Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jaurrietako Axuri-beltza dantza estreinatu zela 40 urte

Dokumentuaren akzioak

Jaurrietako Axuri-beltza dantza estreinatu zela 40 urte

2009/05/04 09:30

Juan Antonio Urbeltzek bera idatzi ditu Jaurrietaren berregitearen nondik norakoak azaltzen dituen ondoko lerroak:

Eaurtako neska-dantza

1967an, Otsagabiako dantzak biltzen ari ginela, Auñamendi argitaletxeak Erronkariri, Nabaskozeri eta Zaraitzu Jaurrieta 04ibarrari buruz argitaratutako bi liburuxka erosi genituen. Zaraitzuri buruzko liburuxkan, Jaurrieta herriko dantza kantatu bat aipatzen zen. Aurkezpen laburrean zioenez, "nesken" dantza zen. Garai hartan xehetasun garrantzitsua zen hori, neskentzat dantza gutxi baitzituzten dantza tradizionalak dantzatzen zituzten taldeek.  

Bernardo eta José Estornés Lasari informazioa eskatu genien, eta esan ziguten R.M. Azkueren kantategitik hartu zutela dantza eta Axuri Beltza izena zuela. Ondoren, Jaurrietara joan ginen argibide gehiagoren bila. Emakumezko adindu batekin hitz egin genuen; ohean zegoen, ezindua. Doinua kantatu genion; zerbait gogoratzen zuen, baina zehaztasun handiegirik gabe. Orduan, koreografia berregin genuen, Azkueren testua oinarri hartuta -doinuak mutil-dantzaren edo muxikoen erritmoa zuela zioen-. Dantza eszenaratzeko, beste dantza-doinu bat hartu genuen, Lekarozko Zikiro Beltza izenekoa, eta soka-dantzaren itxura eman genion. Azkenik, Zaraitzu ibarreko emakumezkoen jantzi dotoreez apaindu genituen dantzariak. 1969ko udaberrian estreinatu zen Eaurtako neska-dantza, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.  

Erritmoa eta doinua, hitz kantatuak eta jantzi dotoreak batuta berregin genuen dantza, eta Euskal Herriko dantza-taldeen errepertorioan dago orduz geroztik.  

Juan A. Urbeltz

 

Jaurrieta 031969ko maiatzaren 4an, igandean, eguerdiko 12:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian Argia dantzari taldeak eskainitako emanaldian aurkeztu zuen Jaurrietako neska-dantza. Bezperan, La Voz egunkarian argitaratu zituen Javier Aranburuk Argiaren emanaldiaren nondik norakoak. Asteartean, maiatzaren 6an, argitaratu zen La Voz-en Javier Aranburuk emanaldiari buruz egindako kritika. "Sobrecogedora la Danza de las Muchachas de Jaurrieta" zioen bertan.

Harrezkero bide luzea egin du Axuri-beltzak. Euskal Herriko hainbat eta hainbat dantza taldek bildu zuten dantza beren errepertoriora eta taldeen emanaldietan ohiko dantza bihurtu zen denbora gutxian. Jaurrieta herrian bertan ere, orain urte batzuk herriko neskak hasi ziren dantzatzen axuri-beltza.

Orain urte batzuk, Lisa Corcostegui euskal-amerikar dantzari eta ikertzaileak jakinarazi zigun, Ameriketako Estatu Batuetan ere bide bitxia egiten ari zela Jaurrietako dantza. Janzkera beltza eta dantzaren xalotasunak eraginda, euskal amerikar dantza talde zenbait "The widow's dance", alegia, "alargunen dantza" zelakoan egiten hasiak ziren.

 

Jaurrieta 06Axuri-beltza

Axuri beltza ona dun baina
txuria berriz hobea
dantzan ikasi nahi duen horrek
nere oinetara begira

Zertan ari haiz bakar dantzatzen
agertzen gorputz erdia
su ilun horrek argitzen badin
ageriko haiz guztia


 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.