Dokumentuaren akzioak
Arizterrazuko erromeriari buruzko liburua aurkeztuko da igandean bertan ospatuko den jaialdian
Andatzako Erromeri Elkarteak antolatuta, urriaren 25ean, igandean, Aiako San Pedro auzoko Arizterrazun jaialdia ospatuko da, eta bertan Joxemari Iriondok idatzitako Arizterrazu, mandioko (azken) erromeria liburuaren aurkezpena egingo da. Honi bazkariak eta arratsaldean ospatuko den erromeriak lagunduko die. Honela, liburuaren nondik norakoak aurkezteaz gainera dantzarako aukera ere izango da Epelde eta Lutxurdioren, Etxaniz, Galdos eta Ainararen, Kristina, Xabi Solano eta Ion Mari Beasainen, eta Agurtzane eta Ion Elustondoren soinu eta panderoen erritmora.
Arizterrazu Mandioko (azken) erromeria
Joxemari Iriondok, Arizterrazun egiten den erromeria ezagutu zuenean, egunen batean honi buruzko zerbait idatziko zuenaren hitza eman zien Martxel Ansa, Joan Mari Azkue eta Joxe Alkain lankideei, oso bitxia eta harrigarria iruditu baitzitzaion "Aia barreneko txoko horretan egiten den festa ederra". 2015eko ekainean argitaratu du liburua Euskal Herriko Tritikixa Elkarteak. Erromeriaren inguruan izan direnen eta oraindik ere ari direnen bizipenak eta oroitzapenak bildu ditu Joxemari Iriondok liburuan. Bestak beste hala nola: Azkue familia, Joxe Alkain, Laja eta Landakana, Agurtzane Elustondo eta Koro Lertxundiren testigantzak batu ditu.
Iriondok azaltzen duenaren arabera egungo erromeria munduan Arizterrazuk bakarrik eutsi ahal izan dio jaiegun eta igandero erromeria egiteko ohiturari, baina azkenengo urte hauetan dantzarako joera galtzen ari da. Urruti gelditu dira Arizterrazuko mandio zaharra inguruko herrietako jendez bete eta ganbarako lurrak eutsiko ote zuenaren beldurrak. Dena den, egun dantzara jende gutxiago hurbiltzen bada ere, badago han eta hemendik Arizterrazura igandero hurbiltzen den dantzari talderik.
Erromerian, ordea, dantzariez gain soinujole, pandero, koplari eta abarrek badute zer esanik eta horien ingurukoak ere jasotzen dira liburuan, lehengo garaietako eta oraingo erromeriei buruzkoekin eta Andatza Erromeri Elkarteak 1987an hasita antolatutako jaialdiei buruzkoekin batera. Ordutik lau jaialdi handi egin dira Arizterrazun.
Liburuarekin batera zenbait trikitilariri Arizterrazun grabatutako 28 abestiz osatutako diskoa ere argitaratu da.
Urriaren 25a, berriz ere jaialdia Arizterrazun
Datorren igandean, urriaren 25ean ospatuko da berriro ere jaialdia Arizterrazun. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak kaleratutako liburuarekin batera bazkaria eta erromeria izango baitira eguerdiko 13:00etatik aurrera. Bazkarian izena emateko eguna bihar, urriaren 22an, amaituko da. Hona egitaraua:
- 13:00etan: Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Arizterrazu, mandioko (azken) erromeria liburu - diskoaren aurkezpena.
- 14:00etan: Bazkaria frontoian.
- 17:30an: Erromeria. Partaideak: Epelde eta Lutxurdio, Etxaniz, Galdos eta Ainara, Kristina, Xabi Solano eta Ion Mari Beasain, eta Agurtzane eta Ion Elustondo.
Informazioa: Liburuaren aurkezpena eta erromeria berezia Arizterrazun (Euskal Herriko Tritixa Elkartea)
Dokumentuaren akzioak