Dokumentuaren akzioak
Kabalkada-Toberak egingo dituzte Lekornen irailaren 21ean
Lekorneko herritarrak Kabalkada-Toberak prestatzen ari dira irailerako. 2014ko irailaren 21ean, 15:30ean eskainiko dituzte Kabalkada-Toberak Lekornen. Urte bete daramate prestaketa lanetan, eta azken txanpan sartuta daude dagoeneko. 1995 eta 1996an Kabalkadak egin zituzten Lekornen, beraz, 19 urte ondoren berriz itzuliko da Lekorneko plazara. Dantzariak ere errepiketan gogor ari dira, eta uztaila eta abuztuan segiko duten dantzak prestatzen. Lan-taldeak: dantza, toberak, komunikazioa, segurtasuna eta jantzi-jostea.
Lekorne herriko hiru elkarte bildu dira Kabalkada-Toberen antolaketa lanak bideratzeko: Urtsuko xoriak dantza elkartea, Mendi Ondoan kultur elkartea eta Pesta komitea. Proiektua herritarrei aurkeztu ondoren hainbat lagunek heldu diote antolaketa lanei, eta 850 biztanle dituen herrian 200 inguruk parte hartuko du Kabalkadaren antolaketan eta parte hartzean. XX. mendean Kabalkada-Toberak bakantzen joan ziren, eta baina adibidez Luhuson 1950ean egin zen azkena eta Makean 1980 arte arte iraun zuen. 1990-2010 bitartean Itsasu, Lekorne, Luhuso, Heleta, Bidarrai eta Irisarrin antolatu dira Kabalkadak.
Garai batean Toberak edo Galarrotsak gizartean gaizki ikusiak ziren jarrerak salatu eta zigortzeko antolatzen ziren, bereziki bikote harremanetan (infidelitatea, alargun berrezkontzak, bortizkeria) gertatzen zirenak. 1990tik aurrera gaiak erabat aldatu dira toberetan, baina ekitaldiaren forma, desfilea edo kabalkada bera, epaiketa eta dantzak mantendu dira, eta epaiketa edo tobera bera, herriaren inguruko hainbat gairen inguruko salaketak eta aldarrikapenak egiteko baliatzen da. Herriaren batasuna indartzea da helburua, auzi itxurako antzerkia herriko gaietaz gogoeta egiteko erabiltzen da.
Lekornen 1995 eta 1996ko kabalkaden oroitzapena bizirik dago, eta belaunaldi berri batek heldu nahi izan dio usadioari, bide batez euskal kultura eta nortasuna indartzeko gogoz. Ursuko Xoriak dantza taldea arduratu da dantzetaz, errepertorioa hautatu eta horietan trebatzeko ikastaroak zuzenduz.Besteak beste kadrilla, mazurka, gabota, exkotixa eta mutxikoak eskainiko dituzte Kabalkadan.
Euskara da Kabalkadaren bidez jorratu nahi den beste lan-ardatza. Euskarazko kultura jarduera batera lotzean herritarrak, euskara harremanetarako hizkuntza bihurtu, eta gainera, euskaldun-zahar, euskaldun-berri eta erdaldunak elkarrekin lanean jarriz, euskara bistaratu eta plazaratzea da helburua. Kabalkada bera euskara hutsean egingo da, eta horrekin euskara erdigunean kokatu nahi da.
Apiriletik ari da Kabalkadarako jantziak josten emakume talde bat. Kanaldude jantziak prestatzen ari diren jostunen lanaren berri emanez ondoko erreportajea prestatu du. Maite Dubois-ek azaldu ditu Kabalkadaren prestaketa lanen nondik norakoak.
Dokumentuaren akzioak