Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Lantzeko inauterietan kamerari batek eraso sexista jasan duela salatu du ETBk

Dokumentuaren akzioak

Lantzeko inauterietan kamerari batek eraso sexista jasan duela salatu du ETBk

2016/02/09 09:40

EITBk oharra kaleratu du atzo Lantzeko inauterietan bere langile batek jasandako eraso sexista salatuz. Astelehen eguerdiko inauteri kalejiran, kameraria inauterietako irudiak hartzen lanean ari zela gertatu omen zen erasoa. 

Informazio urria eta nahasia

Euskal Irrati Telebistak argitaratutako oharrak ez du erasoaren inguruko xehetasunik eskaintzen, eta bestalde, zenbait komunikabidek argitaratu dituzten albisteetan batere sinesgarriak ez diren xehetasunak ematen dira. Adibidez, Deiako albiste honetan (EFE agentziaren informazio moduan aurkezten da) esaten da Ziripot mozorroa zeraman gizonezkoak kameraria bi besoetatik hartu eta ibilbidetik baztertu duela zakartasunez. Ziripot zer mozorro den jakinez gero erraza da irudikatzea zakartasuna ez zaizkiola urruti, baina Ziripotek eraso sexista bat egin dezakeenik pentsatzea zailago gertatzen da, ikuspegi eta mugikortasuna erabat murriztua dituen mozorroa izanik.

Gertaerak argitu nahian

Inauteriek Lantzen zerbait badute anabasa, desordena eta kaosa da, eta beraz, gertaerak argitzea zail gertatzen ari da. Diario de Noticias de Navarrako kronika honetan hainbat xehetasun jaso dituzte, ETBko kamerariarekin hitzegiteko aukera izan baitu kazetariak. Bertan dioenez hiru aldiz izan zen erasotua ibilbidean zehar. Lehenengoan, kalejirako mozorro batek langilearen bizkarrean, "nire gorputzarekin igurtziz" sexu harreman imintzioak egin zituen. Bigarrenean, kamera sorbalda gainean zeramala, beste mozorro batek erratza hankatartean sartu zion. Hirugarrenean, "bultza eta oldartsu astindu" zuen mozorro batek "erditik baztertzeko" esaten zion bitartean.

Zenbait testiguk Noticias de Navarrari esandakoaren arabera, hirugarren gertaera horretan, kamerariak argazkiak egiten ari zen ikusle batekin estropoz egin eta inauteriaren ibilbidearen erdian geratu zen, eta une horretan kalejiran zen mozorroetako batek zakar bultzatu zuen ibilbidetik kanpora egotziz. Badirudi beraz, aipatzen diren erasoak mozorro desberdinek egindakoak izan daitezkeela.

Lantzeko alkatearen adierazpenak

Isabel Baleztena Lantzeko alkateak edozein eraso sexista "deitoragarri" dela adierazi du, eta Lantzeko herritarrek atseginez hartzen dituztela inauterietara etortzen diren ikusle eta komunikabide guztiak. Horrelako erasoak "ez daitezela berriz gertatu" eskatu du, ez dituztela eraso sexistak eta ez sexistak onartuko. Bestalde, festa berezia dela azaldu du, publikoarekin interaktuatzen dela, eta zenbait unetan ikusleak harritu eta izutzen saiatzen direla, baina ez dela asmo txarrik izaten, eta ikuskizunaren parte izaten direla.

Inauteriak, bortizkeria eta sexu erasoak

Ez da lehen aldia hainbat inauteritan ohikoa den bortizkeria eta sexu gehiegikerien aurrean asaldatuta salaketa gertatzen dena. Zubietako inauterietan 2001. urtean gertatutakoaz idatzi zuen Thierry Truffaut-ek Joaldun et Kaskarot liburuan. Mozorro batzuk iraingarri gertatu zitzaizkien zenbait emakumeri eta salaketa jarri zuten Iruñeko epaitegian. Mozorroen atzean zeuden norbanakoak identifikatzera bultzatu zuen horrek epailea, mozorroaren oinarrizko araua, anonimotasuna hautsiz. Inauteria ia desagertu egin zen Zubietan gertaera horien ondorioz, eta poliki-poliki bere onera itzuli bada ere, arrasto sakona utzi zuten gertaerek Malerrekan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.