Dokumentuaren akzioak
Jon Maya: “Poema da dantzaren bidez kontatzen duguna”
Hamahiru urteren ondoren berriro heldu dio Kukai konpainiak Hnuy illa ikuskizunari. Kukai eta Tantaka Teatroak 2008. urtean elkarrekin sortutako lana da Hnuy illa, eta azaldu digu lehenengo bira haren ondoren beti izan dutela gogoa berriro heltzeko lanari. Eta orain behar zuen: “aurten 25 urte betetzen dira Joseba Sarrionandiak poema liburu eder hori argitaratu zuela eta hori izan dugu motibo nagusia guk ere poema liburu horri berriro bisitatzeko”. Dantza ikuskizuna Dferian aurkeztu aurreko minutuetan egon gara Jon Maya Kukaiko zuzendariarekin.
Oinarria mantenduta berrartu
Ikuskizunaren ardatza bere horretan mantendu dute: musika, ikus-entzunezkoak, argiztapena... “baina egia da elementu guztiak berriro bisitatu ditugula”. Dantzariak, adibidez, lau mantendu dira, baina hiru berri ere sartu dira “dantzari berri horiek ere nortasun propioa ekarri dute, lengoaia koreografiko berriak ekarri dituzte jatorri ezberdinekoak direlako. Garai bateko ohiko lau kukaikideak, berriz, pertsona berak dira, baina dantzari ezberdinak”. Koreografikoki ere aldaketa batzuk egin dituzte eta ikus-entzunezkoak ere berritu egin dira.
Sorkuntza prozesuari ezohiko bidetik ekin diote, oinarri sendo baten gainean hasi baitira; hau da, bukatutako eta askotan eskainitako ikuskizunetik abiatu dira. Lana aztertzen hasi eta ikusi dute oraindik garai hartako gauza batzuetan sinesten dutela, baina beste gauza batzuk aldatu beharra zeudela, “gaur egun beste modu batera sentitzen dugu eta gogoa genuela beste leku batetik bueltatzekoa”.
Poesiatik dantzara
Poema liburu batean oinarritutako dantza ikuskizuna da Hnuy illa, beraz lehen inspirazio iturria poesia izan da: “Poesia ikuskizunean agerikoa da. Batzuetan entzun egiten dugu, besteetan errezitatu egiten zaigu, kantuen bidez ere iristen zaigu. Ea zenbait kasutan ez da agerikoa, baina poema da dantzaren bidez kontatzen duguna”.
Berriro egindako bisita honetan ez dutela ezer alboratu dio Mayak, “garai batean hartutako bidea sakondu dugu, alboratu baino, hobeto barneratu ditugu hainbat gauza. Badaude eszena konkretu batzuk oso balio pertsonala dutenak, interpretean oinarrituta eginikoak eta gaur egun dituzten gaitasunekin zuku gehiago atera da”. Mayak dio 2008an ikuskizun honekin hasi zirela dantza tradizionala garaikidearen testuinguruan txertatu nahian, “orain elkarrizketa hori konfirmatu du eta dantza teknika ezberdinak nabarmenago jarri ditugu elkarbizitzan oholtzan”.
Berrartzean ikasitakoa
Ariketa oso interesgarria izan dela uste du Mayak, “erakutsi digu lanei beraien denbora emateak ekar ditzaken onurak, lanek arnasa hartu dezatela, gorputzetan barneratu daitezela, denbora ematea uste dut oso garrantzitsua eta beharrezkoa dela”.
"Jende askok oraintxe deskubritu du lana, eta 12 urte pasa badira ere oraindik funtzionatzen du" dio Mayak eta ikusten du gauzei patxada eta barneratzeko denbora ematen diegunean beste sakonera batekin iristen direla, “arnas propioa izan dezaten garrantzitsua da”.
Eta orain zer?
Egoera gorabeheratsu honetan pozik daude Kukaiko kideak, “martxan gaudelako, lanean ari gara, gauzak egiten eta horrekin pozik, baina kezkatuta ere bai”. Izan ere, hainbat bira eta emanaldi atzeratu edo bertan behera gelditu zaizkie. Baikortasunarekin heltzen diotela egunerokotasunari dio, “indarrez baina kezkatuta, ziurgabetasun handiko garaia delako. Edozein momentutan gauzak aldatzen dira, eta prest egon behar da dagoenera egokitzeko”. Momentu honetan sorkuntza garaian baino erakusteko garaian daudela dio Mayak, eta 2022an eta 2023an gauzatuko dituzten proiektuak abiatzen, proiektuak diseinatzen eta horien bizkarrezurra eraikitzen.
Dokumentuaren akzioak