Dokumentuaren akzioak
Lesakako ezpata-dantzarien eskapularioak
Honezkero Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako azken prestaketa lanetan ariko dira. Urte osoan ondo gordeta izan dituzten dantzarako arropak aterako zituzten ilunpetik, tartean, eskapularioak. Rafael Eneterreagak eskapulario eder horiek argazkitan jaso ditu. Lehen moja karmeldarrek egiten zituztela azaldu du Eneterreagak eta orduan atzeko bi kutunetan derrigorra omen zen Karmeleko Ama Birjinaren irudia eramatea. Egun bakoitzak bereak egiten ditu, nahi duen gaiarekin.
Zuriaren gainean kolorea eta distira
Mikel Aranburuk Lesakako dantzen inguruan Euskomediarako idatzitako artikuluan eskapularioen inguruko hainbat xehetasun kontatzen ditu.
"Eskapularioa errektanguluarra da bere bi ataletan (27 x 14 cm). Bi atalok zinta gorriekin lotuta geratzen dira (3 x 50 cm batez beste), sorbaldetatik (scapula latinez) eskegita, bularraldetik bizkarraldera doazelarik. Trinkotasuna lortzeko, neurri bereko kartoi edo artehun bat erabili ohi da, brodatua daraman kolore zuriko satin edo zetazko ehunez estalitakoa. Laukizuzen bakoitzean hiru atal ezberdin agertzen dira, beste horrenbeste motibo edo apaingarrirekin. Muturretakoak berdin-berdinak izan ohi dira eta erdikoak diseinu nagusia darama, nahiz albokoen berdina ere izan daitekeen.
Erabilitako gaiak era askotarikoak dira: loreak, apaingarri tipikoak eta, oro har, Karmengo Ama Birjinaren irudiak. Eskapularioaren gainean kolorezko zetazko xingolak jartzen dira bular eta bizkarraldean gurutzatuta, 10 edo 11 cm zabal. Hortaz, dantzari bakoitzak lau xingola daramatza, lau kolore ezberdinetakoak. Gainjarritako xingola-pare bakoitza elkarri lotzen zaio saihetsetan, aldaken altueran eta 30 bat zentimetrotako atalak libre geratzen dira".
Kapitainarena ikusgarriagoa
"Kapitainaren eskapularioa ikusgarriagoa da. Aurreko aldean ikur eukaristiko bat eramaten du, Gorpuzti-egunarekiko harremana agertzen duena. Erdiko ikur nagusi honen alboetan San Ferminen irudiaren brodatua jartzen da, Iruñeko San Lorenzo parrokian den irudiaren antzekoa, eta beste irudi bat, aurrekoaren antzekoa, Lesakako zaindaria den Tourseko San Martinen irudia dena". Lesakako dantzen eta dantzarien inguruko informazio gehiago duzue aurrez aipatutako Mikel Aranbururen artikuluan.
Dokumentuaren akzioak