Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Eder Niño: "Lanean gabiltza egungo egoerara egokituta, baina nondik gatozen ahaztu gabe, gure sustraiak gaur egunera ekartzen"

Dokumentuaren akzioak

Eder Niño: "Lanean gabiltza egungo egoerara egokituta, baina nondik gatozen ahaztu gabe, gure sustraiak gaur egunera ekartzen"

2024/04/23 08:45
Eder Niño: "Lanean gabiltza egungo egoerara egokituta, baina nondik gatozen ahaztu gabe, gure sustraiak gaur egunera ekartzen"

Laguntasunaren 75. urteurreneko aurkezpen ekitaldiko soka-dantza Eder Niño aurresku dela. Argazkia: Laguntasuna

75 urte dira Barakaldoko San Bizente auzoan Laguntasuna dantza taldea sortu zela. Dantzaren aitzakian euskal kulturaren eta euskararen transmisioa helburu, hainbat gazte elkartu eta bideari ekin zioten. Hiru mende laurden pasata, tinko jarraitzen du orduan hasitako sokak. Belaunaldi berriek erreleboa hartu eta aurrekoekin batera dantzan dihardute. Eder Niño (Barakaldo, 2000) bost urterekin hasi zen taldean eta egun irakasle eta kudeaketa lanetan dabil. Ondo daki zein ziren duela 75 urteko helburuak eta balioak, eta horiek beti presente, kasik atsedenik gabe dabiltza urteroko lanak eta urteurrenaren aitzakian gehitu dituztenak antolatzen.

Eder Niño
Kaxarrankan dantzan Eder Niño. Argazkia: Laguntasuna

1949an sortu zen Laguntasuna taldea. Zure ustez zer gordetzen du ordutik eta ze aldatu da?

Pixkanaka modernizatzen joan gara. Orduan gazte talde batek gogor lan egin zuen garai zailetan taldea aurrera eramateko; eta uste dut gaur egun ere gazte talde konprometitu bat dabilela lanean. Orain gu gabiltza lanean, baina beti ere kontuan dauzkagu gure nagusiek egin zituzten lanak eta lorpenak. Badugu harremana beraiekin eta saiatu gara transmisioa mantentzen. Lanean gabiltza egungo egoerara egokituta, baina nondik gatozen ahaztu gabe, gure sustraiak gaur egunera ekartzen.

Laguntasuna 1949
Laguntasuna, 1949.

Laguntasuna 75 urte
Laguntasuna 75 urte. Argazkia: Laguntasuna

San Bizente auzoan izan zen lehen emanaldia, egun ere auzoari lotuta jarraitzen duzue?

Laguntasuna San Bizenten jaio zen eta gaur egun ere bertan daukagu egoitza. Auzoan egiten dugu gure bizitza, baina Barakaldo osoan, Euskal Herrian eta munduan ere mugitu izan gara. San Bizenten kokatu izan gara beti bertako jendeak sortu zuelako eta bertan izan da beti gure elkargunea. 

350 bazkide eta 200 pertsona aktibo zabiltzatela irakurri dugu. Zertan dabiltza 200 pertsona horiek?

Duela urte batzuetatik dantza talde izaera gainditu genuen eta egun esan dezakegu kultur elkartea garela. 200 kide horiek modu aktiboan dabiltza dantza eskolan, txikiei erakusten, nagusien taldean, musika tradizionalen eskola ere badaukagu, txistu taldea, fanfarre gaztea eta nagusia, helduen erromeria eskola, erraldoien konpartsa eta badaukagu baita ere kantu taldea. Azpi talde horietan antolatzen gara eta gure lan ildoa da euskal kultura modu integralean jorratzea eta kalera ateratzea. 

Erraldoiak
Laguntasunako erraldoiak. Argazkia: Laguntasuna

Dantza eskola aipatu duzu. Zenbat pertsona mugitzen zarete dantza eskolaren bueltan?

Txikien taldea 50 bat haur eta gaztetxok osatzen dute eta horiekin lanean 6-7 irakasle dabiltza. Bost urtetan hasten dira eta 16-17 urtera arte jarraitzen dute. Eta gero, nagusien taldera pasatzen dira.

Eta helduen erromeria eskola zer da?

2006an Barakaldo Erromerian programa jarri genuen martxan. Hilabetean behin San Bizente plazan erromeria antolatzen dugu. Orduan erromeria horietan eta Barakaldon eta Ezkerraldean egiten diren erromeriatan parte hartzeko iruditu zitzaigun ideia ona zela dantzan ez dakiten helduei plazako dantzak, korroko dantzak, Europako dantzak... irakastea.

Soltean
Laguntasunako beteranoak dantza soltean. Argazkia: Laguntasuna

Ze dantza errepertorio landu ohi duzue eta zein dira Laguntasunaren urteko zita garrantzitsuenak?

Saiatzen gara Euskal Herriko dantzak egiten, Lanestosatik hasi eta Nafarroa Erriberako dantzetaraino. Herrialde guztietako dantza lantzen saiatzen gara Euskal Herriko aniztasuna erakusteko. Eta gure egutegian borobilduta dauden egunak dira San Bizenteko jaiak eta Karmengo jaiak eta Euskal Herriko eta Bizkaiko Dantzari Egunak.

Euskal Herriko beste herrietako dantzak ikasten dituzue, baina Barakaldoko dantzakerari ere begiratu nahi izan diozue. Duela urte batzuk bertako aurreskua berreskuratu zenuten, ezta?

2011n martxan jarri genuen Barakaldoko ikerketa etnografiko bat. Barakaldoko dantza tradizionalak, adierak, jai erritualak... biltzen ditugu eta batzuk berreskuratzeko ahalegina egina ere egin dugu. Elizateko aurreskua, adibidez, lehen data garrantzitsuetan egiten zena. Egun berreskuratu dugu eta San Bizente egunean, Karmen egunean eta Santa Luziako erromerian ere dantzatzen dugu.

Aurreskua
Barakaldoko Santa Luzia kaleko jaietako aurreskua, 2023. Argazkia: Laguntasuna

Aurreskua
Eder Niño Joseba Altube taldeko lehendakariaren eskutik Elizateko Aurreskua dantzatzen, aurtengo San Bizenteko jaietan. Argazkia: Laguntasuna

Nola ekarri duzue plazara denboran galduta egon den dantzakera hori?

Alde batetik Josu Larrinaga folkloristarekin batera ikerketa bibliografiko bat egin genuen eta beste aldetik elkarrizketatu genuen Barakaldon XX. mende hasieran, gerra aurretik, azkenekoz aurreskua dantzatu zuen gizon bat. Heldua zen, 95 urte zituen, baina ahal zuen moduan azaldu zigun nola egiten zituzten punteoak, urratsak... Oso garrantzitsua izan da gure adierazpen kulturala berreskuratu ahal izateko.

75. urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzue. Apirilaren 28an, esaterako, Baionako Orai-Bat taldea eta Ribaforadako paloteadoko dantzariak gonbidatu dituzue Barakaldora. Zergatik talde horiek?

Saiatu izan gara guretzat ezezaguna den errepertorio duten dantza eta musika taldeak Barakaldora ekartzen. Baionarrekin eta ribaforadarrekin aurretik badugu harremana, elkartrukeak egin izan ditugu. Gure proiektua herrigintzan eta auzogintzan oinarritzen da eta uste dugu harremanak direla euskal kultura aberasteko modurik onena. Beraz, beste taldeak ere gure proiektuaren oinarrian daude eta beraiekin ospatu nahi dugu urteurrena.

Laguntasuna 75 urte
Eder Niño dantzaria, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea eta Fran Muñoz Laguntasunako zuzendari artiskoa.

Zuen taldeak ondo dion moduan laguntasuna garrantzitsua da eta pentsatzen dugu Barakaldotik kanpo lagun ugari dituzuela, ezta?

Ahal dugun guztietan mugitzen gara Euskal Herriko beste lagunei bisitak egiten eta nazioartean ere ibili gara: Mazedonia, Errumania Hungaria, Italia... Eta leku bat azpimarratzekotan, esan beharra dut 2022an Argentinako Euskal Astean egon ginela. Diasporako lagun asko egin genituen eta ikaragarrizko esperientzia izan zen Macachinen (Argentina) ospatu zuen euskal astean parte hartzea. Gure dantzak, musika, kultura ezagutzeaz gain bertako jendearekin harremanak izatea oso garrantzitsua dela uste dugu.

Kanpoan lagun asko, baina baita herrian ere. 350 herritarren babesa bada zerbait, ze eskaintzen diozue herriari?

Laguntasunak 75 urte hauetan bizirik iraun badu da herriaren eta auzoaren babesa daukagulako. Auzoko jendearekin, tabernariekin, merkatariekin... oso harreman ona dugu. Ezinbestekoa da hori gure jarduerarentzat. Gure eremu naturala kaleak eta plazak dira. Antzokietan ere dantzatzen dugu batzuetan, baina gu erosoen sentitzen gara kalean. Uste dugu presentzia interesgarria daukagula auzoa dinamizatzen, Errosario eguna, Barakaldoko Olentzero eta beste zenbait ekintza antolatzen ditugu herrian. Gure helburua kulturalki herria aktibatzea da. Baita ere kolaborazioak egiten ditugu San Bizenteko eskolarekin, Gorostiza herri kirol klubarekin, Barakaldoko orfeoiarekin...

Gure gorputz hizkuntza da zuen lan tresna, baina nahiko erdalduna den eremuan dantzan euskaraz ari zarete ezta?

Gu saiatzen gara zeharka euskara lantzen eta gure egunerokotasunean oinarri izaten. Ez bakarrik entseguetan, baita, gero, hortik kanpo ere. Dantza taldeko jendea dantzatik aparte ere biltzen gara eta saiatzen gara gure artean euskara modu natural batean bultzatzen. 75 urte hauetan euskalgintzarekin lotura zuzena izan dugu. Alkartu ikastola edo Barakaldoko gaueko eskola sustatu zuten asko dantza taldeko kide ziren. Sasiburu euskara taldearekin harremana dugu edota Korrika batzordean ere bagaude. Euskal kulturaren eta euskararen aldeko sentsibilitate duen jendea elkartu zen Laguntasunan hasiera haietan eta bide beretik jarraitzen dugu.

Laguntasuna haurrak
Laguntasuna dantza taldeko haurren emanaldia. Argazkia: Laguntasuna

Maiatzaren 5erako, berriz, gazteen jaialdia antolatu duzue. Gazteak erakartzea erraza zaizue?

Egia esan pandemia ostea garai gogorra izan da, baina nik uste du lan polita eta epe luzera begirakoa egiten dugula gazteekin. Harrobia direnez, beraien presentzia areagotzeko helburuarekin, gazteen jaialdia antolatu dugu. Dantza eta musikaz harago, tailerrak, jolasak... antolatu ditugu. Uste dugu proiektua aurrera joateko ezinbestekoa dela gazteak eroso sentitzea. Egun hainbeste aukera daude, lortu behar dugu beraiek eroso sentitzea eta garrantzitsuak direla ikusaraztea. Gure kulturaren oraina eta etorkizuna gazteen esku baitago.

Kantu Eguna ere ikusi dugu programan. Kantuak badu presentzia zuen taldean, ezta?

Euskal eta Barakaldoko kulturan erdigunean egon da kantua. Ez gara profesionalak, baina modu herrikoian biltzen gara gure kantuak abesteko. Euskal Herriko kantu egunetan ere parte hartzen dugu eta beste hainbat kantu talderekin ere baditugu harremanak. Beraz, urteurrenean beste talde batzuk gonbidatu eta gure kantu egun propioa antolatu nahi izan dugu San Bizenten.

Dantza, kantua eta musika, nola ez. Taldean musikariak izateaz gain, musika ere erakusten duzue.

Dantza taldean ezinbestekoak dira musikariak, baina talde askotan faltan izaten dira. Guk arazo horri aurre egin nahian euskal musika tradizionalen eskola daukagu. Txistu, perkusio, gaita... klaseak ematen ditugu. Horrela, bermatzen dugu hilabetero egiten ditugun erromerietarako fanfarre gaztea eta nagusia eta baita emanaldi guztiak zuzeneko musikarekin izatea. Guretzat musika da taldearen ezinbesteko zutabea.

Laguntasuna musikariak
Laguntasunako musikariak. Argazkia: Laguntasuna

Eta urrian garai bateko dantzariek eta oraingoek elkarrekin emanaldia bat prestatuko duzue.

Beti saiatzen gara garai baten dantzan ibilitako jendea gurera erakartzen. Baina askori zaila egiten zaio modu jarraikor batean taldean jarraitzea, horrela, interesgarria iruditu zaigu 75. urteurrena aprobetxatzea belaunaldi ezberdinetako dantzariak elkartzeko. Urrian dantzatuko gara eta ari gara pixkanaka hori prestatzen. Guretzat ezinbestekoa da kontuan izatea aurreko belaunaldiek egin dutena, transmisioa eta erreleboa modu koherente batean egiteko. Elkartzen garenean nagusiei beren garaiko kontuan entzuten dizkiegu eta hori oso interesgarria da, eta 75 urteko proiektuari horrek ematen dio zentzua.

Laguntasuna 75 urte
Laguntasuna 75 urte. Argazkia: Laguntasuna

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.