Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Joxemiel Bidador dantzan

Dokumentuaren akzioak

Joxemiel Bidador dantzan

2015/11/25 10:30

Urriaren 10ean estreinatu zen Joxemiel Bidador Pastorala. Estreinaldiaren aurretik Joxemiel Bidadorren inguruko zenbait mintzaldi antolatu ziren, eta horrela, urriaren 5ean, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, Bidadorrek dantza alorrean jorratu zuen lanaren inguruan aritu zen Patxi Laborda, "Joxemiel Bidador dantzan" izenez aurkeztu zuen hitzaldian.

Bidador dantzan hitzaldia: Patxi Laborda-2
Argazkia: Patxi Larrion

Eszenatokiko arima

Saioa, bideo batzuk proiektatuz hasi zuen Labordak, Bidador agertzen den hainbat ikuskizunen irudiekin. 1993. urteko inauterietako irudiak ziren hauek. Iruñeko Duguna dantza taldeak Luzaideko Karroxa herri antzezlan satirikoa karrikaratu eta antzeztu zuen urte hartan eta irudietan Bidadorrek denetarik egiten zuela ikus daiteke, dantzatu, antzeztu eta Labordak dioen moduan, ezinezko tonuetan kantatu. Nolabaiteko arima izan zen eszenatokian. Bidador barrez agertzen da irudiotan, eta Labordak azpimarratu nahi izan zuen zein ederra den dantzaria barrez ikustea dantzan. Gogoratzen du Bidadorrek Txistulari aldizkariko artikulu batean ongi pasatzen zuela dantzan idatzi zuela eta hori dantza egiteko arrazoi handi da Labordarentzat.

Dantza eta euskara

Gaur egun normaltzat jotzen badugu ere euskara eta dantza binomioa, duela 20 urteko egoeran ezberdina zela zihoen Labordak, Iruñeko Duguna dantza taldean belaunaldi euskaldun bat hasi bazen ere garai hartan oso euskaldun gutxi zeudela. Egoera hartan, Bidadorrek bi hizkuntza uztartu zituen: dantza eta euskara. Eta biak baliatu zituen biak aberasteko. Dantzaria eta dantzaren ikertzaile izan zen batetik. Bestetik, bere ibilbide profesionala beti egon zen euskarari lotua lanak euskaraz argitaratuz zein euskara eta euskaraz irakatsiz. Labordaren ustez, Bidadorren ekarpen nagusia bere argitalpenak dira. Hitzaldi honekin aukera polita ikusi zuen Bidadorrek eginiko lan asko agerian uzteko. Izan ere, Bidadorren obrak oraindik ezagutzera emateko daudela iruditzen zaio.

Nabarmentzeko lanak
Bidador dantzan: Patxi Labordaren hitzaldia
Argazkia: Patxi Larrion

Filologo eta euskararen ikerlari moduan hainbat lan utzi zizkigun Bidadorrek. Dantzaren alorrean berriz, Calendario de fiestas y danzas tradicionales del Pais Vasco eta Dantzaren erreforma Euskal Herrian lanak nabarmendu zituen hitzaldi honetan Labordak. Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoaren enkargua izan zen lehena. Euskal Herriko dantzen egutegi orokor bat izan zen, eta Nafarroako dantzei dagokiona Laborda hasi zen, baina lan izugarria gertatu zen eta azkenean Bidadorrek egin zuen. Beraz, Bidador arduratu zen Nafarroako dantzak behatu eta jasotzeaz. 

Labordaren hitzetan, dudarik gabe, Bidadorren lanik garrantzitsuena Dantzaren erreforma Euskal Herrian da. Obra honekin, Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak deitutako Miguel de Unamuno VI. Saiakera Saria irabazi zuen Bidadorrek. Liburu honetan, Euskal Herrian dantza publikoek azken mendeetan izandako bilakaera kontatzen dela esango da, garaian garaiko uste, iritzi, jarrera edota debekuen bidez. Lana burutzeko informazioaren zati handi bat apaizen misioetatik eta sermoietatik atera zuen Bidadorrek. Dokumentu hauek garai batean zer egin zitekeen eta zer ez, ze dantzatu zitekeen eta zer ez esaten baitute. 

Dabilen harriak goroldiorik ez

Joxemiel Bidadorren ibilbidearen eta lanen errepasoa egin zuen Patxi Labordak,  beti ere bere oroitzapen eta iritziak tartekatuz. Hainbat gogoeten artean maiz azpimarratu zuen tradizioa, dantzak... aldakorrak direla. Gauzak ez direla beti izan guk gaur egun ezagutzen ditugun bezalakoak. Hainbat aldaketen ondorioz sortu dela gaur egun daukaguna. Bidadorrek bere lanarekin dantzak nola aldatzen joan ziren ezagutzeko aukera eman zigun.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.