Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Lide Aranak eta Iker Arruek Gipuzkoako Dantzaren Saria jaso dute

Dokumentuaren akzioak

Lide Aranak eta Iker Arruek Gipuzkoako Dantzaren Saria jaso dute

2022/05/04 09:00
Lide Aranak eta Iker Arruek Gipuzkoako Dantzaren Saria jaso dute

Gipuzkoako Dantza Sariaren ekitaldia, Iker Arrue eta Lide Arana sarituak, Donostia, 2022-04-30. Argazkia: GDPE

Dantzaren hilabeteari amaiera emateko Gipuzkoako Dantzaren XIX. Sariak banatu ditu Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak (GDPE), eta, XIX. edizio honetan, Iker Arrueren eta Lide Aranaren ibilbidea aitortu nahi izan dute dantzarekiko duten dedikazioa, pasioa eta lanagatik. Apirilaren 30ean egin da sari banaketa ekitaldia Donostiako udalbatza aretoan.

Gipuzkoako Dantza Saria
Gipuzkoako Dantza Sariaren ekitaldia, Lide Arana eta Iker Arrue sarituei dantza eskaintzen, Donostia, 2022-04-30. Argazkia: GDPE

Dantza amateurrak bi eskari argi

Lide Arana (Madril, 1959) dantzariak eta aldundiko kultur sustapenerako arduradunak lan erretiroa ate joka duela jaso du saria. Ekitaldian Diputaziotik sustatu diren dantzan-programetan lankide izan dituenen ahalegina eta babesa eskertu nahi izan du. Izan ere, Maiatza Dantzan goi mailako jaialdi aitzindaria eta Gipuzkoako Dantzagunearen sustapen eta antolaketa lanetan eskuhartzea garrantzitsua izan du Aranak bere ibilbidean. Gaztetan Argia dantzari taldean dantzari arituak azaldu du Juan Antonio Urbeltzek dantzarekiko maitasuna irakatsi ziola, eta betirako mundu magiko bat ireki zitzaiola. Dantza amateurtzat duela bere burua dio, hau da, dantza maitaletzat.

Gipuzkoako Dantza Saria
Gipuzkoako Dantza Sariaren ekitaldia, Lide Arana saria jasotzen, Donostia, 2022-04-30. Argazkia: GDPE

Bere hitzartzean bi eskaera argi egin nahi izan ditu. Batetik, dantzarako kontserbatorio profesional bat sortzea Gipuzkoan, "gure gazteak ez daitezen hain adin gazteetan etxetik atera, beste herrialde batzuetara joateko". Bestetik, dantza tradizionaleko titulazio bat sortzea, "dantzariei prestakuntza homologatua eta kalitatezkoa eskuratzeko aukera emango diena, gure herrialdeko ondare biziaren eremu aberatsenetako batean beren ezagutza kaudimenez proiektatu ahal izan dezaten".

Arkitekto, dantzari, terapeuta

Iker Arrue (1977, Donostia) arkitektura ikasketak egin ondoren murgildu zen dantzaren munduan eta Madrilen eta Londresen dantza garaikideko formazioa jasota nazioarteko hainbat koreograforekin aritu da lanean. 2009an Ai Do Project ekimena jarri zuen martxan, kezka eta ardura ezberdinak erantzun eta haietara moldatzeko aukera eskainiko zuen hizkuntza koreografikoa bilatzeko beharrak bultzaturik.

Gipuzkoako Dantza Saria
Gipuzkoako Dantza Sariaren ekitaldia, Iker Arrue saria jasotzen, Donostia, 2022-04-30. Argazkia: GDPE

Bere ibilbide profesionala ixteko modua dela sari hau jasotzea dio, berriro hasierara itzultzea, ziklo baten itxiera moduko bat. Egun Alemanian bizi da eta saria jasotzera bere jaioterrira itzultzeko aitzakia ederra izan da; dantzako lehen urratsak eman zituen lekura eta jendearenagana, lehenengo dantza irakasleekin elkartu da. Bere dantzari ibilbidean inflexio puntua izan zen aitaren gaixotasuna eta hortik azken urteetan alzheimerra eta beste zenbait dementzia pairatzen dituzte pertsonekin lanean dabil: dantzaren gaitasun terapeutikoa aldarrikatzen eta praktikan jartzen du Arruek.

Dantzaren Hilabetea itzuli da

GDPEk antolatzen duen Dantzaren Hilabetea bere osotasunean itzuli da aurtengoan. Pandemiak ekarritako mugak gainditu eta hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu ditu elkarteak apirilean zehar. Hileko lehen asteburuan hasi ziren ekintzak. Larunbatean, Dantza kalean ekitaldia izan zen Alderdi Ederreko lorategian; hamahiru dantza eskolek hartu zuten parte erakustaldian. Igandean, berriz, Gipuzkoako 23 dantza-eskolatako ikasleak Kontxako barandan aritu ziren dantzan. Hilabetea apirileko azken asteburuan eta maiatzaren lehenarekin itxi dute; Gipuzkoako Dantzaren Sariaren banaketarekin eta Dantzaren Nazioarteko Eguneko Galarekin.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.