Dokumentuaren akzioak
Goizaldi, 75 urtez Gipuzkoako dantzen oinordeko
Hainbat belaunalditako dantzariak elkartu eta 75. urteurrena ospatzeko urte osoko egitaraua antolatu du Donostiako Goizaldi dantza taldeak. “Aurreko urteko ikasturte hasieran hasi ginen antolatzen, 75. urteurrenerako batzordea egin genuen. Kontaktu zuzena dugu bazkideekin eta horietako asko dantzari eta musikari ohiak dira. Horrela, hainbat jende elkartu zitzaigun antolakuntzara, eta hortik talde motorra sortu genuen”, azaldu digu Araitz Iparragirre (Oiartzun, 1993) Goizaldiko dantzariak. Gehienbat urte askotan irakasle lanetan edota taldean ardurak izan dituzten jendea elkartu direla dio. Horien artean da Aritz Salamanca (1979, Lezo), belaunaldien arteko bitartekari lanean, “gaur egun taldean 30 bat pertsona dabiltza, urteurreneko lehen ekitaldian, ezpata-dantza gehiengoa egungo dantzariekin osatuta zegoen, baina aurreko belaunaldietakoek parte hartu genuen. Hori izango da pixka bat aurten errepikatuko den dinamika”.
Ezpata-dantzarekin hasiera
Lehen ekitaldia otsailaren 2an egin zuten. 25. eta 50. urteurrenenetan bezala ezpata-dantza kaleratu zuten eta Euskadi plazan Donostiako Udalak oparitutako oroitarria ipini, “aurreko urteurrenetako ibilbide bera, dantza bera, dantzari asko ere berberak... zenbait paralelismoa oso politak izan dira. Udalak 25 urtero oparitu dio oroitarria Goizaldiri, eta liturgia antzeko bat sortu da”.
Salamancak nabarmendu du aurreko bi urteurren borobiletan ez bezala, neska zein mutil ezpata-dantzariek hartu dutela parte segizioan, generoa kontutan hartu gabe, denak ezpata-dantzari. Iparragirrek dio beraientzat ohikoa dela orain hori, izan ere, 2016an hasi ziren entsegu mistoekin dantza guztiak bai neskek eta bai mutilek egiten, “guri normala iruditzen zaigu, baina jada taldean ez dabiltzan emakume askok lehen aldiz dantzatu zuten. Horrek esan nahi du batzuk ez zekitela, beraz entseguak egin genituen eta berezia izan zen denok parte hartu dugulako, denok rol berean”.
Ordiziara eta Zaldibiara bueltan
Gipuzkoako dantzen oinordeko bezala ulertu izan da Goizaldi dantza taldea. Juan Inazio Iztuetaren (Zaldibia 1767-1845) ikasle izan zen Jose Antonio Olano (Zaldibia 1821 - Ordizia 1882). Haren ikasle aritu zen Jose Lorenzo Pujana (Ordizia 1868 - Donostia 1947) eta bere seme Kandido Pujanaren (Ordizia 1905 - Donostia 1985) ekimenez sortu zen Goizaldi dantza taldea 1948an. Beraz, urteurreneko bi ekitaldi beren arbasoen herrietara eman nahi izan dituzte, Ordiziara eta Zaldibiara.
Larunbat honetan, martxoak 25, Goizaldik Eta Ordiziako Amets Bide taldeak ezpata-dantza kaleratuko dute. Pujanaren jaiotetxearen parean dantzatu ondoren, bi taldeek plazan emanaldia eskainiko dute. “Ordiziko Udalarekin kontaktuan jarri ginen aurrena eta ondoren, bertako Amets Bide taldeak ere ekitaldian parte hartu nahi zuela adierazi zuen", dio Iparragirrek. Pasa den larunbatean elkartu dira bi taldeak Ordizian elkarrekin entseatu eta dena lotzeko, 60 bat dantzari eta musikari batuko dira.
Urteurrenaren urte osoko egitaraua, berriz, Zaldibian itxiko dute, “Iztuetak bere horretan jasotako dantzen bueltan ibiltzen garenez gero, omenaldi txiki bat egingo diogu eta Iztuetaren jaioterrian bukatu nahi dugu urteurrena”. Ideia hori da, baina oraindik zehazteke eta egunari forma emateko dutela esan digu Iparragirrek.
Azken 25 urteen dokumentazioa
Erakusketa, liburua eta dokumentala kaleratuko dituzte iraila-urria bitartean. Irailaren 15etik urriaren 15era erakusketa antolatuko dute Okendo Kultur Etxean, “helburua da azkenengo 25 urteetako Goizaldiren ibilbidea azaltzea, beti aipamena eginez Goizaldiren historiari, gure herriko dantzen erreferente izate horri". Taldearen kokapen historikoarekin batera azken 25 urteetako oroigarriak, sariak, dokumentuak, argazkiak... jasoko dituzte. Eta osatzen ari diren dokumentala ere proiektatuko da.
“Dokumentala martxan dago. Irakasle esanguratsuenekin jarri gara kontaktuan eta adostua dago bakoitzak ze gairi helduko dion. Orain grabazioak eta edizioa faltako lirateke”. Iparragirreren arabera maiatzean astekoak dira grabazioarekin eta irailerako bukatzea aurreikusten dute. Dokumentalaz gain, 25. eta 50. urteurrenetako liburuei segida emanez, orain, 75. urteurrenekoa argitaratuko dute, “azken hogeita bost urteetako laburpena eta urte horietako protagonisten testigantzak bilduko dira”.
Ospakizunak urte osoan zehar
Otsaileko ezpata-dantzarekin hasi eta azaroko Zaldibiako ekitaldiekin amaitu dituzte ospakizunak, baina urte osoan zehar banatu dituzte ekitaldiak. Propio urteurrenerako antolatu dituzte batzuk edo urteroko egutegian seinalatuak dituzten jardunei ukitu berezia eman diete. Udal korporazioarekin plazaratzen duten San Joan bezperako soka-dantzan esaterako, Boiseko Oinkari dantza taldeko dantzariak izango dira, “orain dela bost urte Boisera joan ginen. Oso harreman polita egin genuen eta sokara gonbidatuko ditugu”.
Maiatzaren lehenean Goizaldik Euskal Herriko hainbat dantzen emanaldia eskainiko du Bizkaiko Gaztedi, Arabako Adurtza, Lapurdiko Begiraleak eta Otsagabiko (Nafarroa) dantza taldearekin batera Victoria Eugenia antzokian; eta apirilaren 4an ikuskizun horren inguruko aurkezpena eta solasaldia izango da. Urtero moduan, abuztuan, Aste Nagusian Konstituzio plazan eskainiko dute emanaldia. Bestalde, Donostiako Euskal Jaia antolatu eta gidatuko dute irailaren 9an, eta urteurrenaren aitzakian Euskal Herriko Dantzari Eguna Gipuzkoako hiriburuan izango da urriaren 7an.
Goizaldiren 75. urteurreneko ekitaldiak
Otsailak 2, osteguna
- Omenaldia Grosen taldearen sorreraren 75. urteurrenean. Ezpata-dantzarien prozesioa Goizaldiko egoitzatik Grosera. Euskadi plazan 75. urteurreneko oroigarriaren ezarpena eta ezpata-dantza.
Martxoak 25, larunbata
- 12:00 Ordiziako omenaldia. Amets bide taldearekin batera ezpata-dantza Kandido Pujanaren jaioterrian.
Apirilak 4, asteartea
- 19:00 Victoria Eugeniako Aretoan, Goizaldik maiatzaren 1ean Victoria Eugenia antzokian eskainiko duen dantza emanaldiaren inguruko aurkezpena eta solasaldia.
Maiatzak 1, astelehena
- 19:00 Victoria Eugenia antzokian emanaldia. Bizkaiko Gaztedi, Arabako Adurtza, Lapurdiko Begiraleak eta Otsagabiko (Nafarroa) dantza taldearekin batera, probintzia bakoitzeko jatorrizko euskal dantzen ikuskizuna.
Ekainak 23, ostirala
- 19:00 San Juan bezperako soka-dantza. Boiseko Oinkari dantza taldeko dantzariak izango dira sokako gonbidatuak. Udaletxeko korporazioa.
Abuztuak (eguna zehazteko)
- Aste Nagusiko emanaldia konstituzio plazan. Dantzari eta musikari ohiekin batera urtean zehar egingo den emanaldi bereziena izango da. EITBk grabatu egingo du.
Irailak 9, larunbata
- Arratsaldean, Euskal Jaia 2023. Donostiako dantza taldeekin batera Goizaldik gidatutako jaialdia antolatuko da.
Irailak 15 - Urriak 15
- Goizaldi Dantza Taldearen historia errepasatuko duen erakusketa Okendo Kultur Etxean.
Urriak 7, larunbata.
- 18:00 Euskal Herriko Dantzari Eguna, Donostian. Goizaldiren 75. urteurrenaren harira, ospakizuna Gipuzkoako hiriburura ekarriko dute Goizaldi dantza taldeak eta Euskal Dantzen Biltzarrak.
Azaroan (zehatzeko)
- Bazkideen urteko bazkaria. Goizaldiko dantzari, musikari, dantzari-ohi, musikari-ohiek urteroko bazkaria egingo dute.
Azaroak 26, igandea
- Zaldibiako omenaldia.
Dokumentuaren akzioak