Dokumentuaren akzioak
Ezpata-dantzak San Migeletan, Xemeindik Igantzira eta Iurretatik Ontariora
Ontarioko (Oregon, AEB) Euskal Etxeak euskal festa berezia antolatu du asteburu honetan San Migel egunaren inguruan. Txapela eta abarketa jaurtiketa lehiaketak, irritzi txapelketa, sokatira eta patata tortilla lehiaketaz gain musika emanaldi berezia izango dute Kalakan taldearekin, eta Ontarioko euskal ezpata-dantza estreinatuko da. Lisa Corcosteguiren gidaritzapean, Ontarioko euskal etxeko dantzariek Mikel Deuna ospakizunerako propio prestatutako ezpata-dantza plazaratuko dute, datozen urteetan ere Ontarion St. Michael Festivalean dantzatzeko asmoz.
Igantzin ezpata-dantza ere San Migel egunez egiten da. Goizean goiz hasiko dira herriko karriketan gora eta bera ezpata-dantzariak, lerro bat urdinez apainduta, bestea gorriz, txistularien erritmora ezpata-dantza eginez. Meza nagusiaren ondoren bandera dantzatuko dute, eta segidan Igantziko ezpata-dantzarien saioa. Ezpata-dantzez gain soka-dantza Iruran, paloteadoa Cortes-en, dantzari-dantza, gorulariak eta soka-dantza Iurretan... Hona San Migeletako dantzen gidatxo bat:
Iurreta: Dantzari-dantza eta erregelak
Irailak 28, larunbata
- 18.00etan Doniel Hatxa jarri herriko plazan eta dantzarien azken ensaioa.
Irailak 29, igandea
- 10.30ean Dantzarien eta Agintarien kalejira plazaraino
- 11.00etan Meza Nagusia. Ondoren Dantzari-dantza eta Gorulariak.
-
19.00etan Dantzari-dantza eta Nesken soka-dantza.
Markina-Xemein: Ezpata-dantza, aurreskua eta mahai-gainekoa
Irailak 29, igandea
- 11:00etan Meza nagusia Arretxinagako baselizan
- Ondoren Zerutxu dantza taldeak Xemeingo ezpata dantza eta aurreskua eskainiko ditu.
- 22:30ean Mahai-gainekoa egingo du Zerutxu dantza taldeak.
Igantzi: Ezpata-dantza
Irailak 29, igandea
- 10:30ean hasita, txistulariak eta ezpata-dantzariak kaleetan.
- 11:30ean Meza Nagusia. Ondoren Bandera Agurra plazan eta ezpata-dantzarien saioa.
Cortes: Paloteadoa
Irailak 29, igandea
- 18:30etan Paloteadoa eta dance-a Cortesko Udal paloteadoreen taldearen eskutik eta Tuterako Gaiteroekin.
Irura: dantza-soka
Irailak 28, larunbata
- 13:00ean dantza-soka San Migel Plazan.
Ontario (AEB): ezpata-dantza
Irailak 29, igandea
- 13:30 Saint Michael prozesioa Moore Park-etik Basque Center-era.
- 14:00 Mikel Deunaren ezpata-dantza Euskal Etxean.
Dokumentuaren akzioak
Duela ez asko, 2-3 urte, jakin izan nuen Igantzin ezpata-dantza bat bazela. Gaurkoarekin 3 argazki ikusi ditut tarte horretan. Misterio bat da niretako, ze Lesaka edo Berakoen tankera hartzen diot, baina ez dut bideorik edo zuzenean ikusterik izan.
Inork ba al du beste erreferentziarik?
San Migel egunez egiten dituzte dantzak Igantzin. Ezpata-dantza eta Makil-dantza bat behintzat.
(http://www.flickr.com/[…]/ eta http://www.flickr.com/[…]/)
Goizeko 10:00etan karriketan barna buelta ematen duten txistulariek eta ezpata-dantzariek. Geroxeago, Udalbatza, ezpata-dantzari eta txistulariekin batera herriko bandera aitzinean dutela Herriko-Etxetik elizara abiatzen dira meza nagusia entzutera. Mezaren ondotik bandera arbola egiten dute plazan eta ezpata-dantzariek haien saioa egiten dute ondotik.
Bitxia iruditu zait, neskek duten partehartzea. Izan ere ezpata-dantzarien ondoan egiten baitute herriari buelta, kastañuelak joz eta ezpata-dantzarien ezpaten artetik dantzatuz.
http://www.flickr.com/[…]/
Iosu Royori Igantziko Amadeo Arretxea txistulariak esan dionez, 1936. urteko gerra aitzineko zenbait informazio eta datu zituzten bilduta Igantziko dantzen inguruan, baina gaur egun egiten dituzten hauek berritik sortuak dira ez oso aspaldi. Gutxienez 2008. urtetik egiten dute Ezpata-dantza eta Makil-dantza Igantzin.
Ederra litzateke bertakoren batek datu zaharrei buruzko eta dantza berrien sortze prozesuari buruzko artikulotxo bat eginen balu. Ia animatzen diren!
(Argazkiak: Oskar Txoperena)