Dokumentuaren akzioak
Errimak Oinetanen bigarren partea dakar Haatikek: Errimak Bi Oinetan
Irailaren 27an, 20:00etan Hondarribiko Itsas Etxean estreinatuko du Haatik konpainiak bere lehen lanaren irakurketa eraberritua. 2012. urtean Errimak oinetan ikuskizuna aurkeztu zuten; bertso saio batean oinarritutako dantza emanaldia. Orain aurkeztuko duten emanaldiak ordukoaren formatu bera izango du, baina bertso eta dantza berriekin osatu dute. "Lehenengo ikuskizunarekin ari ginela ideia berriak beti ateratzen ziren, esaten genuen egunen batean berrartuko genuela eta iritsi da garaia", azaldu digu Aiert Beobide Haatik konpainiako zuzendariak.
Ikuskizunari berriro heltzeko nahia planteatu zioten konpainiako kideek Unai Elizasuri, bera baita proiektuaren bultzatzailea. Berarena izan zen duela ia hamar urte bertso saio batean forma oinarri zuen dantza ikuskizuna plazaratzeko ideia. Iaz hasi ziren berriro elkarlanean ikuskizun berria prestatzen, "elkartu eta aurrekoan bidean utzi genituen gauza batzuetatik abiatu ginen, forma aldetik izan zitzakeen berritasunak aztertzen".
Prozesu luzea izan dela dio Beobidek, "bertsoen aukeraketa, gidoia idatzi, musikatu, sortu, grabatu". Artista ugarik hartu dute parte sorkuntzan. Besteak beste, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegik prestatu dituzte ikuskizunerako propio sortutako bertsoak. Historian zehar esanguratsuak izan diren Lazkao Txikiren eta Xalbadorren bertsoak ere dantzatuko dituzte. Igelaren banda zuzentzen duen Bixente Martinez aritu da musika sortu eta bertsoak musikatzen eta Maddalen Arzallusek eta Thierry Biscaryk jarri die ahotsa. Taldeko dantzarietako batzuk ere animatu dira abestera.
Plaza bat baino gehiago
Lehenengo emanaldiaren berezitasuna sinpletasuna izan zela dio Aiert Beobidek eta hori mantendu nahi izan dute, "sinpletasun edo soiltasun batera jotzen dugu: aulkiak, pertsonak eta hitza. Ez dago elementu apaingarri handirik". Horri esker, dagoen guztiak, hitz bakoitzak, mugimendu bakoitzak, denak garrantzi berezia hartzen duela dio. Bertsotan egiten diren ariketen bidez egingo du saioaren hasieratik bukaerarako bidaia dantzariak: binakako ariketak, banakakoak, kartzelakoa, koplak...
Aurreko ikuskizunean bertso saio bat irudikatzen saiatu ziren, baina oraingoan plaza edo bertso saio mota bat baino gehiago antzeztu nahi izan dituzte, "Modu ezberdinetako bertso saioak adierazten saiatu gara: jaietako emanaldiak, txapelketak, bertso afariak... emanaldi bakoitzeko bertsolarien jarrera horiek irudikatzen saiatuko gara". Ikuskizun guztia kontzeptu bakar batean zentratu beharrean, pasarteen bidez hainbat gai landuko dituzte.
Inprobisazioarako bidea
Aurreko ikuskizunean gai jartzailearen ahotsa grabatua zegoen, baina oraingoan bertan egongo da, "Bertso saioetan izaten den gai jartzailea zuzenean egotea ere garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Unai [Elizasu] gai jartzen ibiltzen denez bere papera edo figura ekarri nahi izan dugu ikuskizuna". Aurreko formatuan dena itxiago eta markatuago zegoela dio Beobidek. Gai jartzailea bertan egoteak freskotasuna emango diola ikuskizunari uste dute, baita egunetik egunera aldakorra izateko aukera ere.
Dantzarien apustua da bertsolariek egiten duten hitzeko inprobisazio hori dantzara nola ekar dezaketen aztertzea, "Bertsolari batek hitzekin egiten duena izugarria da, gaitasun asko eduki behar dira horretarako. Baita dantzan ere. Lengoaia moduan ez denez horren zuzena, batzuetan oso zaila egiten da, horretan saiatuko gara". Gauza asko zehaztuta dituztela dio Beobidek baina oholtzara iristean bertsolarien antzera arituko dira, "hor egongo da bertsolariek dioten amildegi hori, zer gertatuko da zuzeneko momentua iristean?".
Errimak Bi Oinetan
- Noiz: Irailak 27, ostirala, 20:00etan
- Non: Hondarribiko Itsas Etxean
- Sarrerak: Haatik konpainiaren webgunean
Fitxa
- Zuzendariak: Aiert Beobide eta Unai Elizasu
- Koreografia: Talde sorkuntza
- Dantzariak: Aiert Beobide, Amaiur Luluaga, Anne Jauregi, Iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Jon Arsuaga, Nagore Zabala.
- Aurkezle eta Gai jartzailea: Unai Elizasu
- Bertsoak: Sustrai Kolina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Aitor Sarriegi, Uxue Alberdi, Odei Barroso, Ibon Ordoñez eta gehiago.
- Musika: Igelaren banda. Bixente Martinez (gitarrak eta zuzendaritza), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) eta Hasier Oleaga (bateria).
- Ahotsak: Maddalen Arzallus, Thierry Biscary, Aitor Mendiluze, Irati Sorondo eta Anne Jauregi
- Grabaketa: Azkarate estudioak, Jonan Fernandez.
- Jantziak: Ramón García
- Kartelaren argazkia eta diseinua: Iurre Aranburu
Dokumentuaren akzioak