Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ioannes de Quirno-ren herria: Dantxarinea

Dokumentuaren akzioak

Ioannes de Quirno-ren herria: Dantxarinea

Otsondotik jaitsi eta Urdazubira ezker hartzeko, Senperera Herri urratsera joateko, txikitan dentistara Hazparnera joateko... hainbatetan tokatu zaigu Dantxarineatik pasatzea, Nafarroatik Lapurdirako bidean. Dantzariok badugu gure herria propioa ere! pentsatu izan dut holakoetan. Ba ote dute beste nonbaiteko dantzariek haiei eskainitako herri bat? Asteburuan berriz ere pasa naiz handik eta beste galdera bat etorri zait burura. Dantxarinea bai... baina zer dantzariren etxea izanen da -enea hori? Gaur interneten pixka bat arakatu eta bilatu ditut datutxo batzuk. Agian ezagunak izanen dira, baina niretako berriak dira eta hemen bildu eta partekatzea otu zait.

1700. urtean Anjouko dukea zen Felipe, Espainiako errege izateko izendatu zuten (Felipe V. Borboikoa, gerora). Honek izendapena onartu eta 1701eko urtarrilean Frantziatik Espainiarako bidean, Euskal Herrian, Donibane Lohitzunenen hartu zuen atseden hiru egunez. Bertako herritarrek omenaldia egin nahi izan zioten eta besteak beste, hainbat dantza eskaini zizkioten hiru egun horietan. 

Dantza horietan parte hartu zuenetako bat dugu Ioannes de Quirno bale arponlaria. Errege izendatu berriari eskainitako dantzetan nabarmendu zen Ioannes eta Felipek dantzari hura nor ote zen galdetu zuen. Dantzari bikaina omen zen eta errege berriaren galdearen ostean, famatua ere bai!

Ioannes de Quirno (Ioanes ttipia izenez ere ezagutua) Ainhoan (Lapurdin) jaio omen zen eta herriko biztanle berrien erroldan agertzen da 1662an. Bale arpoinlari gisa diru puska bat bildu eta 1733an, bere emazte Joana Dunate-rekin batera lur batzuk erosi zituen Ainhoan, Lapurdi eta Nafarroaren arteko muga-mugan. 3 etxe eraiki zituen bertan. Dantcharinea izena eman zien. Guillermo izeneko ume bat izan zuten behintzat eta bere familiaren arrastoak Argentinan lausotzen dira XIX. mendean barna.

Ioannes ttipiaren 3 etxeen inguruan beste batzuk eraiki ziren geroago, gaur egungo Dantzaria edo Dantxarinea osatuz. Quirno-ren etxeetako bat oraindik ere zutik da herrian eta bere hilarria ere kontserbatzen da. Bertan dio: Sepultura dancariarenecoa Quirno.

Hauxe da beraz, dantzarion herriari izena eman zion dantzari bikainaren historia txikia. Mereziko luke zabaltzea!

Dokumentuaren akzioak

2012/12/11 10:30
Hara, niri ere pasatzean atentzioa deitu dit, eta oso interesgarria kontatu duzuna. Ioannes de Quirno, baler arpoinlaria eta dantzari aparta. Oso polita kontakizuna Aritz! Eskerrikasko!
2012/12/11 10:56
Oso polita Aritz!! Milesker istorio hau argitzeagatik!!
2012/12/11 15:10
Hau ikerketa polita ...
Dantzari-enea ... eta ... aurrean uizan eta konturatu ez.
Oso interesantea Aritz

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ioannes de Quirno-ren herria: Dantxarinea

Ioannes de Quirno-ren "Dantcharinea" etxea