Dokumentuaren akzioak
Jauzien eta mutil-dantzen eguna
DANTZA-JAUZI ETA MUTIL-DANTZAREN EGUN NAZIONALA
Migel Anjel Sagasetari omenaldia Beñat Hirigoyen Galtxetaburu gogoratuz
Bilbon, 2002ko irailaren 21ean Lapurditik, Nafarroa Beheretik, Nafarroa Garaitik (Luzaide eta Baztango Arana) eta Zuberoatik datozen eta jatorri bera duten bi dantza-famili garrantzitsu horiek, alegia Dantza-jauziak eta Mutil-dantzak, Euskal Dantza Nazional bihurtu nahi ditugu.
Horretarako, Dantza-jauzi eta Mutil-dantzaren Egun Nazionala ospatuko dugu.
Jai garrantzitsu hori urtero eta lantzean leku batean egingo da gorago aipaturiko Lurralde Historikoetan, baita Bizkaian ere; izan ere, Bilbo da jaialdi nazional horren sustatzailea eta bertan ospatuko da lehen edizioa. Bilboko lehen edizio hori gertaera garrantzitsua izango da Euskal Herriko Ohiko Dantzaren historian.
Dantza-jauzi eta Mutil-dantzaren Egun Nazional horrek, lehenbizikoz Euskal Herriko historian, aukera emango die bertako talde folklorikoei, hau da, dantza-familia horien ordezkariei Bilbora etorri eta guztiek batera Dantza-jauziak eta Mutil-dantzak dantza ditzaten. Ikuskizun zoragarria, ederra eta benetakoa izango da, egungo egunera arte bakarra Ohiko Euskal Dantzaren historian.
Badakigu ekitaldi folkloriko horrek zailtasun teknikoak dakartzala, hori dela eta, buru-belarri dihardugu lanean, eragozpen horiek gainditzeko asmoz.
Hauek dira aipatu zailtasunak:
-Izenak. Ekitaldian parte hartuko duten herrialdeek bakoitzak bere erara izendaturik ditu dantzen pausuak, beraz, arazo handiak izango ditugu guztiei batera pausuak markatzeko orduan; -Dantzen erritmoak ere oso desberdinak izaten dira herrialde batzuetan eta besteetan; -Pausuak ere desberdin ematen dituzte; -Bestelako zailtasunak.
Zergatik sortu dugun egun hori
-Euskal Herriak Dantza Nazionala behar du herri moduan identifikatzeko, bai gure herrian bertan, bai nazioartean. -Aipatu dantza-familia horiek berpiztu eta bazter guztietara zabaldu behar dira, baina bakoitzaren jatorrizko aldaera eta berezitasunei eutsi behar zaizkie. -Izaera folklorikoa izango duen eguna sortu beharra dago, nazio identitatea indartzeko Ohiko Euskal Kulturaren barruan.
Zergatik hautatu ditugun Dantza-jauziak eta Mutil-dantzak Euskal Dantza Nazionalean sartzeko.
-Dantza-jauziak eta Mutil-dantzak, Euskal Herrian gehien hedaturik dauden jatorri bereko bi dantza-familia dira. Izan ere, batzuetan euskal mugak gainditu eta Frantziako zenbait eskualdetara ere iristen dira. -Pausu ugari eta oso ederrak dituzte eta euskarazko izenekin gainera. -Pausuak behar bezala emateko, dantzariek itxura dotore, patxadatsua eta ederra izan behar dute. -Pausu nahikoa errazak direnez, emakume eta gizon gazte zein zaharrek dantza ditzakete. -Zalantzarik gabe, dantza oso zaharrak dira. Hona hemen adibide bat: behar bezala dantzatzeko zirkulu bat edo hainbat zirkulu zentrokide osatu behar dira. Dantza horiek noizkoak diren galdetzen badiegu gure zaharrei, beti berdin erantzuten dute: betidanik. -Zirkuluan dantzatzeko ez da dantzari kopuru jakinik behar, hori dela eta, nahi adina dantzarik parte har dezakete. -Lehen gizonek soilik parte hartzen bazuten ere, gaur egun emakumeek ere dantzan egin dezakete, Baztan eta Luzaiden izan ezik; ezinezko deritzogun arren, denborak aurrera egin ahala, egoera horrek konponbidea izango du, baldin eta bi erkidegoek hautatzen duten momentu errituala errespetatzen badugu.
Hori guztia kontuan izanik, gure ustez, bi dantza-familia horiek EUSKAL DANTZA NAZIONALen barruan sartzeko eskubide osoa dute. BIZKAI euskal folklor elkartearen ustez, datorren irailean Bilboko Arenalean ospatuko den Dantza-jauzi eta Mutil-dantzaren Egun Nazionala aukera paregabea da Ohiko Euskal Dantzen ahozko eta idatzizko dokumentuak nekerik gabe bildu zituen pertsonari omenaldia egiteko; Dantza-jauzien hainbat melodia eta dantza pausu, era, forma eta erritmo jaso zituen. Izan ere, AITA MIGEL ANJEL SAGASETAz ari gara.
AITA MIGEL ANJEL SAGASETA, Iturenen (Nafarroa Garaia) jaio zen eta Euskal Ohiko Kulturarentzat hain garrantzitsua den obra idatzi zuen: Danzas de Valcarlos. Nafarroako Foru Aldundiaren eta Principe de Viana erakundearen laguntzaz argitaratu zen Iruinean 1977an eta duela urte asko agortu zen.
Obra hori lan handia eta altxor garrantzitsua dugu eta nekez gaindituko dute Euskal Herriko Ohiko Dantzen inguruan eginiko beste lanek. AITA MIGEL ANJEL SAGASETAren lanari esker, lehen ahazturik geneuzkan makina bat dantza dantzatzen dira gaur egun.
AITA MIGEL ANJEL SAGASETA Luzaidera bidali zuten sei urtez eta astialdian nekagaitz jardun zuen lanean; motor txiki bat zuen eta harekin ibili zen Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Luzaideko auzo guztietan barrena. Duela hogeita hamar bat urte, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Luzaideko erkidegoek bazterturik zituzten Dantza-jauziak. Erabat ahazturik eta zokoraturik zituzten eta oso musikari gutxik zekiten Dantza-jauzien melodiak behar bezala jotzen, nahiz eta horiexek izan herrialdeetako dantzarik garrantzitsuenak. Antzina belaunaldi asko eta askok Dantza-jauzi ugari dantzatu zituzten herriko plazetan, baina egun horietako batzuk baino ez ditugu ezagutzen.
Egungo egoera egokiena ez bada ere, nabarmen hobetu gara. Duela urte batzuk pentsatu ere ez genuen egiten hainbeste eta hainbestek ikasiko zituztenik dantza horiek, bai Iparralden bai Bilbo-Bizkaian.
Ildo horretatik, aipatzekoa da BIZKAI euskal folklor elkarteak hogeita hamar bat urte daramatzala dantza horiek ezagutarazten. BIZKAI Ohiko euskal dantzaren eskola honetatik atera dira horrelako dantzen lehen pausuak Bizkaian. Eta, jakina, horretan jarraituko dugu. Datorren irailaren 21ean, goizean goizetik hasita, ohiko musika jotzen duten taldeak, gehienak Iparraldekoak, kalejiran ibiliko dira Bilboko kaleetan barrena.
Jaialdian hainbat ikuskizun folkloriko egongo dira, hala nola, dantzak, musika, kantuak eta bertso saioak. Arreta handiz aukeratuko dira ikuskizun horiek, jaialdiak euskal kutsu garbia izan dezan eta AITA MIGEL ANJEL SAGASETAren omenaldia egun horretako ekitaldi nagusia izan dadin. Inguru paregabea aukeratu dugu jaialdia egiteko, Bilboko Areatza hain zuzen.
AITA MIGEL ANJEL SAGASETAren omenaldia dela eta aurkeztuko den Luzaideko iantzak, lan garrantzitsuaren berrargitalpen zuzendua eta osotua, Ohiko euskal dantzarentzat hain garrantzitsua den urteurren honi amaiera arranditsu eta arrakastatsua emateko izango da. Lan honekin batean Ohiko dantzen soinuekin hiru CD banatuko dira.
Guztira hirurehun eta berrogeita hamarretik laurehun dantzari eta musikari bitartean etorriko dira jaialdira Euskal Herriko hainbat Lurralde Historikotatik.
Dokumentuaren akzioak