Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jesus Mari Uribelarrea dantzari, dantza-maisu eta atabalaria hil da

Dokumentuaren akzioak

Jesus Mari Uribelarrea dantzari, dantza-maisu eta atabalaria hil da

2019/04/10 09:10
Jesus Mari Uribelarrea dantzari, dantza-maisu eta atabalaria hil da

Jesus Mari Uribelarrea. Argazkia: Ataria

Jesus Mari Uribelarrea "Txiflis" Iurretako dantzaria hil da 65 urterekin. Gazte hasi zen dantzan, eta Iurretako dantzari taldean aritzeaz gain 1970eko eta 1980ko hamarkadetan hainbat aurresku txapelketa irabazi zituen. Ondoren, bere atzetik etorri zen belaunaldiaren dantza-maisua izan zen. Mallabira ezkondu ondoren, bertako dantzari-gazteen irakasle jardun zuen, eta bereziki erregelak irakasten lan handia egin zuen. Hain zuzen ere bere omenez egingo den hileta zibilean erregelak dantzatuko dituzte bere ikasle izan ziren dantzari mallabiarrek, bere hiloba iurretarrak eta baita beste dantzaren batzuk ere Iurretako bere dantzari-lagunek ere. 

Mikel Deuna Zaldibarren 1970
Iurretako dantzariak ezpata-dantzari egunean, Zaldibar, 1970. Pedro Mari Aldekoa-Otalora Zamallia Sartadas, Joseba Elorriaga Etxeberria Txorri, Justo Alberdi Artetxe, Jesus Mari Uribelarrea Iturriagaetxeberria Txiflis, Antton Mari Aldekoa-Otalora Zamalloa, Jose Luis Urtiaga Negugogor Villa, Jose Jabier Abasolo Uribe Tiliño, Mikel Sopelena Basauri. Argazkia: Iurretako dantzariak 1891-2004

Dantza eta kantu mundutik oso gertu beti, luzaroan atabalarekin ere aritu izan da Iurretako dantzariei erritmoa markatzen. Iurretako dantzariek, Aitte San Migel doinuarekin, honako kopla egin zioten Uribelarreari:

Orain nerbijo bako mutilla
baiña dantzari abilla
aurreskularirik iñun bada
'Txiflis'-engana etor dadila

Iurretako dantzariak
San Migelak, Iurreta, 1971. Zutik: Jose Jabier Abasolo Tiliño, Anton Mari Aldekoa-Otalora ZAmalloa, Mikel Sopelana Basauri, Jose Luis Urtiaga Negugogor Villa, Karmelo Barruetabeña Larruskain (Danbolina). Makurtuta: Justo Alberdi Artetxe, Pedro Mari Aldekoa-Otalora Zamalloa Sartadas, Jose Antonio Urien Txuntxurreta Pepe, Jesus Mari Uribelarrea Iturriagaetxeberria Txiflis. Argazkia: Iurretako dantzariak 1891-2004

Dantzan ez ezik kulturgintzako beste hainbat arlotan ere aritu da lanean. Mallabian han dantza irakasle aritzeaz gain Jasokunde abesbatzaren sortzailea izan zen. Ondare inmaterial zein materialarekiko sentsibilitatea erakutsi du, Mallabiko baserrietan gordeta egon diren garai bateko lanabes eta tresnak jaso zituen Baserriko lanabesak, tresnak eta trepetxuek. Iragandako bizimodu baten (2016) liburuan. Justo Azagirre eta Pello Mugarzarekin batera aritu zen lan horretan eta Gerediaga elkartearekin elkarlanean argitaratu zuten.

San Migelak, Iurreta, 1986
San Migelak, Iurreta, 1986. Beheko ilaran , ezkerretik eskuinera: Karmelo Barruetabeña Larruskain (Danbolina), Mikel Aiartzaguena Zugazartaza Txapu, Jose Bixente Derteano Zugartaza Bixen, Mikel Arteaga Salterain Sifri, Juan Fernando Aiesta Mintegia Granjas, Jesus Mari Uribelarrea Iturriagaetxeberria Txiflis (Atabala), Agustin Arauko Etxebarria Surtxu. Goiko ilaran ezkerretik eskuinera: Rafael Sarrionandia Jaio, Joseba Agirre Agirre Iketza, Jose Mari Elexpe Zarate Griego, Juan MArtin Zugartaza Bikandi Kanpanas. Argazkia: Iurretako dantzariak 1891-2004

Gaur, asteazkena, apirilaren 10ean izango da bere aldeko hileta zibila, Mallabiko parkean, 19:00etan.

Ondorengo bi bideoetan 1982ko eta 1985eko San Migel egunean Iurretan herriko Mikel Deuna dantza taldeak eman zituen dantzak ikus daitezke, eta horietan atabala jotzen ageri zaigu Jesus Mari Uribelarrea.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.