Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ion Agirretxe eta Ane Anza dantzariei elkarrizketa Euskadi Irratian

Dokumentuaren akzioak

Ion Agirretxe eta Ane Anza dantzariei elkarrizketa Euskadi Irratian

2015/01/08 08:35
Ion Agirretxe eta Ane Anza dantzariei elkarrizketa Euskadi Irratian

Ion Agirretxe eta Ane Anza, EITBn 2014-12-25ean. Argazkia: Euskadi Irratia

Gabon egunean Ion Agirretxe eta Ane Anza dantzariak elkarrizketatu zituen Andoni Mutiloak Euskadi Irratiko Amarauna saioan. Biek dihardute etxetik kanpo dantzan, Italian, Turinen dago Ane Anza eta Flandesen, Anberesen dago Ion Agirretxe. Ondoko audioan Euskadi Irratian izandako elkarrizketa osoa entzuteko aukera duzue, bakoitzaren dantzari ibilbidea eta horretan bizitakoak kontatzen dituzte bertan.

Biek ala biek gazte gaztetatik izan dute dantzarako zaletasuna eta euskal dantza tradizionalean izan zuten dantzari profesional izatera eramango zituen bidearen abiapuntua, Donostiako Eskola dantza taldean. Aukeran konpainiarekin aritutakoa da Ane Anza baita ere. Gerora, dantza klasikoko formazioa jaso zuten biek, eta Ion Agirretxek bide horretatik jarraitu du eta Ane Anzak ordea dantza garaikidearuntz jo du gehiago.

Ionek 15 urte zituela utzi zuen Euskal Herria, Madrilera joan eta bertan ikasten jarraitzeko. Hasieran gogorra izan bazen ere 2008ko apirilean Corella Ballet – Castilla y Leon (2011tik Barcelona Ballet)-en sartzeko aukera izan zuen eta bertan 5 urte eman zituen, diru laguntza falta zela eta konpainia itxi behar izan zuten arte. Gero, 2012an, Flandeseko Balletean sartu zen, Anberesko Konpainia Nazionalean hain zuzen ere. Bertan 45-48 dantzari inguruk osatzen duten taldean bere lekua egin du euskaldunak; On Kixote lehen aldiz dantzatzeko diren honetan Basilioren bakarlari papera dantzatuko du. Denboraldi baterako behintzat Anberesen gelditzeko asmoa du Ion Agirretxek.

Ane Anza, aldiz, Gazteizera joan zen lehenengo ikastera, eta Donostiara bueltan Dantzaz konpainian aritu zen 2 urtez. Profesionaltasunerako bidean saltoa emateko laguntza handi bezala ikusten du Ane Arzak Dantzaz konpainia, dantzari zein pertsona moduan hazteko aukera handia eman baitzion. Oreka TX, Kukai dantza taldea eta Kalakanekin batera Herritmo ikuskizunean parte hartu zuen, 2014an Turineko Antzokiko Balletean sartzea lortu duen arte.

Euskal Herrian dantza tradizio handia, dantzari on asko eta gogo asko dagoela diote biek baina dantzari laguntza falta zaiola baieztatzen dute. Arrazoi honegatik hemen dantzari profesional izatea ia ezinezkotzat jotzen dute. Dantza kultura eta afizioa egon badago, baina laguntzarik ez. Dantzari profesionala izatea ere horren baloratuta ez dagoela diote, oraindik ere dantza afizio soil bezala ikusten baita askotan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.