Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Inesa Gaxen pastoralarekin batera, erakusketa eta mahai-ingurua

Dokumentuaren akzioak

Inesa Gaxen pastoralarekin batera, erakusketa eta mahai-ingurua

2024/05/10 09:45
Inesa Gaxen pastoralarekin batera, erakusketa eta mahai-ingurua

Inesa Gaxen pastoraleko entsegua.

Inesa Gaxeni (Bastida, 1566 - Lapurdi, XVII. mendea) buruzko pastorala plazaratuko da Xarnegun ekainean eta irailean. Xarnegu zonaldeko herriak batu eta Pantxika Urruti pastoral zuzendariaren proposamena onartuta mustraketan dabiltza. Pastoralaren bueltan, Euskal Herriko emakume esanguratsuei buruzko erakusketa eta "Emazteak Pastoralean" mahai ingurua antolatu dituzte.

Inesa Gaxen pastorala
Inesa Gaxen pastoraleko entsegua.

Xarnegu zonaldea Lapurdi eta Nafarroa Behereko eskualde geografiko bat da, eta bereizgarri du historikoki elebiduna izan dela, mendeetan zehar euskarak eta gaskoi okzitanierak elkarrekin biziraun dute. Beraz, pastoralean euskara eta gaskoia nahastuko dira, euskaraz idatzi du pastorala Itxaro Bordak, eta bertan badira Sergi Javaloyesek gaskoiak idatzi dituen zatiak.

Parte-hartzaileek Xarnegu Pastorala elkartea sortu dute, zonaldeko 15 bat kide biltzen dituena; Bastida (NB), Ahurti (L), Erango (NB), Bardoze (L), Burgue-Erreiti (NB), Bidaxune (NB), Akamarre (NB), Gixune (L) eta Samatzeko (NB) herritarrak dabiltza lanean.

Inesa Gaxen pastorala
Inesa Gaxen pastoraleko entsegua.

Emazteen irudiak argitara

Maiatzaren 13tik 24ra, Bastidako herriko etxeko erakusketa gelan, "Emazteak" erakusketaren zati bat ikusgai izango da. Euskal Herriko hamar emakume esanguratsuen erretratuak aurkeztuko dira, horien artean Pantxika Urruti, Itxaro Borda eta Inesa Gaxen pastoralaren errejenta, idazlea eta sujeta, hurrenez hurren.

Sarrera librea izango da astelehenetik larunbatera 09:00etatik 12:30era eta 14:00etatik 17:30era.

Zer da emazteez pastoraletan?

Pastoralean emazteen iraganaz, orainaz eta geroaz mintzatzeko mahai-ingurua antolatua da maiatzaren 18an, larunbatean, 19:00etan, Bastidako herriko etxeko Groupama gelan (1. solairuan). Maite Berrogain-Iturbide (idazlea), Itxaro Borda (idazlea), Joana Etxart (idazlea), Xantiana Etxebest (errejenta) eta Pantxika Urruti (errejenta) izanen dira txandaka eta Pantxika Maitiak moderazioa hartuko du.

Inesa Gaxen pastorala
Inesa Gaxen pastoraleko entsegua.

Inesa Gaxen oholtzara

Lau aldiz plazaratuko da Inesa Gaxen pastorala. Ekainaren 15ean, larunbata, eta 16an, igandea, 15:30ean, Bastidako Arku plazan; eta irailaren 22an, larunbata, eta 23an, igandea, 15:30ean Bardozeko estadioan. Sarrerak dagoeneko salgai dira.

Inesa Gaxen (Bastida, 1566 - Lapurdi, XVII. mendea) sorgin izateaz akusatu zuten eta sorginkeriagatik bitan giltzapetua izan zen. Bordeleko parlamentuan epaitu zuten hemezortzi urte zituela; libre utzi zuten. 1611. urtean, haur batzuek sorgina zela esan eta preso hartu zuten berriro ere, beste emakume batzuekin batera. Hondarribiko epaiek Logroñoko Inkisizioaren eskuetan utzi zuten auzia, espero ez bazen ere, kargurik gabe utzi zuten. Hondarribiko herritar askok ez zuen epaia onartu, eta, azkenean, Hendaiako mugan utzi zituzten Inesa Gaxen eta beste emakumeak.

Inesa Gaxen pastorala kartela

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.