Dokumentuaren akzioak
Tradizioren eta sorkuntzaren Iturritik dantzan Donostian
Jon Insausti (Donostiako kultura zinegotzia), Jon Maia (Kukai), Monika Bañales (Argia), Jexux Larrea (Argia), Carine Agirregomezkorta (Malandain Ballet Biarritz) eta Norka Chiapuso (Donostia Kultura). Argazkia: Donostia Kultura.
Urriaren 18tik 23ra "Iturritik" dantza jaialdia antolatu du lehen aldiz Donostia Kulturak. Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako sortzaileen ikuskizunak ikusteko aukera izango da, Malandain Ballet Biarritz, Argia Dantzari Taldea, Nova Galega de Danza, Explica Danza eta Bilaka Kolektiboak hartuko baitute parte jaialdiaren lehen edizio honetan. Emanaldiak Victoria Eugenia Antzokian, Egiako Gazteszenan eta Okendo plazan izango dira.
Kataluniatik datorren Explica Dansa-k Tra, tra, tra Tradizioa, Transmisioa eta Traizioa hitzaldi dantzatuak irekiko du programa; dantzaren historia eta bilakaera ezagutaraztea du helburu ekimen honek. Dantza garaikidearen oinarriak ezagutzera emanez hainbat emanaldi egin ondoren, dantza tradizionala jorratzen dute saio berrian, eta Gipuzkoako Dantzagunearen laguntzarekin tradiziotik sorkuntzan diharduten hainbat euskal dantzarirekin izandako elkarrizketak baliatu dituzte, besteak beste, hitzaldi dantzatua prestatzeko orduan. Malandan Ballet Biarritz-ek bi koreografia dituen Euskal Hatsa kale ikuskizuna estreinatuko du, lehenengoa Claude Iruretagoienak zuzenduko du eta bigarrena Jon Maiak. Jaialdiaren barruan hiru emanaldi eskainiko dituzte. Bilaka kolektiboak, berriz, Gernika aurkeztuko du, 1937ko Gernikako bonbardaketan inspiratutako ikuskizuna. Galiziatik Leira lana ekarriko du Nova Galega de Danzak; gorputza eta lurraren arteko loturak iradoki nahi dituzte. Jaialdia Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizunarekin amaituko da. Juan Antonio Urbeltzen azken lanak bost urteko ibilbideari agur esan dio Donostiako emanaldi honekin.
I. Iturritik Jaialdia
- Tra, Tra, Tra (Tradizioa, Transmisioa, Traizioa), Begirada garaikide bat tradizioari, Explica Danza. Urriak 18, Gazteszena (Egia).
- Euskal Hatsa, Malandain Ballet Biarritz. Urriak 19, 22 eta 23, Okendo plaza.
- Gernika, Martin Harriague, Bilaka Kolektiboa. Urriak 19, Victoria Eugenia.
- Leira, Nova Galega de Danza. Urriak 22, Victoria Eugenia.
- Martin Zalakain, Argia Dantza Taldea. Urriak 23, Victoria Eugenia.
Sarrerak salgai dira irailaren 14tik Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatilean eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.
Dokumentuaren akzioak