Dokumentuaren akzioak
Jose Luis Etxebarria Goiri omenduko dute kantuz eta dantzaz Bilbon
Dindirri, Andra Mari eta Gaztedi dantza taldeetako zuzendari izan zen Jose Luis Etxebarria Goiri Txelu eta berari zor diogu Bizkaiko dantzak - Danzas de Vizcaya liburua, 1969an argitaratu zuena. Datorren urriaren 12an, 12:00etan, Bilboko Campos Eliseos Antzokian, Erromeria kantuz eta dantzaz jaialdia ospatuko da Jose Luis Etxebarria Goiri Txelu-ren omenez, eta bertan Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak, eta Garaizarko Matsorriak Begoñako Sustraiak abesbatzek parte hartuko dute, Arkaitz Estiballes-en bertsoekin, eta ekitaldirako prestatu den bideo batekin.
Dantza eta kantuan bizitza osoan
Begoñan jaio zen Jose Luis Etxebarria Goiri 1925eko martxoaren 9an. Berton aldizkarian 1999an egin zioten elkarrizketan gogoratzen du umetako Begoña nekazal eremua zela, baserriz, txakolindegiz eta euskaldunez betetako tokia. Gerran ume gudari aritu zela gogoratzen zuen Txeluk, baserriz baserri eskopetak batzen. Sei urterekin hasi zen dantzan batzokian, eta 8 urte zituela Jose Antonio Agirre, ondoren lehendakaria izango zenaren ezkontzan dantzatu zuen.
Frankismo garaian, 1943. urtean Coral de Bilbao-ren gerizpean sortu zen dantza taldean aritu zen, gero Coral del Ensanchen, eta 1947an Dindirri taldea sortu zenean harekin hasi zen dantzan, eta irakasle eta zuzendari ere aritu zen bertan 1949 eta 1960 bitartean. 1951an Gaztedi dantza taldearen sorreran parte hartu zuen Txeluk eta 1959an Galdakaoko Andra Mari taldea sortu zenean bertako zuzendari izan zen. Bizkaiko dantzak batzen luze eta zabal aritu ondoren, 1969an argitaratu zuen Bizkaiko dantzak - Danzas de Vizcaya liburua.
Musika eta kantu alorrean ere hainbat lan egindakoa da Jose Luis Etxebarria Goiri. Garaizarko Lagunak eta Begoñako Sustraiak abesbatzak sortu zituen. Txistularia ere zen eta metalezko lehen txistua prestatu zuen Bonifacio Fernandez Boni txistulariaren gainbegiradarekin.
Erromeria kantuz eta dantzaz
Bilboko Campos Elíseos Antzokian, urriaren 12an, igandea, 12:00etan
- Galdakaoko Andra Mari dantza taldea
- Garaizarko Mahatsorriak abesbatza
- Begoñako Sustraiak abesbatza
- Txeluren argazkiz eta irudiz osaturiko bideo labur batekin hasiko da ekitaldia. Audioa, berarekin harremanak izan dituztenen testigantzekin eta Arkaitz Estiballesen bertsoekin.
Informazioa: Erromeria kantuz eta dantzaz (Campos Eliseos antzokia)
Dokumentuaren akzioak