Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ezpata-dantzarien bilgunea izango da igandean Iurreta

Dokumentuaren akzioak

Ezpata-dantzarien bilgunea izango da igandean Iurreta

2017/09/21 09:15
Ezpata-dantzarien bilgunea izango da igandean Iurreta

Ezpata-dantzari Eguna 2016, Izurtza, 2016-09-10. Argazkia: Eire Vila-dantzan.eus CC-BY-SA

Aurtengo Ezpata-dantzari eguna Iurretan izango da irailaren 24an. Gerediaga Elkarteak, Durangaldeko dantza taldeek eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak elkarlanean antolatutako egunaren helburu nagusia dantzari-dantza ezagutzera eramatea da, baita Durangaldeko dantzarien urteko topagunea izatea ere. Aurtengoan, Durangaldeko 11 dantza taldek hartuko dute parte: Iurretatik lau talde, Izurtza, Garai eta Mañaritik talde bana, Berriztik Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeak eta Durangotik Txoritxu Alai eta Kriskitin dantza taldeak.

Mende erdia

Orain dela 50 urte ospatu zen lehengo aldiz Ezpata-dantzari Eguna, hain justu, 1967ko irailaren 24an, Iurretan izan zuen hura ere. 1960ko hamarkadan dantza horiek ez zeudela garairik onenean azaldu du Gerediaga elkarteak, "zenbait taldek ez zituen ezagutzen dantzari-dantza osatzen duten bederatzi dantzak".

1. Ezpatadantzari eguneko kartela
1967ko Ezpata-dantzari eguneko kartela. Irudia: Gerediaga Elkartea artxiboa

1965ean Gerediaga elkartea sortu zen eta elkarteko bazkideek proposatu zioten Gerediaga Elkarteko batzar nagusiari, Ezpata-dantzari Eguna izenarekin, dantzarien arteko jai egun bat ospatzea. Proposamena onartu eta, esan bezala, 1967ko irailaren 24an lehenengo Ezpata-dantzari Eguna ospatu zen. Meza ondorenean, Durangaldeko dantza taldeak batu ziren Iurretako plazan eta eskualdeko dantzari-dantza dantzatu zuten.

Gerediaga elkarteak erabaki zuen urtero herri batean, dantzarien topaketa antolatzen jarraitzea. Debekuak eta dantza taldeen ahuleziak zirela eta, urteren batean edo bestean ez da antolatu jaia, baina aurten 48. aldiz antolatuko da 50 urteko ibilbidea duen dantzarien festa.

Egitaraua

Irailak 24 igandea

  • 12:30ean, dantzarien kalejira, Aita San Migel plazatik Iurretara eta buelta.
  • 13:00etan, dantzari-dantza eta soka-dantza edo erregelak Aita San Migel plazan.
  • 15:00etan, herri bazkaria Askondo aterpean. Ondoren, erromeria eta kalejira Iurretan zehar.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.