Dokumentuaren akzioak
Ikerfolk-Argiak jasoko du Gipuzkoako Ondare Saria 2023
Kultura ondarea babesteko, ikertzeko eta zabaltzeko egindako lanagatik nabarmendu diren erakunde eta norbanakoak saritzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Sariak eta Juan Antonio Urbeltzek (1940) eta Marian Arregik (1944-2018) gidatutako Ikerfolk-Argia proiektua eta lantaldearen ibilbide eta ekarpen oparoa saritzea erabaki du epai-mahaiak 5. edizioan. Goizane Alvarez, Kulturako diputatuaren hitzetan "sari honek nabarmendu nahi du Ikerfolk-Argiak gure lurraldeko kultura ondarea mantendu eta aberasteko lanean erakusten dituen ahalegina eta grina".
Ondarea eta eraldaketa soziala
Ondare Sariaren bidez Ikerfolk-Argia taldearen hainbat ekarpen eta meritu saritu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailak, hala nola, ibilbidea eta jardunaren sakontasuna, proiektuaren berezitasuna, lurraldean duen ezarpena eta eragina, eragindako eraldaketa kulturala eta soziala, sinergiak sortzeko gaitasuna, lanaren jarraitasuna eta balioen transmisioa eta egokitasuna.
Ondare 2023 sariketako epaimahaiko kide izan dira Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko, Peña Gantxegi artxiboko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako San Telmo Museoko hainbat ordezkari. Honakoek jaso dute aurretik Gipuzkoako Ondare Saria: Fermin Leizaola Calvo (2009), Juan Garmendia Larrañaga (2011), Euskaltzaindia (2018), Juan Mari Beltran Argiñena (2021) eta honako honetan Ikerfolk-Argia (2023). V. Ondare Saria emateko ekitaldia urtarrilaren 17an Santa Teresa komentuan egingo da.
Dantza, Musika, Janzkera...
Ikerfolk-Argia elkartea ikerlari, dantzari, musikari, sortzaile eta ekintzaileek osatzen dute, eta euskal dantzaren ondarea –musika, janzkera, errituak, folklorea eta kultura tradizionala– ikertzen, biltzen, berritzen eta zabaltzen egindako lanagatik nabarmendu da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina (2015) duen Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen du, eta taldea funtsezkoa izan da euskal dantzaren azken sei hamarkadetako kontserbazioan eta bilakaeran. Ikerfolk-Argiak "Gipuzkoako kultura ondareari egiten dion ekarpenaren garrantzia" nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako diputatu Goizane Alvarez Irijoak.
Irabazi-asmorik gabeko elkarte honek ikuspegi integrala zabaldu du, folklore koreografiko musikalaren hainbat alderdi landuz, bereziki dantza, musika, kantua, janzkera eta artisautza. Gainera, kultura tradizionalarekin lotutako proiektuen ikerketan, hezkuntzan, dokumentazioan, interpretazioan, komunikazioan eta kudeaketan nabarmendu da.
Herri proiektua
Mende erdiko ibilbidean hainbat proiektu eta ekimen bideratu ditu Ikerfolk-Argiak, besteak beste, dantza eta musika ikuskizunak (Martin Zalakain, Kondharian, Pas de Baque, Muriska, Axeri-boda, Zortziko, Alakiketan, Besta Berri...), Udazkenean Folk musika jaialdia, Atondu janzkera ekimena, Dantza ganbara dantzaren alderdi ludikoaren esparrua, Dantzan Ikasi formakuntza programa, soka-dantzen eta ezpata-dantzen berreskurapenak protokolo eta erritual koreografiko baliotsu moduan, e.a.
Ikerfolk elkartea eta Argia euskal dantzari taldearen lan-modu ireki eta kolaboratzailearen ondorioz proiektu honen orbitan hainbat talde eta norbanako artikulatu dira urteotan, ondarea ikertu eta berritzeko ikusmolde berarekin bat eginda lanean dihardutenak, hala nola Dantzan elkartea, Maritzuli konpainia (Baiona-Miarritze), Duguna (Iruñea), Haritz (Elgoibar), Kezka (Eibar), Elai Alai (Portugalete), Zenbat Gara (Reno), Gure-Kai (Deba), Astigar (Astigarraga), Arkaitz (Añorga), Urki (Andoain) dantza taldeak besteak beste.
Dokumentuaren akzioak