Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jexux Larrea: "Udalekuri esker euskal izateko beste modu hori ikusten duzu"

Dokumentuaren akzioak

Jexux Larrea: "Udalekuri esker euskal izateko beste modu hori ikusten duzu"

2018/07/05 07:30
Jexux Larrea: "Udalekuri esker euskal izateko beste modu hori ikusten duzu"

Jexux Larrea NABOk antolatutako udalekuetan, Utah, 2016. Argazkia: NABO

Maletan dantzako oinetakoak hartu eta hegazkina hartzear izango da Jexux Larrea (Donostia, 1958), Argia dantza taldeko dantza-maisua eta dantzaria. Reno-ra (Nevada) doa; datozen bi asteak NABOk antolatzen duen Udaleku izeneko udalekuetan igaroko ditu.

Zer dela eta Renora?

NABOk, Ipar Ameriketako Euskal Erakundeak, urtero antolatzen ditu 10-15 urteko euskal jatorria duten gazteentzako udalekuak. Beste hainbat ekintzen artean dantza eta txistua irakasten dira eta ni dantza-maisu arituko naiz.

Ez da Estatu Batuetara dantzak erakustera joaten zaren lehen aldia, ezta?

Estatu Batuetara orain dela 23 urte hasi nintzen joaten. Beka eman zidaten Renoko unibertsitatean; hango Basque Studies-eko sekzioan, dantza taldea sortu nahian zebiltzan eta han aritu nintzen laguntzen eta dantzak erakusten. Harrezkero, urtero ez, baina askotan joan izan naiz; Udalekun 2008an hasi nintzen. Urtetik urtera aldatu egiten da kokapena: Wyoming, Nevada, Kalifornia, Utah-n... aritu izan naiz.

Ikerfolk AEBtan 01
Jexux Larrea NABOk antolatutako udalekuetan, Buffalo (Wyoming), 2008. Argazkia: NABO

Zer egiten dute gazteek udaleku hauetan?

Gazteak Udaleku antolatzen den hiriko euskaldunen etxeetan banatzen dira. Goizeko 8:30ak aldera denak elkartu eta klaseak izaten dituzte egunean zehar. Arlo nagusiak dantza, musika, euskara eta euskal kultura dira. Gazteak taldetan banatzen dira eta talde guztiek, aipatutako jakintza arloko klaseak jasotzen dituzte. Aparteko ekintzak ere antolatzen dira: esku lanak, pilota...

Eta maisu lanetan zein ibiltzen zarete?

Normalean, Euskal Herritik joaten gara. Aurten, hemendik, hiru irakasle joango gara. Eneko Espino txistua irakasten arituko da, Ane Albisuk euskarako klaseak emango ditu eta ni dantza-maisu ibiliko naiz. Lisa Korkostegi amerikarrak, berriz, euskal kulturaren inguruko klaseak prestatu ditu. Gurekin laguntzaile batzuk ere izaten ditugu, aurreko urteetan Udalekun ibili izan diren gazteak, orain monitore aritzen dira.

Jexux Larrea eta Lisa Corcostegui
Jexux Larrea eta Lisa Korkostegi NABOk antolatutako udalekuetan, Chino (Kaligornia), 2009. Argazkia: NABO

Ze dantza erakusten dituzu?

Bizkaiko dantzak erakusteko eskatu didate aurtengoan. Bereziki eskatu didate Markina-Xemeingo ezpata-dantza erakustea. Horretan ahaleginduko gara, baina Bizkaiko beste dantza batzuk ere dantzatuko ditugu, egoerara moldatu beharko gara. Kontuan hartu behar da, ikasleen artean koska handia egoten dela; tokatu liteke sekula dantzatu gabeko jendea eta euskal etxeren bateko dantza talde "potente" bateko kideak klase berean izatea. Hori dela eta, klase orokorretatik kanpo, ordu libreetan, dantza konplikatuagoak ikasi nahi dituzten gazteekin ere gelditu izan naiz.

Nola deskribatuko zenuke hango egonaldia?

Oso esperientzia polita eta aldi berean gogorra; egunero izaten ditugu klaseak, normalean bost ordutik ez gara jaisten. Udalekuri esker euskal izateko beste modu hori ikusten duzu, interesgarria da oso. Ni gustura joaten naiz, merezi du.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.