Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Josu Sagardia: “Oholtzan dantzatzearen sentsazio hori denbora luzez ez genuela bizitzen”

Dokumentuaren akzioak

Josu Sagardia: “Oholtzan dantzatzearen sentsazio hori denbora luzez ez genuela bizitzen”

2020/06/17 08:10
Josu Sagardia: “Oholtzan dantzatzearen sentsazio hori denbora luzez ez genuela bizitzen”

Josu Sagardia Viktoria Eugenia antzokian.

Amoria & Dolore ikuskizun berriaren prestaketen azken txanpan harrapatu zuen pandemiak Kresala dantza taldea. Taldeak ohiko dinamika alde batera utzi behar izan du azken hilabeteetan, baina ez dira guztiz gelditu, forma fisikoa mantentzeko helburuz etxetik jardun dute lanean. Pixkana argia ikusten hasi dira, oholtzan dantzatzeko aukera ere izan dute. Josu Sagardia (Donostia, 1999) Kresla dantza taldeko dantzari eta lehendakariarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Bananduta eta aire librean bada ere entseguekin ere aste honetan hasi dira.

Ikuskizun berria prestatzena ari zineten alarma egoera hasi zen momentuan ezta?
Berez apirilean genuen estreinaldia, baina hilabete lehenago COVID-19aren kontua hasi eta atzeratu egin behar izan genuen ekainera. Maiatzaren bukaeran, ordea, ekainean aurkeztea ere ezinezkoa izango zela ikusi genuen eta orain data berri baten bila gabiltza, esperantzarik galdu gabe.

Nola eragin dio taldeari etenaldiak?
Kontuan izanda gu ohituta gaudela elkarrekin entseatzera eta gainera normalean gure taldean kontaktu handia erabiltzen dugula, oso arraroa izan da. Nahiz eta etxean egon saiatu gara entsegu orduak mantentzen. Dantzan ez, baina forma fisikoa ez galtzeko ariketak egin ditugu. Ohiko dinamika pixka bat alde batera utzi behar izan dugu, baina orain hasiko gara pixkanaka-pixkanaka normaltasunera bueltatzen.

Kresala
Kresala dantza taldea.

Oholtza zapaltzeko aukera ere izan duzue.
Bai, Victoria Eugenian oholtzara bueltatzeko zortea izan genuen “Argiak piztu” ekitaldiarekin. Oso pozik berriro dantzatzeko aukera izan genuelako eta gainera osasun arloko langileen lana aitortzeko ekitaldia izan zelako.

Ze sentsazio izan dituzue?
Oso berezia izan zen. Esan bezala, sanitarioei omenaldia izan zen eta horregatik bakarrik berezia da. Oholtzan dantzatzearen sentsazio hori denbora luzez ez genuela bizitzen eta gustura ibili ginen. Gainera oso ekitaldi dibertigarria izan zen eta asko poztu ginen bertan parte hartzeaz.

Ohiko moduan dantzatu zenuten?
Egin genituen dantzak birmoldatzen saiatu ginen eta gaur egungo egoerara egokitzen dantzarien arteko kontaktua ekiditeko. Zuzendari artistikoak urrastegia moldatu behar izan zuen, nahiz eta modu txiki batean baimendua dagoen, ahalik eta kontaktu gutxien izateko.

Kresala
Kresala dantza taldea.

Entseguekin ere antzeko zerbait egingo duzue?
Aste honetan dugu lehen aldiz biltzeko intentzioa. Taldean hogeita hamar bat pertsona gaude eta bitan zatituko gara. Entseguak astean hirutan egin ordez, talde bakoitzak bi aldiz entseatuko du.  Momentuz aire librean hasiko gara eta hiru aste barru edo itzuliko gara gure aretora.

Udako ohiko ekitaldiak egiteko moduan izango al zarete?
Udan hainbat jai eta ekitaldietan parte hartu ohi dugu: Karmengo jaietan, Musika Hamabostaldian, Aste Nagusian... baina jaiak bertan behera gelditu dira eta Hamabostaldiak formatua aldatu duenez aurten ez dugu parte hartuko.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.