Dokumentuaren akzioak
Iturbide: "Ez dago dantza egitea bezalakorik"
Panderoa ez omen zuen maite Imanol Arregi "Iturbide" pandero-jole azpeitiarrak, tresna jotzeak bakarrik ez, eskutan eramateak ere lotsarazten baizuen. Hala ere atsotitz eder honekin ederki azaltzen du panderoa jotzen zergatik amaitu zuen: "Hartzak ere dantza egiten dik diruagatik".
Hori kontatzen digu Imanol Arregik Estitxu Elduaieni Gipuzkoako Hitzarako eskainitako elkarrizketa batean, bera abilagoa zela dantzan eta gusturago aritzen zela horretan panderoa jotzen baino, baina, bizitza aurrera ateratzeko biderik onena panderoa-jotzea zela ikusi eta horrekin jarraitu zuela.
Hala ere inoiz ez dio dantza egiteari utzi, oholtza gainean panderoa jotzen aritu eta maiz jaitsi omen delako plazara dantzara: "Beti izan naiz festa zalea, bai, eta beti dantzarako amorratzen. Panderoa jotzetik ere askotan ihes egiten nuen dantza egiteko, eta jotzen ari izan naizenean ere, plazan jende gutxi dantzan ikusitakoan, behera jaitsi eta jendea dantzan jartzen ere abila izan naiz. Ez dago dantza egitea bezalakorik, osasunerako ere oso ondo dela irakurria dut, eta ni sinestuta nago."
Plazak hutsik ikustea gero eta ohikoa bilakatu da gurean, ez dago erromerietarako zaletasun handiegirik eta Iturbide penatua azaltzen da horren inguruan: "Tristea da benetan. Gaur egungo soinu-jole gazte asko oso onak dira, baina askotan beraien lagunek ere ez diete jarraitzen plazan. Herioa ematen dit niri horrek. Benetan. Gure garaian dena zen trikitia, eta orain berriz... hau bukatu delakoan nago ni, etorkizun tristea sumatzen diot."
Hala ere, Imanolek ez dio dantza egiteari utziko eta halaxe aritzen da, Azpeitia inguruan: "Sala fiestas edo tabernak, dantza egiteko denak iruditzen zaizkit balekoak! Azpeitian ere ibiltzen naiz batzutan. Behin oraingo musika horietako bat zegoen tabernan eta ni jo eta su ari nintzen dantzan, neure erara. Neska batek gerturatu eta zera esan zidan: "Hori da martxa duzuna!". Izan ere, gaur egun gizonezkoak basoa hartu eta barran egoten besterik ez dakite."
Dokumentuaren akzioak