Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Joxe Telletxea, Baztango dantzen maixtrue

Dokumentuaren akzioak

Joxe Telletxea, Baztango dantzen maixtrue

2013/01/30 11:35
Joxe Telletxea, Baztango dantzen maixtrue

Joxe Telletxea

Baztango Haizegoa blogean Joxe Telletxearen biografia eta ekarpenen sarrera argitaratu du Pello San Millanek, eta bertan izan dugu Jo ala Jo elkarteak pdf batean sareratu duen Joxe Telletxeari buruzko lan honen berri. Urtarrilaren 20ean, Erratzun egin dio omenaldi Jo ala Jo elkarteak Joxe Telletxeari. Artikuluan esaten denez "Joxek berpiztu, indartu zituen ikasitako mutildantzak, herriko gazteriari dantzan erakutsiz eta plazan ageriz".

Zigan jaio zen Jose Jeronimo Telletxea 1891an, eta herriko apaizarekin eta organistarekin ikusi zuen musika. Baztango Haizegoan jaso denaren arabera mutil-dantzen doinu gehienak Arizkunen bizi zen Elizondoko Zipriano Iribarren "Xamar" txistulariarengadik ikasi zituen. 1924an Erratzuko danbolin (txistulari) ofiziala izendatu zuten Joxe Telletxea eta hamabost urte egin zituen kargu horretan, baina gero ere segi zion festetan eta inauterietan txistua jotzen Erratzun, baita Berroetan, Zigan eta Arraoizen ere. Hain zuzen ere Arraioizen mutil-dantzak irakasten lan handia egin zuen, eta igande eta festa egunetako arratsaldetan, ttun-ttuna eta klarinete "errekintoa" jotzen zituen dantzaldietarako. Txistua eta ttun-ttunarekin mutil-dantzak, soka-danza, jotak eta porrusaldak jotzen zituen festetan, eta sagar-dantza, mozorro-dantza, biribilketak eta josteta-dantzak inauterietan. Errekintoarekin berriz jota eta porrusaldak, jota-balsak, gaita-dantza, eta abar.

Dantza maixtrue

Antonio Elizalderekin harremana izan zuen eta Baztango dantzak maiz izaten zituzten hizpide bi danbolinteroek, Maurizio Elizalde gaztetxoa testigu zela. Balentin Barragan mutil-dantza irakaslea edo Santiago Errotaberea ttun-ttuneroak Telletxearekin ikasi zituzten hainbat doinu eta dantza. "Joxe Baztango dantzen jakintsua ginuen" dio Jo ala Jo elkartearen testuak: "Joxe danbolina, damuñe, ttuntuneroa, xulubitaria edo txistularia eta dantza erakusle, maixtrue edo maixua, nahi duzuen bezala, ginuen. Lan ikaragarria egin zuen baztango dantzak ikasten eta erakusten batez ere, gaztetan hasi eta jada bere azken hatsak artio ibilki zen, baita ziztua jotzen ere. Nekaezinezko erakustuna omen zen, maiz entzun izan den bezala. Joxe, dantzan erakusten ari direnendako eta ziztua jotzen dutenendako eredua da, eredua dugu. Eredu bat Eskual herrian arras edatua zena baino zoritxarrez gaur egun horrelako indarrik ez duena."

Besteak beste Aita Hilario Olazaran eta Aita Donostia folklore ikertzaileek Joxe Telletxeari hainbat doinu, dantza eta ohitura jaso zizkioten, tartean mutil-dantza gehienak. Aita Donostiak besteak beste Eztei soinua, Erratzuko sagar dantza eta mozorro-dantza jaso zizkion Telletxeari, eta Olazaranek soka-dantza ere bai.

>Joxe Telletxeak jo eta dantzarazten zituen bi dantza, Erratzuko sagar-dantza eta mozorro-dantza galduta egon dira luzaroan. "Mozorro-dantzaren doinua 1969 urtean bildu zuen Jabier Larraldek Santiago Errotaberea (danbolina) eta Veronica Santxotena Arizkungo Bozate auzotarrrengandik". Harrezkero Arizkungo inauterietan entzuten da urtero eta Erratzun ere bai azken urteotan. Erratzuko sagar-dantza 80ko hamarkadan berreskuratu zuten Arizkungo Larraldetar txistulariek.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.