Dokumentuaren akzioak
Joaldunak, Zarramacoak, Botargak eta Mamuthones-ak
Joaldunak esaten diete Ituren eta Zubietan, baina Euskal Herriko zenbait tokitan zanpantzarrak eta ttuntturroak izenekin ezagutu dituzte. Kapela konikoa buruan, ardi-larruak soinean, gona zuri laburra eta eskuan zaldi buztanarekin egindako ixipua.
Janzkera eta osagaiei erreparatuz gero arketipo bat direla esan liteke, alegia eredu (tipo) zahar (arkeo) bat. Arketipo horren aldaerak ugariak dira Europako hainbat bazterretan.
Batez ere joarei, zintzarriei erreparatuko diegu, baina batetik bestera bestelako osagai batzuk ere errepikatzen direla ikus daiteke. Izan ere zintzarriak osagai oso arrunta da inauterietan: Lapurdiko kaskarotek, kotilun-gorriak, Lantz-eko txatxoek, Unanuko momoxorroek, Altsasuko momotxorroek, hango eta hemengo Hartzek… Ituren eta Zubietako joaldunek ordea tamaina oso handiko zintzarriak daramatzate, eta horrek egiten dituzte berezi. Baina ikusiko dugunez badira Euskal Herritik kanpo ere mota horretako mozorroak.
Zarramaco eta zamarron dira Kantabrian eta Asturias-en
Orain egun batzuk izan dugu Silio-ko La Vijanera inauteria ikusteko aukera. Zamarraco izena dute inauteri horretan kalaskak dantzatzeko ardura dutenak, eta nabarmena da Ituren eta Zubietako joaldunekin duten antza.
Silioko Zarramaco-ek ttuntturroa, ardi-larruak eta tamaina handiko zintzarriak daramatzate, eta nafarroako joaldunak bezala, binakako lerrotan joaten dira hara eta hona ezkilak dantzatzen.
Ezagunenak badira ere, Silio-koak ez dira Kantabrian aurki daitezkeen mota honetako pertsonaia bakarrak. Asturias eta Kantabriako zenbait herritan zamarrones izeneko pertsonaiak ateratzen dira, eta gehienek antzeko ezaugarriak dituzte.
Martxo hasieran Kantabriako herri batzuetan, Soba-n adibidez, Las Marzas ospatzen da. Herriko gazteek ardi-larruak jazten dituzte, aurpegia bezten dute eta ezkilak jartzen dituzte bizkarrean. Kantuan eta eskean pasa ohi dituzte herriko baserriak.
Honako bideo honetan, aurtengo Silioko La Vijanera inauterian ikus daitezke zamarraco izenekoak, joareak edo kalaxkak dantzatzen.
Botargas y mascaritas Almirueten
Guadalajarako herri bat da Almiruete, eta datorren otsailaren 2an ospatuko dute inauteria. Botargak eta mascaritas dira Almirueteko inauteriko pertsonaia nagusiak. Kolore biziz apaindutako kapela altuak daramatzate Botargek, aurpegian maskara bereziak, gerrian lau-pa-bost ezkila eta eskuan makila. Lerro bakarrean antolatu eta gogotik dantzarazten dituzte zintzarriak.
Botargak kaleratzen dira lehenengo eta herriko kaleetan joan-etorri batzuk egin ondoren Mascaritak batzen dira taldera eta elkarrekin jarraitzen dute festa.
Peliqueiros eta Cigarrons Galizian
Lazako Peliqueiroak eta Verin-eko Cigarrons-ak dira Galiziako entroido edo inauteriaren ordezkari ezagunenetakoak. Normalean maskara, kapela eta jantzi ikusgarrietan jarri ohi dugu arreta, baina horiek inauterietako hainbeste mozorrok bezala ezkilak daramatzate gerrian, eta ez nolanahikoak. Tamaina ederreko bospasei pulunpa lotzen dituzte gerrian, eta joaldunek ixipua bezala astintzen dute eskuan daramaten latigoa.
Mamuthones Sardinian
Larru beltza soinean, maskara beltz beldurgarria aurpegian, eta ezkila multzo ikargarrian bizkarrean. Mamuthones izeneko mozorroak dira, Sardinian atera ohi dira inauterietan, eta ikuskizun izugarria eskaintzen dute.
Bulgariako Pernik herriko "joaldunak"
Orain bi urte, Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak gonbidatuta Euskal Herrian izan ziren Bulgariako Pernik herriko inauterietako ordezkariak, Survakar taldea. Ituren-en bezala Hartzak laguntzen ditu Pernik-eko “joaldunak”, eta artilez eta larruz jantzita, lerroan jarri eta soinu ikaragarria egiten dute gerrian daramaten ezkila handiekin. Buruan kapela erraldoi bat daramate, hegazti lumez eta animali larruekin apaindutakoa.
Ondoko bideoan Survakar taldekoek Galdakaon eskaini zuten emanaldiko irudiak ikus ditzakezue.
Honako hauek adibide batzuk dira. Baina Europako mendebaldeko inauteriak antzeko adibidez bete-beteta daude. Tschaggatta izaki beldurgarriak Suitzako Lötschental aranean, edo joaldunak, hartzak eta antzeko ezaugarriak dituzten mozorro ikusgarriak Greziako inauterietan besteak beste.
Eskuineko argazkia adibidez Greziakoa da, eta hor ere aurrekoetan ikusitako ezaugarriak errepiakatzen dira: larruak soinean, ezkilak gerrian, makila bat eskuan,...
Kultura tradizionalen arteko desberdintasunak aurkitzea bezain harrigarria gertatu ohi da batzuetan antzekotasuna bilatzea.
Dokumentuaren akzioak