Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gibel-jana, puska biltzea eta dantzak Lizartzako inauterietan

Dokumentuaren akzioak

Gibel-jana, puska biltzea eta dantzak Lizartzako inauterietan

2020/02/05 08:10
Gibel-jana, puska biltzea eta dantzak Lizartzako inauterietan

Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Datozen bi asteburutan ospatuko dituzte Lizartzan inauteriak eta dantzariak festarako prest direla azaldu digu Josune Zubeldia Otsolar dantza taldeko kideak. Larunbat honetan ekingo diote jaiari txekorraren egunarekin eta otsailaren 15ean eta 16an irtengo dira dantzariak eskera eta dantzara.

1994an berreskuratu zituzten gerra aurretik galdu ziren inauteriak Lizartzan. Inauteri-dantzak herriko jaietan dantzatzen ziren, baina duela 26 urte hasi ziren berriro inauteri garaian dantzatzen. Adinekoen testigantzei esker berreskuratu zen jaia eta ordutik indartsu mantentzen dituzte festa eta dantzak lizartzarrek.

Lizartza 1928
Inauteri dantzak, Lizartza (1928)

Hiru eguneko festa

Txekorraren egunarekin hasiko dituzte inauteriak otsaialren 8an. Nahiz eta aurtengoan ez duten txekorrik hilko egunari izena mantentzen diotela esan digu Zubeldiak, "Garai batean, txekorra plazan hil eta bertan larrutzen eta mozten zuen harakinak eta gero inauterietako igandean jaten zen". Aurten gibela dastatuz hasiko dute jaia eta ondoren Otsolar dantza taldeak Gipuzkoako dantzen emanaldia eskainiko du.

Lizartza inauteriak 2018
Inauteriak, Lizartza, 2018-02-04. Argazkia: Otsolar dantza taldea

Hurrengo larunbatean, otsailaren 15ean, puska-biltzean aterako dira Lizartzako dantzariak. Goizean goiz ekiten diote lanari. 7:00ak aldera elkartu eta Uetako zubitik plazara joaten dira kalejiran. Txokolate beroa gosaldu eta baserrietara abiatzen dira. Zubeldiak azaldu digu aurrena ospeleko baserriak eta ondoren eguterakoak bisitatzen dituztela. Baserri bakoitzean Lizartzako inauteri dantza zikloko dantza bat dantzatzen dute. Ospelean hamabi bat baserri kontatu ditu Zubeldiak eta eguteran hemeretzi inguru izango direla dio. Azken baserriaren bueltan karroza eta txarangarekin elkartu eta plazara iristen dira 13:30ak alderako. Frontoian denek batera bazkaldu eta festan jarraitzen dute herrian.

Lizartzako ihauteriak 2004-0035
Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Igandean ere puska-biltzea egiten dute, baina herriko etxe eta kaleetan. 10:00ak aldera elkartzen dira dantzariak denak batera janzteko, "guretzat janztea erritu inportantea da, garrantzia ematen diogu eta elkarri laguntzen diogu". Behin zuriz eta apaingarri koloretsuak soinean 12:00ak inguruan kalera irteten dira eta geldialdi bakoitzean dantza bat egiten dute. Eskea amaituta, plazan inauteri dantzen ziklo osoa ematen dute.

Lizartzako inauteriak 2
Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Astigarragako dantzariekin

Aurten herriko hiru taldek eta Astigarrago taldeak dantzatuko dituzte Lizartzako inauteri-dantzak. 2012an, Jexux Larrea Astigarragako Astigar dantza taldeko dantza-maisua, Lizartzako dantzarien entsegu batera hurbildu zela kontatu digu Josune Zubeldiak. Orduan, bere aita Iñaki Zubeldia aritzen zen gazteei dantzak erakusten eta Larreak urratsen batekin zalantzak zituela eta behar den bezala erakusteko eskatu zion. Kontua da Larrea Idahora (AEB) joatekoa zela dantzak erakustera eta Lizartzako dantzak prestatu zituen. "Gure aitak harrituta begiratzen zion, Ameriketara Lizartzako dantzak erakustera?". Erakutsiko zizkiola esan zion, baina baldintza batekin: "Lizartzako dantzak dantzatzekotan guztiak dantzatu behar dira, edo denak edo bat ere ez".

Lizartzako dantzak entsegua
Lizartzako dantzen entseguan Otsolar eta Astigar dantzataldeko kideak, Lizartza, 2020-01. Argazkia: Otsolar dantza taldea

Ordutik harremana mantendu dute Astigarragako dantzariekin eta duela pare bat urte pentsatu zuten polita izan zitekeela astigartarrek ere Lizartzan dantzatzea. Horrela, dantzak prestatu eta aurten denek batera dantzatuko dituzte. "Polita da, hunkigarria. Entseguetan oso txukun ikusi ditut, Jexuxek egur ederra sartu die".

Txekorra eta garbantzuak

Inauterietako dantzen ondoren plazan txekorra eta garbantzuak bazkaldu eta iluntze aldera ijitoa erreta agurtzen dituzte Lizartzan inauteriak. "Duela urte batzuk arte, dantza-soka egiten zen arratsaldean baina galdu eginda", azaldu digu Zubeldiak penaz. Jaiak bukatzeko ijitoa erretzen dute eta herritarrek suaren bueltan inauterietako zikloko paseoa dantzatzen dute.

Zubeldiak penaz eta kezkaz bizi du txekorraren eguna edo dantza-soka galtzea, baina bestalde dantzak bizirik daudela uste du. Gazte askok ikasten dituztela dantzak dio eta belaunaldi berriko dantzariak bereziki gogotsu eta fundamentuz ikusten ditu.

Lizartzako inauteriak 2020

Otsailak 8 larunbata

  • 12:00 Inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz. Ondoren, antzerkia eta Otsolar dantza taldearen emanaldia.

Otsailak 15 larunbata

  • 07:00 Plazan elkartu eta kalejira Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. Diana abestuz hasiko da inauteria.

  • 07:30 Puska biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.

  • 10:00 Etxe-zahar baserrian geldialdia gosaltzeko.

  • 12:00 Mozorro, gurdi eta txarangen irteera Joxe Mariko aparkalekutik.

  • 13:30 Inauteri partaide guztiek kalejira, Arrateko zubitik irtenda. Ondoren, denek elkarrekin bazkalduko dute herriko frontoian.

  • 18:00 Gurdi eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira kalejiran plazara jaisteko, bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta Lizartzako talogileak egindako taloak jateko aukera izango da.

Otsailak 16 igandea

  • 11:00. meza nagusia. Ondoren, hamaiketakoa plazan.

  • 12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Ondoren. Lizartzako Inauteri Dantzak plazan. Talde gonbidatua: Astigarragako Astigar Dantza Taldea.

  • 14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangaz alaiturik. Ondoren. Zozketak eta herri kirol erakustaldia Karmele Gisasola (Zelai III), jon Gisasola (Zelai IV) eta Mikel Agirreren eskutik.

  • 19:30. Plazan ijitoa errez inauteriei amaiera.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.