Dokumentuaren akzioak
Guardiako dantzak Indarra dantza taldearen eskutik
"Laguardia" eta "Biasteri" bezala ezagutu izan dugu luzaroan, baina Euskaltzaindiak "Guardia" hobetsi du azken aldian Arabako Errioxako herri hau izendatzeko.
Bizirik gorde direnak
San Juan inguruan egin ohi dira jai nagusiak Guardian, eta San Juan degollaoren kofradiak ekainaren 28 eta 29an ospatzen ditu horiek segidak. Kalejira edo "pasacalle", jota, eta banderaren dantza dira Guardian bizirik mantendu diren dantzetako batzuk, Guardiako San Blas egunetik Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu den Txulalaikin batera.
San Juanetako errituala
Musika-banda, gaiteroak eta katximorroa buru duten dantzariek osatutako konpartsak, jai handietan herri askotan ohikoak diren joan-etorriak egiten dituzten Guardiako kaleetan. Plazatik irten eta alkatearen etxe aurrera joaten dira hau udaletxeraino laguntzeko, eta gero laguntze-lan bera egiten dute sindikoarekin. Udaletxetik herriko bandera jaitsi eta sindikoak eskuetan duela kortejoak elizarainoko bidea egiten du. Sindikoak bandera dantzatzen du eliza kanpoan, eta dantzariekin batera elizako aldarera sartuta berriz ere bandera dantzatzen du bertan. Portokolo guzti hau San Juan bezeran, eta San Juan egunean goiz eta arratsaldez egiten da.
Berregindakoak
Bideoetan ikusi daitezkeen beste dantzetako batzuk berregite lanen ondorioak dira. San Juan degollao-ren ospakizunetan "trokeo-dantzak" izan zirela jaso dute ikertzaileek, eta horietan oinarrituta egin izan dira dantza horien "berregiteak" Indarra dantza taldeak bildutako informazioaren arabera. Guardiako arku-dantza adibidez, gerra aurreko urteetan Gasteizko Eusko-Gaztedi taldeko zuzendari izana zen Gregorio Ormaechea "Alparga"ren partituran oinarrituta berregin zuen Arabako EDBk 80-eko hamarkadan.
Txulalai
Otsailaren 3an ospatzen da San Blas eguna, eta San Blas ondoko lehen igandean erromeria izaten da Paganos-en. Paganos Guardiatik bi kilometro eskasera dago, eta ospakizun horretarako Guardiatik hainbat eta hainbat herritar hurbiltzen dira bertara. Meza nagusiaren ondoren dantzatzen dute erromeriara hurbildu diren herritarrek Txulalai dantza ezaguna.
Iturriak
1987an "Arabako Dantzak" diskoarekin batera Indarra EKE-ek prestatutako azalpen testuan jasota daude Guardiako dantzen inguruko hainbat xehetasun eta gora-behera. Testu hori bera Dantzariak aldizkarian argitaratu zen 1995eko uztailean (52. zkia), eta aldizkari horretan bertan 1978ko uztailean (ez-ohiko zkia) Joaquin Jimenez-ek argitaratutako lanekin batera, dantza horietara hurbiltzeko informazio iturri funtsezkoak dira.
Bideoak
Indarra dantza taldearen eskutik Guardiako honako dantza hauek ikus daitezke bideo hauetan:
- Kalejira edo Pasacalle
- Arku-dantza
- Makil-dantza
- Jota
- Txulalai
Dokumentuaren akzioak