ko Sarakoak, 1974ko Arnegikoak eta 1976ko Iruñeko sanferminak jaso zituen iruditan. Herriko festetan ohiko denez, irudi askotan, herritarrak dantzan ageri zaizkigu. 1974an Donibane Lohizunen eta 1980an Baionan ospatu ziren Dantzari Eguneko irudiak ere ikusgai dira.
Pastoraletako jarraipen bat baino gehiago egin zituen Barnetxek. Etxahun Iruri, pastoral egilearen inguruko saioa egiteaz gain, hainbat pastoraletako prestaketak eta emanaldietako zati garrantzitsuenak jaso zituen. Besteak beste, 1973an Altzain aurkeztu zen "Zantxo Azkarra" pastorala, 1976an Garindainen muntatu zen "Robert le Diable" pastorala, 1976an Junes Casenave-k idatzitako "Santa Grazi" pastorala, 198an Urdinarbe herria eman zen "Iparragirre" pastorala, 1982an Pagolan emandako "Pette Basabürü" pastoral, 1985 Muskildiko "Allande Oihenart" pastorala eta 1986an Barkoxen aurkeztu zen "Etxahun Barkoxe" pastorala.
Informazioa: Maite Barnetche-ren telebista emankizunak EKE-n ikusgai
Dokumentuaren akzioak