Dokumentuaren akzioak
Lazkaon aspaldi galdu ziren inauteriak berpiztuko dituzte
Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza taldeko Anne Zubiarraini galdera batzuk luzatu dizkiogu.
Zehazki zer da prestatzen ari zaretena Lazkaon?
Lazkaok erabat desagertu den ohitura bat izan du 1960-70 urtera arte inauteriak ospatzeko. Mozorroak deituriko pertsonaiak etxerik etxe eta kalez kale dantzan eta eskean ibiltzen ziren. Gure asmoa 1960 inguruan eten zen ohitura berreskuratzea da.
Nola planteatzen duzue otsailaren 28ko eguna?
Herriko eragileak ari gara eguna antolatzen. Lazkaoko udalaren babes eta laguntza izanik, Oin Arin dantza taldeko kideok, herritarrak, inauterietan parte hartzera animatu daitezen, egingo ditugun dantzak ikasteko entseguak antolatu ditugu. San Benito ikastolan, Lehen Hezkuntzako ikasleek euskal inauterien, eta zehazki, Lazkaoko inauterien lanketa egiteaz gain, otsailaren 28an egingo ditugun dantzak ere landuko dituzte. Egunean bertan, Lazkao Txiki musika eskolako trikitilarien eta panderojoleen laguntza izango dugu dantzarako. Horrez gain, Jotake Lazkaun taldeko joaldunak izango dira herrian zehar egingo dugun ibilbidean.
Puska-biltzea, kalejira... ze asmo duzue egun horretarako?
Herrian zeharreko ibilbide bat egingo dugu, kalejiran, eta hainbat plazatan geldiuneak egingo ditugu dantzatzeko.
Mozorroak aterako dira, argazki zaharrean agertzen diren estilokoak?
Bai, Mozorroak izenarekin ezagutzen zen lagun taldea janzten zen bezala janztea da asmoa; dantzariz jantzita, alegia: praka eta alkandora zuriak, apreta zuriak xingola gorriekin zeharkatuak, txapela eta gerriko gorriak eta lepoan zapi koloreduna. Horrez gain, inauterietako dantzetan Lazkaomendin erabili izan zen galtza zuri berezi batzuen berri ere izan dugunez, zeinak esku gorriaren irudia zuen izter gainean kokatua, elementu hori ere gure jantzietan gehitzea erabaki dugu. Beraz, Zagupe astialdi taldeak, tailer bat antolatuko du inauterietan parte hartzera animatu diren haur, gazte eta helduek beraien eskuak egin ditzaten jantzien osagarri gisa.
Eta ze dantza egingo dituzue?
Herrian zehar egiteko aukeratu ditugun dantzak festa giroan dantzariek eta dantzari ez direnek ere egiteko modukoak dira: Pxit, Polkak, Esku dantza, Lantzeko zortzikoa, Iturria, Borobila... Eta ondoren, dantzari talde batek mozorro-dantza ere eskainiko digu.
Mozorro-dantza orain sortu duzue?
Ez, ez dugu orain sortu dantza, orain urte batzuk berreraikitako Ataungo mozorro-dantza izango da. Beasaingo Aurtzaka dantza taldekoek Goierriko dantzen ikuskizunerako berreraiki zutena, hain zuzen ere.
Dokumentuaren akzioak