Dokumentuaren akzioak
Inauteriak inoiz baino goizago datoz
- Urtarrilak 31, Ostegun Gizena
- Otsailak 1, Ostiral Mehea
- Otsailak 2, Inaute Larunbata edo Zaldunita bezpera
- Otsailak 3, Inaute Igandea edo Zaldunita
- Otsailak 4, Astelenita
- Otsailak 5, Inaute Asteartea edo Asteartita
Zergatik dira hain goiz aurten inauteriak?
Inauterien data nola jartzen den kontuan hartu behar da horretarako. Lehenengo Aste Santuko igandea noiz den jakin behar da eta horren arabera jakingo dugu noiz diren inauteriak. Hona hemen inauterietako datak kalkulatzen prozesua:
- Udaberriko lehenengo ilargi betea noiz izango de lokalizatu.
- Udaberriko lehenengo ilargi betearen ondoko lehen igandea identifikatu. Igande hori, Aste Santuko igandea, alegia, Pazko Igandea izango da.
- Pazko Igandean bukatzen da garizuma, alegia 40 eguneko baraualdi kristaua. Garizuma Hausterre egunean hasten da. Beraz, 40 egun atzeraka kontatu behar ditugu Hausterre eguna lokalizatzeko. Baina erne, kontaketa horretan ez dira igandeak kontuan hartzen!
- Hausterre eguna da inauterien ondoko lehen eguna, asteazkena, beraz, bezpera Inaute Asteartea izango da, eta aurreko ostegunean hasita egun horretara dira inauterietako egun "klasikoak".
Eta aurten oso goiz tokatu da...
Bai, eta kostako da berriz horren goiz tokatzea tarte luze batean. Bi gauza gertatu behar dira data horren goiztiarra gertatzeko, martxoaren 21aren ondoren ilargi betea berehala tokatzea eta ilargi betea igandetik hurbil tokatzea, hau da, ostiral edo larunbatean, eta ez adibidez asteartean. Eta aurten biak tokatu dira:
- Udaberriko lehen ilargi betea noiz da 2008an? Ba hain justu martxoaren 21ean bertan! Lehenengo egun posiblean.
- Eta zein egun da? Ba ostirala! Beraz, Aste Santua martxoaren 23an, da toka daitekeen data goiztiarrenetako batean.
Ondorioz, inauteriak ere horrela datoz, inoiz baino goizago.
Eta zein ondorio ditu horrek?
Ba mozorroak eta dantzak prestatzen lehenago hasi behar dugula, hori argi dago. Baina ez hori bakarrik, jai-egutegiko beste zenbait ekitaldirekin bat egingo dute aurten inauteriek, eta ikusi beharko da hori nola konpontzen den. Adibidez, Donostian Kaldereroak kandelaria (otsailak 2) egunaren ondoko larunbatean ospatzen dira. Aurten kandelaria eguna larunbata denez, inauteri larunbatarekin bat egiten du. Beste adibide bat, Santa Ageda otsailaren 5ean da eta inauteriekin bat egiten dute Santa Agedaren inguruko erronda, eske eta ospakizunek.
Inauteri batzuk data mugitu dezakete aurten
Inauteri data nagusi batzuk badaude ere, herri eta inauteri bakoitzak bere datak zehazten ditu. Kasu batzuetan horiek inauteri data ofizialen arabera izaten dira. Adibidez, Lizartzan puska biltzeak eta dantzak inauteri asteburuaren aurreko asteburuan egiten dira. Beste batzuk, bestelako erreferentzia batzuk erabiltzen dituzte. Adibidez, Ituren eta Zubietan urtarrileko azken igandea izaten da erreferentzia, eta igande horren ondoko astelehen eta asteartean izaten dira joaldunen eta mozorroen agerraldiak.
Aurtengo data bereziak direla kontuan hartuta, litekeena da zenbait inauteritan data aldaketak egitea. Lehenengo adibidea jakinarazi da dagoeneko. Altsasun inauteriak astebetez "atzeratuko" dituzte. Santa Agedaren inguruan kintoek festa eta tradizio indartsuak dituzte Altsasun, eta biek beren tokia izateko inauteriak astebetez atzeratzea erabaki dute. Beraz, otsailaren 13an, garizuma barruan, kaleratuko dira Altsasun momotxorro beldurgarriak eta bertako inauteriaren gainontzeko mozorro ikusgarriak.
Eta zure herrian zer?
Inauteri tradizionalen egutegi bat osatzen saiatzen gara urtero dantzan.com-en, eta ikusten dugu aurten gerta ohiko egutegian hainbat aldaketa gerta daitezkeela. Beraz, inauteri tradizionalak ospatzen diren herrietako irakurleei eskatu nahi diegu beraien herriko inauterien data aldatu edo ohiko datan berresten bada jakinarazteko. Horretarako, mezu honen azpian erantzuna utz dezakezue edo bestela posta helbide honetara idatzi. Eskerrikasko!
Dokumentuaren akzioak