Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jose Arrueren Erromeria koadroari bizia eman diote

Dokumentuaren akzioak

Jose Arrueren Erromeria koadroari bizia eman diote

2017/10/03 12:50
Jose Arrueren Erromeria koadroari bizia eman diote

Jose Arrue margolariaren Erromeria koadroaren haragiztatzea. Argazkia: aiaraldea.org

Jose Arruek 1921ean margotu zuen Erromeria koadroa hezur-haragiztatu dute Orozkoko Beraza auzoan, 256 herritarrek hartu dute parte ekimenean. Aiaraldeari esker jakin dugu, Anton Lazkanoren Zerumugan dokumentalerako, Arrueren Erromeria koadroa antzeztu dutela. Koadroak erakusten digun erromeria giroa eta festa jendetsua irudikatu nahi izan dute.

Jose Arrue erromeria koadroa
Jose Arrue margolariaren Erromeria koadroa, 1921.

Dokumentalaren helburua da Euskal kulturari eta gizarte tradizionalei buruzko ikuspegi abangoardista plazaratzea. Hainbat gai jorratuko ditu dokumentalak: artzaintza, Itxina, pilota, mitologia, ekologia... Balio unibertsalak landu nahi dituzte, ikuspegi moderno eta abangoardista baliatuta. Hamabi atalez osatutako proiektuak ordubete inguruko iraupena izango du.

Jose Arrue margolariaren Erromeria koadroaren haragiztatzea4
Jose Arrue margolariaren Erromeria koadroaren haragiztatzea. Argazkia: aiaraldea.org

Jose Arrue margolariaren Erromeria koadroaren haragiztatzea3
Jose Arrue margolariaren Erromeria koadroaren haragiztatzea. Argazkia: aiaraldea.org

Irailaren 23an egin zuten koadroa haragiztatzeko saioa. Egun osoko lana izan zen, arratsaldera arte luzatu zen auzolana, Aiaraldeak eguneko jarduna erakusten diguten irudiak jaso ditu. Parte-hartzaileak behar bezala jai giroko paperean sartzeko, zelaian, txosna egokitu zuten. Orozko eta inguruetako herritar ugarik hartu zuten parte erromerian. Dokumentalaren grabaketarekin urriaren 8an jarraituko dute.

Jose Arrue margolariaren Erromeria koadroaren haragiztatzea1
Jose Arrue margolariaren Erromeria koadroaren haragiztatzea. Argazkia: aiaraldea.org

Erromeria eta dantza

Irudikatu duten Arrueren koadroan aurreskua dantzatzen ageri dira. Elkarri eskuetatik helduta daude hainbat herritar, soka garbi ikusten da. Aurreskularia bi maiordomoren artean dagoen emakumeari dantzan ari da. Txistularia ikus daiteke albo batean eta atzealdean agintariak eserita, ezkerraldean, berriz, jendea dantza soltean. Jose Arruek hainbat lanetan marraztu izan ditu erromeriak eta dantzak.

Jose Arrue erromeria zatia
Jose Arrue margolariaren Erromeria koadroaren zatia, 1921.

Jose Arrue erromeria koadroa
Erromeria, Jose Arrue.

Jose Arrue Margolaria

Jose Arrue margolaria 1885ean jaio zen Bilbon eta 1977an hil zen Laudio. Antonio Lekuona margolariaren estudioan egin zituen lehengo pausoak eta gerora Bilboko Arte eta Lanbide eskolan aritu zen. Haurtzaroan bizi izan zuen etxeko artista giroa bere ibilbidearen oinarria izan zen, egongelan koadro bilduma handia zuten, baita laminaz eta grabatuz betetako liburutegia ere; sei anai-arrebetatik lau margolari profesionalak izan ziren. Bartzelonan, Parisen eta Milanen aritu zen ikasten eta 1908an Bilbora itzultzean Arte eta Lanbide eskolan irakasle lanean ibili zen.

jose-arrue-jai-herrikoia-1977.jpeg
Jai herrikoia, Jose Arrue 1977.

El Coitao astekariaren eta Euskal Artisten Erakundearen sortzaileetako bat izan zen. Akademizismotik urrun, estilo propioa garatu zuen; euskal munduari begirada erromantikoa eskaintzen zion eta hainbat tradiziozko festa eta jardueren estanpak margotu zituen, Erromeria izenekoa tarteko. Ramiro Arruek ere, estilo bereko margolanak egin zituen, bi anaiek garaiko gizartea, ohiturak, euskal giroa, nekazal mundua... erakutsi zituzten euren lanetan. Jose Arruek hainbat egunkaritan marrazki satirikoak margotu zituen. ANVkoa zen, gerra garaian eta ondorenean hainbat kartzelatan eduki zuten preso, 1940an itzuli zen etxera. Margotzen jarraitu bazuen ere frankismoak bere ibilbidea mugatu eta eten zuen.

Jose Arrue aurreskua koadroa
Aurreskua, Jose Arrue 1940ko hamarkada.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.