Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Judith Argomaniz: “Nik sentitzen dudana da hil naizela pieza hau egiteko”

Dokumentuaren akzioak

Judith Argomaniz: “Nik sentitzen dudana da hil naizela pieza hau egiteko”

2021/05/05 08:00
Judith Argomaniz: “Nik sentitzen dudana da hil naizela pieza hau egiteko”

Judith Argomaniz. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ikuskizunaren izenburuak heriotza esan nahi badu ere, bizitzari buruzko pieza da Dead. Hala azaldu digu Judith Argomaniz Lasala konpainiako zuzendariak ikuskizun berria Dferian aurkeztu ondoren. Lau emakumeren bizitzak oholtzan irudikatu eta bizitzari buruzko hainbat galdera luzatu nahi dituzte: nola iritsi zara heriotzara? Aprobetxatu duzu zure bizitza, aukeratu duzu nola bizi? Edo automatikoari eman eta jarraitu duzu gauzak pentsatu eta aukeratu gabe?

Lau emakume, lau bizitza

Emakumea oso inportantea da pieza honetan” dio Argomanizek; izan ere, lau emakumeren bizitzaren bitartez erakutsi nahi izan dituzte emakumeek bizi behar dituzten hainbat zama: bakardadea, kontrola, karga eta itxura. Hori dena dantza eta hitzen bidez, Lasala konpainiak lehenengo aldiz testua sartu du dantza garaikideko piezan.

Lasala: Dead
Dead, Lasala, Dferia, Donostia, 2021-03-18. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Testua egiteko emakumeen esperientzia errealak hautatu dituzte, “kontatzen duguna egia da. Badaude nire esperientziak, Laurarenak, Puirenak...”. Gero ikusi zuten dantzari bakoitzari ze bizipen zetorkien hoberen. Protagonista bakoitzak oso definitua du antzeztu beharreko bizitza, “adibidez Paularekin itxura landu genuen, Leirerekin karga, Mirenekin bakardadea eta Garazirekin kontrola eta indarra”. Zati batzuk taldean dantzatzen dituzte, hasierako zatia esaterako, “nik zati horri espiritu libreen eszena deitzen diot”, eta gero bakoitzak bere soloa du. Eta amaitzeko, heriotza.

Lasala: Dead
Dead, Lasala, Dferia, Donostia, 2021-03-18. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Taldea eta elkarlana oinarri

Argomanizek dantzari ibilbide oparoa du, baina azken urteetan koreografo lanetan dabil. Hasieran, bi lanetan batera aritu zen, baina hori gehiegizkoa dela dio, oso gogorra izan zen barruan eta kanpoan egotea, orduan erabaki nuen kanpoan kokatzea”. Dead ikuskizuneko lengoaia koreografikoa berea dela dio, baina dantzariekin landua izan dela eta haiek ere ekarpen asko egin dituztela, “dantzarien aldetik eskuzabaltasun handia egon da. Askotan eman diet materiala, baina beste batzuetan guztion artean sortu dugu. Irekita eta libre egon gara eta giro oso ona egon da prozesuan”.

Lasala: Dead
Dead, Lasala, Dferia, Donostia, 2021-03-18. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Lan egiteko modu horizontalean sinesten du Argomanizek, “ez dago goitik beherako zuzendari eta dantzari harreman hori. Niri hori ez zait gustatzen”. Oso gertu daudela dio, dantzariek badakitela nor den zuzendaria eta zein den bakoitzaren lekua, baina beti elkar errespetatuz, “nik ezin dut beste modu batera lan egin”.

Berriz jaiotzeko hil

Pieza hau ekainean estreinatzekoak ziren, baina pandemia tarteko, abenduan igo dira oholtzara. Hala ere, Argomanizek aitortu digu oso ondo etorri zaiola denbora hori, “nik sentitzen dudana da hil naizela pieza hau egiteko. Hil behar nuen pieza hau egiteko eta jarraitzeko nire bizitzarekin”. Oso gogorra egin zaio prozesua, mina sentitu du, baina, aldi berean, polita izan dela dio, “barrura begiratzen duzunean zurekin zaude eta hori ere polita da. Zure buruarekin egotea gogorra da, baina beharrezkoa”. Uste du beharrezkoa dela hiltzea gero berria ateratzeko, eta horixe da Lasalak egin duena Dead ikuskizunarekin. Asko aurreratu dutela sumatzen du eta konpainia zein lengoaia finkatuago dituztela.

Lasala: Dead
Dead, Lasala, Dferia, Donostia, 2021-03-18. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Lasala: Dead
Dead, Lasala, Dferia, Donostia, 2021-03-18. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Bizi dugun egoera ez da erraza, baina Argomaniez ez daudela kexatzeko uste du. Emanaldi asko bertan behera gelditu zitzaizkien iaz, baina aurtengo lotu dituzte. Dantzariak betidanik bizi izan direla ziurgabetasun egoeran dio, baina positibo agertu da, “nik kristoren konfiantza daukat pieza honetan eta badakit boloak aterako direla”.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.