Dokumentuaren akzioak
Kultura Plana eta dantza (II)
Planak Euskal Kultura bere osotasunean du aztergai, eta erremedio asko orokorrak dira. Baina badira espezifikoak ere, alor bakoitzari dagokionak alegia, eta horien artean dantzakoei erreparatu diet noski.
Dantzari dagozkion proposamen zehatzek ez naute erabat asetu. Nire uste apalean dagoena hain urria izanik alor hau sustatzeko ahalegin handia egin beharko da, eta planean ez dut antzeman horrelako larritasunik. Orain arteko hildoetan sakondu beharra dagoela esateaz gain, egiten diren proposamenak ez dira benetako egitasmoak, aztertu daitezkeen proiektuak baizik. Alegia, ez da esaten dantza jardueretarako espazioak (Dantza Etxeak) sortu behar direla, baizik eta kontu hori aztertu behar dela. Ez da esaten dantza konpainia bat sortu behar dela, baizik eta horretarako aukerak aztertu behar direla. Eta niri egokia iruditzen zait, ez baitut uste planaren prestaketan horrelako kontuak zehatz-mehatz aztertzeko betarik izan dutenik. Baina kontua da, horiez gain apenas proposatu dela beste ezer eta azterketa horiek egiteko presa berezirik ez dela ezarri, 2005rako utzi baita Dantza Etxeak sortzeko aukeraren azterketa eta 2006-07rako dantza konpainiarena.
Bestalde, dantza tradizionalaren kasuan zaila gertatzen zait aurkitzea zein ataletan aipatzen diren alor horri dagozkion beharrak eta proposamenak. Ez Ondare Etnografikoei dagozkienetan eta ez Arte Eszenikoen dagozkienetan, ez ditut aurkitzen dantza tradizionalaren problematikarekin bete betean bat egiten duten diagnostiko eta jarraibideak. Adibidez, niretzat dantza tradizionalean gaur egun hutsune larri bat, gabezia kritiko bat, formazioari dagokiona da. Ez dago dantza tradizionalaren inguruko formazio sistema iraunkorrik, ez dago titulaziorik, ez ikasketa curriculumik, ez irakasle ez ikastetxe homologaturik... Gabezia hori azaleratzen duen aipamen zehatzik ez dut aurkitu eta hurbilena ondokoa da, Ahulguneak atalean datorrena:
- Akats larriak daude hastapeneko prestakuntza espezifiko, profesional eta jarraituaren eskaintzan eta arte eszenikoetako lanbide-multzoan (sortzaileak, interpreteak, teknikariak, jantzi-diseinugileak, argiztatzaileak, eszenografoak...) eta dantzan.
Baina orokorregia da, eta ez zait iruditzen dantza tradizionaleko dantzari eta irakasleek dituzten formazio hutsuneak hor jasoa geratzen denik.
Ahulguneak
Ahulguneetan aipatzen dira han eta hemen dantza kontu gehiago, adibidez:
- Sortzaileei (literato gazteei, musikariei, dantzariei...) ematen zaizkien laguntzak edo pizgarriak, edota egiturak, ez dira behar bestekoak. Musika klasikoan, interprete gisa, zinegintzan edota dantzan ari diren gazte askok kanpora jo beharra dute, ezinbestean, bere lanean arituko badira.
Beste ahulgune hau orokorra da, baina pentsatzen dut dantza tradizionala sar daitekeela hor:
- Ondare etnografikoari, beste ondareekin alderatuz gero, erakundeek balio txikiagoa aitortzen diotela dirudi.
Planean EITBk euskal kulturaren munduan jokatu behar duen (eta jokatzen ez duen) paperaren inguruan hainbat aipamen egiten dira, eta tartean ondoko hau, ETB eta dantza-txapelketak lotzen dituen irudipenarekin bat egiten duena. Gainera, kasu honetan okerra da formulazioa, bakar-bakarrik dantza tradizionala eskaintzen du esaten baita bertan, eta ETBk aretoko dantzen txapelketei (dantzaki...) eskaini ohi dien programazio tarteaa ahazten baitu.
- ETBn oso oihartzun txikia izaten dute gaztelaniazko zein euskarazko ikusizko arteen zein arte plastikoen edukiek, literaturakoek, edo musika-kritikakoek. Dantzaren kasuan, informazio eskasarekin eta agendarekin batera, bakar-bakarrik dantza tradizionala eskaintzen du, hainbat errepikapenekin eta zeharo muturreko orduetan gainera. On litzateke EITBk edukiontzi erako kultur programazioak zabaltzea, edota espezifikoak bestelako ordutegi egokiagoetan.
Dantza ikuskizun profesionalek dituzten arazoak ere nabarmentzen dira ahulguneen artean jasotako honetan:
- Dantzari dagokionez, batzuetan pertsona batek berak egin behar izaten ditu sortzaile, produktore eta interprete lanak bere dantza-sorkuntzan. Laguntza eskasegiak daude haur, gazte zein ikusle helduentzako ekitaldiak eta Euskal Herriko zein kanpo alderako banaketa lortzeko. Ez dago dantza edo eszena lengoaia berriei eskainitako feriarik edo lehiaketarik.
Sormenaren hamarkada
Aurrera begira planaren egileek ateratako ondorio nagusietako bat hauxe da: Datorren hamarkadak edukien hamarraldia izan behar du, bai sorkuntzari bai produkzioari dagokienez. Are gehiago, sormenaren hamarkada izango dela diote. Eta horretarako, zenbait urrats proposatzen dituzte:
- Hirugarrenik, sorkuntzari arreta jartzeak eszena, literatura eta musika arte guztien garapena ziurtatuko du, eta horiexek dira kulturaren produkzio, erreprodukzio eta media eremu guztietarako ezinbesteko oinarria.
- Laugarrenik, gure ondare preziatuaren adierazpen anitzak gorde eta zaindu beharra dago, desagertu aurretik. Eta zaintzeaz gain kontestua errespetuz emanez eta era sortzaile edota funtzionalean gure garaietara egokituz.
Beraz, lehenenego sorkuntza eta garapena bultzatu, eta gero ondarea gorde eta zaindu. Nik alderantziz ikusten dut ordea, lehenengo bildu eta gorde, eta gero hortik abiatuta sortzen hasi.
Jarduerak
Diagnostikoaren ondoren Jarduerak atalean bildu dituzte planaren egileen iritziz lehentasunezkoak diren egitekoak. Arestian esan bezala, dantzaren kasuan jarduera zehatz gutxi eta balizko jarduerei buruzko azterketak nagusitzen dira. Hona zuzenean dantzari egokitu dakizkion jarduerak (bakoitzaren bukaeran ageri den zenbakiak jarduera hori egiteko epea, urtea, adierazten du):
- Musika, dantza eta antzerkiaren sektoreen egoera eta lehentasunei buruzko azterlan bat egin. 04-05
- Lurralde historiko bakoitzean dantzaren arloko profesional eta zaleentzat zentro koreografiko bat «Dantza Etxea» eratzeko kontua aztertu. 05
- Estilo ezberdinak jasoz dantzako gazte konpainia bat sortzea bideragarri izango litzatekeen edo ez aztertu foru aldundiekin batera. 06-07
- Honako arlo hauetako sostengu publikoa eta dirulaguntzak areagotu: Eszenarako sorkuntza, produkzioa eta banaketa. 05
- Dantza-zirkuitu finkoa eratzeko ahaleginak areagotu foru aldundiekin lankidetzan. 05-06
Bost jarduera horietatik hirutan aztertu egin behar dela diote eta beste bietan areagotu. Ez da emozionatzeko modukoa. Baina kontuz, beharrezkoa iruditzen zaizkit, eta gutxitxo iruditu arren, horiek aurrera egiten badute, izango da zerbait!
Lehenengo jarduera, sektoreen egoera eta lehentasunei buruzko azterlan bat egin funtsezkoa iruditzen zait, baina espero dut Plana egiteko dantzari buruz erabili den txostena baino zerbait serioagoa izango dela.
Dantza Etxea eratzeko kontuari buruz, proposamen interesgarria iruditzen zait, eta horren ezaugarriak ondo aztertu beharko badira ere, ea aurrera egiten duen. Dantza konpainiarena ez dut oso argi ikusten, estilo ezberdinak jasoz horrek batez ere zer esan nahi duen jakin nahiko nuke. Baina, horretarako jarritako epea (2006-07) ikusita, idatzi duenak ere oso argi ez zuela dirudi.
Beste biak Areagotu taldekoak dira, eta noski, gutxitu ez den neurrian, poztekoak.
Ondarea
Lehen esan bezala, dantza tradizionalari horietako zeinek eragin diezaioken jakitea ez da gauza erraza. Arte eszenikoen alorrean normalean gutxietsita egoten da dantza tradizionala, eta beraz, ondarearen inguruko jarduerei erreparatuko diegu. Hor bi jarduera proposamen aurkitu ditugu akaso dantzari egokitzeko modukoak:
- Kultur ondareari dagozkion inbentarioak eta katalogatze-lanak egin. 04-05
- Aurrekontu partidak eratu ondare etnografikoa kudeatzeko eta babesteko. 04
Benetan dantza tradizionalak hor tokia izango duenik zaila da jakitea baina, erne izan beharko gara.
Ur tanta bat dantzaren basamortuan
Dantzaren alorrean ditugun zenbait hutsune larrirentzat irtenbide garbirik ez dut antzeman planean, baina gerta daiteke ulertu edo ezagutzen ez ditudan jarduera eta egitasmoetan jasota egotea horietako batzuk.
Arestian aipatu dugu formazioaren inguruan dugun arazo larria. Horrez gain nabarmena gertatzen da dantzaren dokumentazio zentro baten beharra, musikaren alorrean Eresbil duten bezalako bat alegia. Ez zait iruditzen aipatzen diren dantzaren etxe horien lehentasunezko egitekoa izango denik dokumentazio zentroarena, beraz, ez dut ikusi hutsune hori betetzeko inolako egitasmorik.
Dantza tradizionaleko emanaldiak, tokian-tokiko jai eta ospakizunetan ziklikoki egiten direnak, ondare bezala katalogatu, eta dagokien laguntza eta zaintza eman beharrekoa iruditzen zait, eta ez dakit ondare etnografikoari dagokion ataletan horrelako asmorik jasoa ote dagoen.
Atzoko mezuan aipatzen genuen bezala, dantzaren basamartua hain da lehorra ur tantarik txikiena ere pozik hartuko dugula. Beraz, ezer baino lehen, ongi etorriak izan daitezela ekimen berri, azterketa eta areagotze nahi guztiak.
Kulturaren Euskal Plana, osorik daukazue hemen azpian, erantsitako artxiboan, PDF formatuan.
Dokumentuaren akzioak