Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Kaskaboboak eta Maskaritak Agoizko inauterietan

Dokumentuaren akzioak

Kaskaboboak eta Maskaritak Agoizko inauterietan

2008/01/16 09:04

Inauterien datak jasotzen dituen albistean utzi du Mikel Villanuevak Agoizko inauterien berri, eta ondoren informazio gehiago eta argazkiak helarazi dizkigu. Gaur egun Agoizko inauteriek ospakizun hauek izaten dituzte:

Inaute Larunbata

  • Kaskabobo eta Maskariten irteera herriko kaleetan
  • Puskabiltza arrautzak eta txistorra jasoz

 
Inaute Asteartea

  • Kaskabobo eta Maskariten irteera herriko kaleetan
  • Sua merkatuaren plazan
  • Herri afaria, txistorra tortilla bildutakoarekin 


Juan Garmendia Larrañaga

Agoizko inauteriari buruzko informazio interesgarria Juan Garmendia Larrañagak argitaratu

Agoizt Maskarita

zuen Carnaval en Navarra liburuan. Hainbat eta hainbat inauteritarako informazio iturri funtsezkoa da Garmendia Larrañaga, eta aipatzekoa da bere lanak digitalizatuta denon eskura jarrita dituela Eusko Ikaskuntzak. Inauterien atalean jasota dago baita ere Carnaval en Navarra (pdf) liburua eta bertan lehen kapituluan aztertzen du Garmendia Larrañagak Agoizko inauteria.

Juan Garmendia Larrañagaren esanetan Inaute Igandean hasi ohi ziren inauteriak Agoitzen. Mutilak cascabobos eta neskak mascaritas izenarekin ezagutzen ziren mozorroak jartzen zituzten eta kalera ateratzen ziren igande goizean.

Maskaritak

Gona eta txanbra jantzi ohi zuten Maskaritek. Oinetan zapatak, kapela deigarri bat eta belo batekin estaltzen zuten aurpegia. Maskarita batzuk abaniko batekin jostatzen zuten eta beste batzuk ura botatzen zieten ondotik pasatzen zirenei. Horretarak gomazko ontzi txiki bat izaten zuten ezkutuan eskuan.

Kaskaboboak

Agoitz Kaskaboboak

Aurpegia antifaz eta oihal baten atzean ezkutatzen zuten. Koloretako galtza motz marratuak zeramatzaten, alkondara zabal bat, eta gerrira lotuta txintxarri batzuk, mugimendu txikienarekin soinua egiten zuetnak. Kaskaboboek abarketak eta belaun azpian lotutako galtzerdiak zeramatzaten. Buruko kapela kono itxurakoa zen, eta ttuntturro horretatik jantziaren antzek koloreak zituzten zintak zintzilikatzen ziren. Eskuan makila bat, eta makilaren muturretik soka batekin bota deitzen zioten trapuz betetako galtzerdi bat zeramaten. Bota-rekin ahal zuten guztiei jotzen zieten.

Iluntzean Kaskabobo eta Maskaritak desagertu, eta gazteek inauteri festa tabernan jarraitzen zuten.

Inaute asteartea

Agoitz erraldoiak

Astearte arratsaldean berriz ere maskarita eta kaskaboboak kaleratzen ziren. Arratsalde bukaeran aurpegia erakusten zuten, eta denak, maskaritak eta kaskaboboak, puska biltzean ateratzen ziren, otarrak eskuan, arrautzak, lukainka eta urdaia biltzeko. Doluan zegon etxe batera iritsiz gero aurrera jarraitzen zuten. Eskean jasotakoarekin, eta poltsikotik ordaintzen zituzten ardo eta ogiarekin, afaria egiten zuten kuadrillan.

Kaskabobo taldetak tabernetan zabaltzen ziren. Maskaritak etxe partikularretan biltzen ziren. Maskarita eta Kaskaboboen afariarekin bukatzen ziren neguko festak.

1936rarte iraun zuten jai horiek, eta gerraren etenaren ondoren, 60ko hamarkadan berreskuratu ziren. Bukatzeko, Juan Garmendia Larrañagak aipatzen du Agoizko gaur egungo erraldoi eta buruhandien konpartsak Kaskabobo eta Maskarita jantzitako erraldoi bikotea daukala.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.