Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Leire Pagonabarraga: “Benetako aldaketa plazan egiten da”

Dokumentuaren akzioak

Leire Pagonabarraga: “Benetako aldaketa plazan egiten da”

2020/05/15 10:15
Leire Pagonabarraga: “Benetako aldaketa plazan egiten da”

Leire Pagonabarraga.

Gaur San Trokaz eguna ospatu ohi da Abadiñon eta bertako dantzariek urteko emanaldi garrantzitsuetakoa egiten dute. Leire Pagonabarraga (Abadiño, 1990) Abadiñoko Talde Batuak dantza taldeko dantzaria eta haurren irakaslea da. Aurtengo festetan ez dute dantzarik egingo, baina Abadiñon dantzak ez du etenik; 50 urteren ondoren, belaunaldi berrietako neska-mutil piloa hasten baitira urtero taldean.

San Trokaz jaiak ospatzen beharko zenuten ezta?
Bai, maiatzaren 12an hasten dira beti. Gerbas ateratzen da iluntzean kalejiran dantzariekin batera eta lehen azken entsegua deitzen zitzaiona egiten da. Lehen egun horretan dantzari taldeak guztiek egiten zuten dantza eta hor erabakitzen zen San Trokaz egunean dantza ze taldek egingo zuen. Gero, maiatzaren 15ean, eguerdian egiten dugu dantza. Azken egunean, Gerbas botatzen den egunean, berriz, umeek emanaldia eskaintzen dute.

San Trokaz
Talde Batuakeko nagusien taldea, Pagonabarraga eskuinetik bigarrena. San Trokaz, Abadiño, 2015.

Ze dantzatu ohi duzue?
Ohitura dago dantzari-dantza egiteko eta gero arku-dantza, zinta-dantza eta sagar-dantza edo kontrapasa. Nagusiok urtean zehar bi datatan behintzat dantzatzen dugu, San Trokaz jaietan eta Urkiolan abuztuko azken zapatuan. Normalean saio horietarako prestatzen gara. Gaztetxoak, berriz, urte osoan zehar aritzen dira.

Aurten Talde Batuak taldeak mende erdi bete du.
Bai, 50. urteurrena maiatzaren 22ko asteburuan ospatu behar genuen. Jende pila bat batu ginen dena aurrera eramateko, izenak jasotzen eta taldeak sortzen hasi ginen. Hamabost bat talde osatuta geneuzkan oraingoz, umeak kontatu gabe; baina justu martxoaren 14an geneukan lehen entsegua eta dena bertan behera gelditu zen. Ez dakigu noiz, baina egingo dugu. Ospatu beharrekoa 51. urteurrena bada ere!

Talde Batuak
Talde Batuak dantza taldearen 40. urteurrena. Abadiño, 2010.

Zu dantzan noiz hasi zinen?
Ba hiru urterekin. Ni zaintzen ninduen neska dantza taldean zebilen eta haren bitartez hasi nintzen dantzan; eta gaur arte. Hamalau bat urterekin gure taldea pixka bat sakabanatu zen eta orduan ume txikiei klaseak ematen hasi nintzen.

Orain dantza-irakasle.
Momentu honetan sei bat talde ditugu eta nik zortzikote bat daukat. Ba momentu honetan oso pozik gaude ume pila bat animatzen da dantzara, baina gure problema da askotan falta zaigula nork erakutsi. Adin bakoitzeko talde bat sortzen da, askotan hamarretik gorakoa. Positiboa da, baina hori kudeatu egin behar da.

Talde Batuak
Pagonabarraga ikasle taldearekin entseguan.

Ze errepertorio lantzen duzu zure taldearekin?
Hamalau urteko zortzi neska ditut eta denetik erakutsi diet. Dantzari-dantza ikasi nahi zutela esan zidaten. Orduan bideoetatik ikasten hasi ginen. Gero talde nagusiko mutil bat ere etorri zen erakustera eta txukuntzera. Horrela, nire taldeko neskak joan den Bizkaiko Dantzari Egunean estreinatu ziren.  

Ikasleei dantzari-dantza erakutsi diezu, baina zuk dantzatu ahal duzu inoiz?
Ba egia esan ez. Aurreskua egin izan dut, baina dantzari-dantza inoiz ez dut plazan egin. Orain dela ez dakit zenbat urte, 2011n uste dut, neskak atera genuen lehenengo aldiz aurreskua eta atzeskua. Hortik aurrera saiatu gara urtero neska batek aurreskua eta mutil batek atzeskua, edo alderantziz egiten. Dantzari dantza ikasi nahi izan dugu, baina bata dela bestea dela, pendiente geratu zaigu.

Talde Batuak
Pagonabarragaren zortzikotearen estreneoa. Bizkaiko Dantzari Eguna, 2019, Sestao.

Baina gaztetxoak hasi dira ikasten.
Lehen neskak alde batetik eta mutilak bestetik antolatzen genituen taldetan. Mutilak dantzari-dantzara bideratzen genituen eta neskak gorularien-dantzetara. Orain dela urte batzuk erabaki zen berdin dela neska edo mutil izan eta ordutik taldeak ez ditugu banatzen. Beraz, dana danari erakusten zaie.

Arazorik gabe?
Neskek aurrera egin dute hasieratik eta mutiletan gehiago kostatu da. Mutil gutxi daude, baina daudenekin aurrera jarraitzen dugu eta ikusi, posible dela mutil bat sagar-dantza edo arku-dantza bat egiten ikustea. Zaila da hori, batzuei kosta egiten zaie ulertzea. Benetako aldaketa plazan egiten da. Aurresku eta atzeskuarekin hasi ginen plazan. Entzun genituen entzun beharrekoak, aurpegi txarrak eta onak, baina orain inork ez du zalantzan jartzen hori, azken urtetan urtero egin dugu eta ohitu gara.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.