Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Iztuetaren 1824ko liburua online

Dokumentuaren akzioak

Iztuetaren 1824ko liburua online

2004/06/10 21:55

Aurreko batean liburu zaharrak dituzten denda horietako batean Juan Inazio Iztuetaren Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuaren argitalpen zahar bat ikusi nuen. 1895ean Tolosan egindako bigarren argitalpeneko ale bat zen. Sitsak janda zituen orri batzuk eta kontuz pasa nituen bere orriak. Iztuetaren liburu ezagunaren beste argitalpen batzuk baditut, baina batere ez hain zaharra, eta prezioa ere galdetu nuen. 300 euro. Ez da asko izango 1895eko liburu batentzat, baina informazio aldetik ezer berririk ez zidala eskainiko kontuan hartuta eta orijinal bat izatearen kapritxoa baino ez litzatekeenez, ba ez nuen erosi.

Gaur 1895eko liburu hori digitalizatuta aurkitu dut Interneten. Eta ez hori bakarrik. Baita Iztuetaren Gipuzkoako dantzei buruzko lehen argitalpena ere, 1824koa . Osorik digitalizatuta eta orriz-orri kontsultatzeko moduan. Nik 1824koaren kopia bat badaukat, Koldo Mitxelenan mikrofilmatuta baitago eta paperera pasatzean kopiako 10 zentimo inguru kobratzen dituzte. Baina orain ez dago horren beharrik ere, zuzenean Interneten sartu, eta liburu osoa inprimatu daiteke etxeko inprimagailuan. Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Euskal Liburutegi Digitalean dago. Eibartarrak zerrendara Luistxok bidali duen mezu bati esker ezagutu dut.

Azken urteotan Gipuzkoako dantzetan aldaketa eta proposamen asko egin dira Iztuetaren liburu horretan oinarritua, eta zer esanik ez aurresku txapelketetan. Urrats, dantza eta osagai zaharrak berreskuratzeko balio izan dute askotan. Beste askotan, okerreko interpretazioak egin dira, eta gainera, iturri bakar bat jainkoaren esana bezala hartzearen ondorioz, gehiegikeriak egin dira eta egiten ari dira.

Orain, jatorrizkoa ere denok eskura dugu. Irakurtzea bakarrik falta. Baina horretarako ez genuen orijinalaren beharrik. Irakurtzeko nik 1990ean Mª Jose Ezeizabarrenak prestatu eta Euskal Editoreen Elkarteak argitaratu zuen edizioa gomendatzen dut. Gaur egungo grafiara txukun egokitu zuen testua Mª Josek eta samurrago irakurtzen da. Hori bai, nik ez nizueke gaztelerazko itzulpenik gomendatuko, irakurri euskarazko, jatorrizkoa izateaz gain fidagarriagoa baita, eta euskara aberasteko ere oso aproposa.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.