Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Leandro anaiak dantzan, eskola boleroaren azken dantza-maisuak

Dokumentuaren akzioak

Leandro anaiak dantzan, eskola boleroaren azken dantza-maisuak

2013/10/01 09:55

Pujanaren adibidea ez  da aliritzira jarritakoa. Gipuzkoan, pujanatarrak Jose Lorenzo batez ere, Candido neurri txikiagoan ;-) dantza tradizio zahar bat profesionalki irakasten aritu ziren dantza-maisu lanbidearen azken katebegiak izan ziren. Baina hori baino gehiago da, ziur aski Eskola Boleroak eta Gipuzkoako dantzek iturria, dantza sistema beraren jatorria konpartitzen baitute, Eskolako Dantza edo Dantzatzeko maisuen oinordetza. Saiatuko gara hau apur bat azaltzen.

Eskolako dantza eta Dantzatzeko Maisuak

Cesare Negri: Ballerini Milanesi, 1580.Gazteleraz "Danza de Escuela" edo "Maestros de Danzar" izenekin ezagutzen da Berpizkundean eta Barrokoan gorteetako noble, jauntxo eta erret familiei dantzan irakasten zieten dantza irakasleek jorratzen zuten dantza eredua. Europa mendebaldeko gorte guztietan izan ziren era honetako dantza-maisuak, eta XV, XVI eta XVII. mendeetan hainbat liburu idatzi zituzten dantza-maisu horiek beren dantzatzeko eta dantza irakasteko azalpen eta metodo moduan. Domenico da Piacenza, Thoinot Arbeau, Fabritio Caroso edo Cesare Negri dira, dantza-irakasle eta idazle ezagunenetako batzuk, eta haien lanak nahitaezkoak izan dira Berpizkundeko dantzaera berregiten saiatzeko. Espainian, XVII. mendean Juan Antonio Jaque eta Juan Esquivel y Navarro dira nabarmenduko diren bi dantza-maisu.

Gipuzkoako dantzak

Zaldibiako dantzaria XVIIIJuan Antonio Urbeltz-ek 1994an argitaratutako Bailar el Caos liburuan, Berpizkunde eta Barrokoko dantza maisuek dantza irakasteko zuten sistema, egitura, pedagogia eta urratsak, Iztuetak Gipuzkoako dantzei buruz aurkezten duenarekin konparatu zituen, ondorio harrigarriak eskainiz. Juan Inazio Iztueta eta oro har, Gipuzkoako dantza-maisuen dinastiak, "Danza de Escuela" eta "Maestros de Danzar" horien dantza-sistema beraren aldaerak izan daitezkeela erakutsi zuen. Ondoren beste zenbaitek ere dute lotura hori, adibidez, Julia Sutton-ek, Frabritio Carosori buruzko lan batean.

Sistema osoa da antzekoa, urrats-aldaira-dantza egitura pedagokioa, dantzarako prestutasun eta gorputzaren kolokazioari dagozkion irizpideak, eta abar,  baina badira ezaugarri batzuk begietara errazago iristen direnak, adibidez, urratsak. Esquivelen cuatropeados, vueltas de pecho, carrerillas, giradas edo voleos oso hurbil dira Iztuetaren lauarin, muriska jirako, lasterka, jirako lasterka, gurpil eta abarretatik.

Eskola Boleroa

Josefa Vargas bailaora (1840)Beste horrenbeste gertatzen da Eskola Boleroarekin. Hain zuen ere, Eskola Boleroaren ikertzaileek, Esquivel y Navarro (Sevillarra zen) eta bere garaiko dantza-maisuen oinordekotza aldarrikatu izan dute. Gorteetatik hiri handietara, haietatik ertainetarako, nobleetatik burgesengan, dantzakera hau herrira zabaltzen joan zela uste da, errege-erreginek beste dantza-bide bat jorratzeari heltzen zioten aldi berean. Dirudunek lehenengo, eta ez herritar arruntagoek ondoren, dantza-maisuen akademietan klaseak jasotzen jarraitu zuten. Dantza-maisuek gremioetan bezala, belaunaldiz belaunaldi transmititu zituzten beraien ofizioaren ezagutzak, baina gorteetan interesak behera egin ahala, hiri handietatik txikietara, eta auzoetatik herrietara joan ziren zabaltzen beraien eskaintza.

XX. mende hasieran Eskola Boleroaren irakaskuntzarekin jarraitzen zuten dantza-maisu gutxi batzuk ezagutzen ziren Andaluzian eta Murtzian. Flamenkoaren sorreran parte handia izango du Eskola Bolerak, eta haren oinarri asko integratuko dituzte arrakasta handiarekin. Espainiar Dantza, edo Ballet Español delakoak ere Eskola Bolerotik edango du neurri handi batean. Eskola bolera bera ordea ahituz joango da, eta XX. mendeko gizarte aldaketa handiekin batera, oinordekorik gabe joan dira itzaltzen azken dantza-maisuak.

Leandrotarrak

Murtzian, Fuente-Alamon, bolero eskolaren leinu batek XX. mende erdiraino jarritu zuen dantza-maisu lanetan: Leandrotarrak. Murtziako hainbat eskualdetan, herriz-herri bidaiatuz eutsi diote beraien lanbideari, dantza-maisu lanbideari. Anastasio eta Mariano izan dira dantza irakaskuntzan profesionalki aritu diren azkenak Murtzian. Mariano orain urtebete hil da.

1994ko ekainaren 26an Yecian, Murtzian, egindako dantzaldian hartutako irudiak argitaratu ditu Manuel Sanchez Martinez-en sarean, Coleccion Memorias de la Tradición en Internet izeneko bildumaren baitan. Anastasio eta Mariano Leandror ageri dira dantzan, eta Amalia eta Faustina, Leandrotar hauen aitak eta honen lehengusu batek irakatsitakoak dituzte bikote dantzan. Goiko bideoan malageñak dantzatzen dituzte, eta azpiko honetan berriz, sevillana boleroak. Faustina dute lagun horretarako, lehenengo Marianok eta ondoren Anastasiok.

Dokumentuaren akzioak

2013/10/02 14:19
Inpresionantea: bizia eta emotiboa.
Erderazkio "duende"a hor bertan ez badago ez du existitzen.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.