Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Leioako Umore Azokaren 20. edizioa hastear da

Dokumentuaren akzioak

Leioako Umore Azokaren 20. edizioa hastear da

2019/05/15 08:15
Leioako Umore Azokaren 20. edizioa hastear da

Jordi L. Vidal konpainia.

Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azoka maiatzaren 16tik 19ra izango da aurtengoan. Leioako 30 espazio hartuko dituzte artistek, 120 konpainia inguruk aurkeztuko dituzte euren lanak eta horietako 19 Leioan kaleratuko dira lehenengo aldiz. Ana Capilla konpainiaren “Cajita de música”, La Glo Zirko Dantza Konpainiaren “Sacred” eta Organik Dantza Antzerkiren “Sardina freskue!” lanak izango dira aurtengo dantza estreinaldiak.

Dantza, antzerkia, eta zirku garaikidea izango dira azokaren ardatz nagusiak, baina komedia, musika, magia, dantza bertikala edo ekilibrismoa ere izango dira ikusgai; umorea inoiz ahaztu gabe.

Maiatzaren 17an, parte hartuko duten konpainiei harrera egingo zaie 14:30ean Mendibile Jauregian. Umore Azoka Leioa 2018ko sariak eta Umore Azoka 2019 Sari Berezia bertan banatuko dira.

Egitaraua

Maiatzak 16 osteguna

  • Garazi & Cía. (Euskal Herria): “ERRAiA”. Aldapa auditorioan, 19:00etan eta 22:00etan.
  • Nuc (Valentzia): “Aigua” Errekalde plazan, 23:00etan.
  • La Glo Zirko Dantza Konpainia (Euskal Herria): “Sacred” Errekalde plazan, 23:59an.

Maiatzak 17 ostirala

  • Jordi L. Vidal (Bélgica): “An encounter” Udaletxean 18:00etan.
  • Cía. Ana Capilla (Euskal Herria): “Cajita de música”.  Udaletxean, 19:00etan.
  • Cie. LMP (Alemania/Brasil/Espainia): “Piti Peta Hofen Show” Ondizen 19:00etan.
  • Collectif Eflirkoa (Frantzia): “Echos” Udaletxean 19:00etan.
  • Cía. de Danza Iker Gómez Teatro Físico (Madril): “El Pequeño lago de los cisnes” Udaletxean, 20:00etan.
  • Organik Dantza-antzerki (Euskal Herria): “Sardina Freskue!” San Juan Bautista plazan, 21:30ean.
  • Nuc (Valentzia): “Aigua” Errekalde plazan, 23:00etan.
  • La Glo Zirko Dantza Konpainia (Euskal Herria): “Sacred” Errekalde plazan, 22:30ean.

Maiatzak 18 larunbata

  • Mariana Collado & Lucio A. Baglivo (Madril/Argentina): “MYL” Errekalden 13:00etan eta 19:30ean.
  • Cía. de Danza Iker Gómez Teatro Físico (Madril): “El Pequeño lago de los cisnes” Udaletxean, 19:00etan.
  • Cía. Ana Capilla (Euskal Herria): “Cajita de música”.  Udaletxean, 20:00etan.
  • Fundación Fidias (Euskal Herria): “The Last Wimba-Dinkas” Jose Ramon Aketxean 20:00etan.
  • Jordi L. Vidal (Bélgica): “An encounter” Udaletxean 21:00etan.
  • Cie. LMP (Alemania/Brasil/Espainia): “Piti Peta Hofen Show” Aldapa auditorioan 21:00etan.
  • Organik Dantza-antzerki (Euskal Herria): “Sardina Freskue!” San Juan Bautista plazan, 22:30ean.


Konpainiak

Cía. Ana Capilla (Euskal Herria): “Cajita de música”  Udaletxean, maiatzaren 17an 19:00etan eta 18an 20:00etan

Kutxatila koloretsuaren barruan bizi den dan­tzaria kanpora atera da. Musikazko bere mundua erakutsi nahirik, txangoa egitera eramango gaitu, musika klasikoan hasi eta rock and rolleraino. Unibertso horrek akatsik gabea dirudi harik eta, kutxatila soinurik gabe, “mutu”, geratzen den arte. Lortuko ote du, adiskideen laguntzaz, musikaren egiazko sorlekua aurkitzea.

Garazi & Cía. (Euskal Herria): “ERRAiA” Aldapa auditorioan, maiatzaren 16an 19:00etan eta 22:00etan.

ERRAiA antzerkia, dantza, kable gaineko oreka eta musika ehuntzen dituen zirko garaikideko ikuskizuna da. Garazai Pascual kable gaineko dantzariak eta Roberto Castro multiinstrumentalistak, euskal emakume baten hiru belaunaldiko, iragana, oraina eta geroaren istorioaren pieza aurkezten du.

Tradizio zaharren interpretazio modernoa. Artile gogor eta ederraren erabilerak, Euskal Herriko kultura zein Bizitzako haria ekarriko dizkigu gogora. Xuxurla malenkoniatsuaren ikuskizuna, bibrazio musikal tradizionalarekin bat eginez.

La Glo Zirko Dantza Konpainia (Euskal Herria): “Sacred” Errekalde plazan, maiatzaren 16an 23:59an eta 17an 22:30ean.

Itsasoaren sakonenetik galaxia urruneneraino guztia konektaturik dago. Horixe da lotzen gaituen lokarri sakratua. Denboraren herentzia da, sorkuntzaren hazia, guztiok barruan eramaten duguna. SACRED (Sakratua) ikuskizunean, bizitzari bere eitea ematen dioten jainkozko geometria horiek zeharkatuko dituen bidaia proposatzen dizuegu. Dantza eta proiekzioa batzen dituen ikuskizun honek gogoeta egitera gonbidatzen gaitu, gure baitan dar-dar, unibertsoaren taupadaren partituran, egiten duen notaren inguruan.

Organik Dantza-antzerki (Euskal Herria): “Sardina Freskue!” San Juan Bautista plazan, maiatzaren 17an 21:30ean eta maiatzaren 18an 22:30ean.

Sardina Freskue! Ikuskizunean aurrera jarraitzen du konpainiak itsasoaren munduaz eta han emakumeek duten lekuaz duen interesak. Saregileen ondotik, orain Santurtziko sardina-saltzaileen txanda da. Lanbide horren ondare gisa kantu bat geratu zaigu, penintsula osoan ez ezik, haratago ere ezaguna dena. Omenaldia eskaini nahi diegu emakume haiei, haien lan estimatua eta haien ospe handia ez dadin ahaztu, eta, horretarako, sardina-urrina izango da protagonista nagusietakoa saioan zehar. Sardina Freskue! Dantza-antzezpena da, umoretsua, freskoa eta urrintsua, eta publikoaren parte hartzea bilatuko da une jakin batzuetan, haiek ere, hala nahi badute, erabakimena izan dezaten antzezleek eskainiko dituzten proposamenen gainean.

Nuc (Valentzia): “Aigua” Errekalde plazan, maiatzaren 16an 23:00etan eta 17an 21:30ean.

Begientzako poesia da hau, elkartasunari, ingurumenari eta adiskidetasunari buruzkoa. Hamar metroko altueran egindako gogoeta, zanko, aireko dantza eta akrobazia bitartez. Planetan zehar egiten dugun igarobidearen metafora. Unibertso distopiko batean, gurean esaterako, bi arima alderrai, lotsagabe eta egarriz dabil­tzanak uraren zaintzailearekin topo egin dute. Hark, betarte beltza eta hankokerra, bere bihotz itzela ireki behar izango du dantza eta irribarrea berreskuratzeko. Arimak, berriz, moralik eta lotsarik gabeak, egoki jokatzen ikasi beharko dute. Hirurek ala hirurek behar dute, ura bezainbeste, bizitzen ikastea.

Cía. de Danza Iker Gómez Teatro Físico (Madril): “El Pequeño lago de los cisnes” Udaletxean, maiatzaren 17an 20:00etan eta 18an 19:00etan. 

Koreografia puska labur hau “Artegintzatik” ikerketaren zati bat da, alegia, Iker Gómez koreografoak egiten ari den Doktoretza Tesiaren haritik egindako ikerketa baten zatia. Doktoretza Tesiaren izenburua da “Beltxargen Aintzira Balletaren bikoiztasuna Dantza Garaikidetik”, eta helburua du, jatorrizko Balletaren analisitik eta azterketatik abiatuta, kontakizunaren atzean dagoen irakurketa zeharka­tzea. Balletaren argumentuaren egitura eta formaltasuna alde batera utzi eta, oraingo testuinguruan, obra horren atzean gordetzen den esentzia bilatzen da. Beltxarga Beltza eta Beltxarga Zuriaren artean dagoen bitasunetik abiatuta, ikerketa lana hasten da, Bitasun irizpide berriak erabiliz: Esanahia eta Zentzua, Egiazkoa eta Gezurrezkoa, Hitza eta Keinua, Banako Nortasuna eta Taldeko Nortasuna, Edertasun Objektiboa eta Edertasun Subjektiboa.

Mariana Collado & Lucio A. Baglivo (Madril/Argentina): “MYL” Errekalden maiatzaren 18an 13:00etan eta 19:30ean.

“MyL” izenpean Mariana Collado eta Lucio A. Baglivo elkartzen dira, 40 urte inguru bizitzaren zati handi bat arte eszenikoei eskainiaz. Proiektu honen helburua da agertoki gainean, dantza garaikidea, flamenkoa, antzerkia eta akrobazia erabiliz, agertoki gainean diren bi pertsonen arteko bat-egitearen barnekotasuna ezbaian jartzea, eta horrekin batera, nola hori islatzen den gure gaurko gizartean, gizon-emakumeen arteko erlazio soiletik, dantza bat konpartitu, besterik nahi ez dutenean.

Cie. LMP (Alemania/Brasil/Espainia): “Piti Peta Hofen Show” Ondizen maiatzaren 17an 19:00etan eta Aldapa auditorioan maiatzaren 18an 21:00etan.

3 herrialde, 3 malabarista, 3 objektu. 45 minutu umorez, erokeriez eta orain arte gizakiak inoiz ikusi ez dituen teknika sekretuez josiak. 3 pertsonaia bizi dira unibertso absurdo batean, logika kontraesankorrekin, ergelkeria nagusi dela eta ama-hizkuntza malabarismoa. Piti Peta Hofen Show honetan erabat desberdinak diren 3 estilo berezi nahasten dira, eta antzerki, inprobisazio eta gauzekiko obsesioaren bidez erakusten zaigu. Ikuskizun hau egokitu daiteke edozein leku edo eguraldi gorabeherarekin ere, dela euria, ekaitza edo sumendien erupzioa. Ikuskizuna muturreko pobrezian oinarrituta dago. Dramaturgia molde honetan, inprobisazioa eta antzezpena nahasten dira kaos sor­tzaile baten dimentsioan.

Jordi L. Vidal (Belgika): “An encounter” Udaletxean maiatzaren 17an 18:00etan eta 18an 21:00etan.

Ikuskizun original eta dinamikoa, lurreko akrobazia, dantza eta antzerki fisikoa konbinatzen dituena. Bi pertsonaren arteko topaketa xamurra eta suharra, hunkitzen gaituena, irribarrez eta ustekabez osatutako koktel batean.

Collectif Eflirkoa (Frantzia): “Echos” Udaletxean maiatzaren 17an 19:00etan.

Eflirkoa Kolektiboaren azken lanak Echos du izena, eta gizakiak hirian duen lekua auzitan jartzen du. Metropoliaren irakinaldian gizakiak lasterka dabiltza hara eta hona, elkar gurutzatzen edota elkar ukitzen dute, elkar ikusi gabe. Hiriko Echos aztoratuak jiraka dabiltza eta gure bizitzak hausten dituzte. Zalaparta horretan, burbuila batek eklosionatzen du… denbora gelditzen da… arnasak eta azala laztantzen duen haizeak zentzumenak pizten dizkigute… erritmoa esnatzen da eta bere dantzara bul­tzatzen gaitu. Une horretan, geure keinuez, pozen eta topaketa humanoen Echos horiekin partekatzen dugu biribilketa bat.

Fundación Fidias (Euskal Herria): “The Last Wimba-Dinkas” Jose Ramon Aketxean maiatzaren 18an 20:00etan. 

“The Last Wimba-Dinkas” ikuskizuna Leire Rada, Aida Gomez eta Elda Ugarte artistek zuzendu eta koreografiatutako lana da. Bertan, 50 antzezlek dantzaren bidez kontatuko digute Afrika exotikoan izandako abentura ausarta. Fidias fundazioak integrazio eta garapen per­tsonala bilatzen du arteen bitartez. Oraingo honetan, publiko guztientzako lana eskain­tzen digu tartean direla dantza molde asko: Afro, Dancehall, Hip-Hop… helburua dela umorea, alaitasuna eta begirunea transmiti­tzea.

Informazioa: Leioako Umore Azoka 2019 (pdf)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.