Dokumentuaren akzioak
Jantzien Zentroa irekiko du Iraultzak Errenterian
Heldu den Aste Santuan irekiko ditu ateak Errenteriako Jantzi Zentroak, eta dagoeneko jatorrizko 30 pieza izango dituen erakusketako arropak prestatzen ari dira Iraultzako kideak. Arropa zaharrena 1770koa da, eta XX. mende hasiera arteko jantziak dituzte. Ez dira asko jantzien historiari berariaz eskainitako espazioak. Errenteriako Udalaren laguntzarekin osatutako Kapitain etxeko zentroko bilduma Bilboko Euskal Museoak eta Donostiako San Telmo Museoak dituztenei batuko zaie aurki.
Zentroak bi areto izango ditu: batean erakusketa finkoa egongo da eta Euskal Herriko jantziak izango ditu. Bestean berriz hainbat herrialdetako jantziak egongo dira, sei hilero aldatuko da erakusketan. Jantziekin batera hainbat osagarri egongo dira ikusgai erakusketan: oinetakoak, bitxiak edota eskuko poltsak. Pieza guztiak jatorrizkoak dira, eta Iraultzako hainbat kidek konpondu, txukundu eta atondu dituzte.
1996an sortu zen zentroa egiteko ideia, Iraultzaren 25. urteurreneko ospakizunetarako egindako erakusketa baten karietara. Ordutik aurrera, jatorrizko arropa erosten hasi ziren, besteak beste, Ipar Euskal Herrian eta Europako bigarren eskuko hainbat merkatutan. Erakusketa finkoa jartzeko adinako materiala pilatu zutenenean, toki egoki baten bila hasi ziren, eta Jesus Guridi lokalean hasi ziren erakusten.
Torrekua dorretxean jartzeko saiakera ere egin zuten 2012an. Azkenik, 2017ko apirilean irekiko ditu ateak Errenteriako jantzi Zentroak, bertako Kapitain etxean
Jantziaren Zentroaren Lagun
Jantziaren Zentroa mantentzeko, bazkideen beharra izango da, eta museoko laguntzaile izateko kanpaina jarri dute martxan. Urteko kuota 30 eurokoa da, eta bazkideek jasoko dituzte urte osoko sarrera doan, bi pertsonentzako bisita gidatu bat, eta antolatzen diren beste hainbat ekitaldietarako deskontuak. Bazkidetza Errenteriako Niessen eraikinean dagoen Kulturguneko harreran, edota iraultzadt@yahoo.es helbiera idatzita, edota sare sozialen bidez egin liteke. Horrekin batera, Errenteriako Udalaren Kultura Kreaktibo txartela eskuratuko da, eta bi kidetzen abantailak izango dituzte bazkideek.
Dokumentuaren akzioak